- Gipuzkoako adinekoen egoitzek egoiliarren kanpoko paseoak berriro hasiko dituzte gaurtik aurrera, "prebentzio eta higiene neurri guztiak zorroztuz eta une oro espazio jendetsu edo itxiak saihestuz".

Gizarte Politikako Foru Departamentuak uztailaren 18an mugatu zuen adinekoak zentroetatik irteteko aukera, gure lurraldean izandako kutsadura kasuen aurrean; erabaki berri horren berri atzo eman zuten ohar baten bitartez, Eusko Jaurlari-tzako Osasun Sailarekin kontsultatu eta aztertu ondoren.

Irteerek hainbat baldintza bete beharko dituzte: ibilaldi horiek ordu eta erdiko iraupena izango dute gehienez, eta egoiliarrek FFP2 maskara jantzita eraman beharko dute; gainera, "aire zabaleko espazioetan eta egoitzatik gertu" ibili beharko dute.

Beraz, ibilaldi edo paseo horien helburua beti izango da "nagusiki terapeutikoa", eta adinekoek bakarka edota profesionalek zein hurbilekoek lagunduta egin ahal izango dituzte, betiere "prebentzio eta higiene neurri guztiak" hartuta eta "espazio jendetsu edo itxiak" saihestuz.

"Alerta iraunkorrean gaude", aitortu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak. Bere esanetan, "testuinguru orokorraren bilakaera txarrak eta kasuen gorakadak zuhur jokatzera garamatza, udalerri jakin batzuetan prebentzio ekintzak sustatzera, aldez aurretik eta azkartasunez jardun ahal izateko".

Gizarte Politikako Departamentuak argi utzi du ezingo direla inolaz ere paseo horiek egitera irten COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituztenak, eta berrogeialdian edo isolamenduan dauden erabiltzaileak. Era berean, bizikidetza-unitatean sintomak dituzten familiek ez dute bisitarik egiterik izango, ezta ibilaldietan senideei laguntzerik ere. Kanpora irten aurretik, eta betiere egoitzak berak zehaztuko duen ordutegi araubideari jarraituz, laguntzaileen datuak erregistratuko dira. Laguntzaile horiek beren senitartekoa edo hurbilekoa zentrora sartu gabe jasoko dute, eta prebentzio neurri guztiak zain-tzeko konpromisoa azaltzen duen dokumentu bat sinatu beharko dute.

Zentrora itzultzerakoan, tenperatura, eta eskuetako eta oinetakoen higienea kontrolatuko dira, eta gurpil aulkien, bastoien eta euskarri elementuen higienea zorrotz zainduko da.

Aldundiak gune irekietan eta jende gutxi ibiltzen den lekuetan paseatzea gomendatu du, "ospakizunak, espazio itxiak edota jende asko ibiltzen den guneak saihestuz".

Beren egoera fisiko edo kognitiboagatik norbaiten laguntza behar duten egoiliarren kasuan, haiekin joaten direnek indarreko araudian aurreikusitako prebentzio eta higiene neurriak zurrun bete beharko dituzte.

Bestalde, Foru Aldundiak iragarri duenez, Osasun Sailarekin egoera epidemiologikoa sakon aztertu ondoren, gaurtik aurrera Zarautz, Orio eta Eibarko adinekoentzako eguneko zentroak ireki ahal izango dira, udalerri horietan izandako kutsadura-agerraldien ondorioz itxita baitzeuden.

Erabaki berdina hartu da Eibarko eta Zarauzko ezinduentzako eguneko zentroekiko, eta bihar bertan irekiko dituzte ateak.

Halaber, Aldundiak Elgoibarko adinekoentzako eguneko zentroa itxita mantentzea erabaki du, "prebentzio arrazoiak medio", udalerri horretako datu epidemiologikoak aztertu ostean. Arrazoi berberengatik, Mutrikuko eguneko zentroaren itxiera prebentiboa ere ezarri da.

Bi udalerri horietako adinekoen egoitzek mugatuta izango dute kanpora irteerak egiteko aukera, bestelako agindua eman arte.

Aldundiak, Gipuzkoako zerbitzu eta gizarte-baliabideetan COVID-19ari aurre egiteko eta birusaren aurrerapena denbora errealean zaintzeko Zaintza eta Alerta Sistemaren testu inguruan, 1.635 PCR prebentibo egin ditu azken aste honetan -abuztuaren 3tik 10era bitartean.