- Donostiako Udako Ikastaroetan parte hartu zuen atzo Jose Maria Ordovas Tufts Unibertsitateko (AEB) Nutrizio eta Genetika Laborategiko katedradun eta zuzendariak eta hark adierazi zuenez, “agian” konfinamendu ez hain “gogor” batek ez omen zuen gero etorri den “ihesaldi-nahi” soziala eragingo; eta Estatuan orain gertatzen ari den berragerpen “hain aurreratua” akaso mugatuagoa izango omen zen. Ordovasek zuzentzen duen 15 zientzialariz osatutako aholkulari taldeak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarentzat lanean dihardu COVID-19aren krisialdi honetan.

Zaragozako irakasle ospetsuaren ustez, estatuan “ondo jardun zen konfinamenduarekin”, baina “agian ez zuen hain zurruna izan behar, sektore batzuetan bereziki, ihes egiteko nahia eragin zuelako, eta pandemiaren bilakaeran pairatzen ari garen olatu aurreratu hau mugatzeko”. Birusaren ezagutza zientifikoari dagokionez, “erabateko iluntasunetik ateratzen ari gara, baina ilunpean jarraitzen dugu”, aitortu zuen Ordovasek bere hitzaldian.

Txertoei dagokienez, Nutrizioan eta Genetikan katedradunak garbi esan zuen “albisteak baikorrak” direla, baina “arrazoi politiko eta ekonomikoetan oinarritutako baikortasuna da, ez hainbeste oinarri zientifikoetan funtsatutakoa”. “Behar bezala funtzionatzen duten, eta zeintzuk funtzionatzen duten jakiteko hilabeteak beharko dira oraindik, eta, nire ustez, populazio orokorrera banatzen hasterako urtebete”, iragarri zuen.

“Bost edo hamar urte behar izaten dituen zerbait bospasei hilabetetan lortu nahi dugu”, azpimarratu zuen. Gainera, lan hauetan “presaka ibiltzeak ez ditu emaitza onak ekarri izan”, nahiz eta onartu “historian zehar inoiz ez dela ikerketan une honetan bezain modu masiboan jardun”.