Koronabirusaren pandemiaren ondorioz mugak itxi zituztenean, Europa bergantinean zegoen Maria Intxaustegi Molina urpeko arkeologo eta ontzi-historialari donostiarra, Ushuaiako uretan Antartikarako bidaia batean espedizio gidari lanetan. Lehorreratzerik izango ez zutela jakitean, harrapatuta, Eric Kesteloo kapitainak erabaki bat hartu zuen: "Bagoaz. Holandara itzuli behar dugu". Martxoaren 24a zen. Belaontzian eta eskalarik gabe, 81 egun eta 10.000 milia ondoren iritsi zen tripulazioa Atlantikoaren beste puntara, Scheveningeneko portura.Otsailean izan zuten koronabirusaren berri hamabi nazionalitatetako 19 nabegatzaileek. "Gure lehentasunak bestelakoak ziren erabat: haizeak, iragarpen meteorologikoak eta nabigazioa", gogoratu du Intxaustegik. Ez ziren askorik jabetzen itsasontzitik kanpo gertatzen ari zenaz. "Martxoaren 17an lehertu zen guztia. Suaren Lurraldean berrogeialdia deklaratu zuten eta gu Ushuaian porturatuta geunden: ezin genuen hankarik ipini ontzitik kanpora", azaldu du. Janari eta erregai adina zutenez, patxadaz aztertu zituzten aukerak. Negu australa gainean izanik eta Pazifikoko uharteetako portuak itxita zituztela, bueltatzea erabaki zuten.

"Atlantikoa hegoaldetik iparraldera zeharkatu genuen, latitudeak jaitsiz eta arropa-geruzak kenduz, tropikoetara iritsten ari ginen heinean; eta, hortik aurrera, berriro ere latitudez latitude iparralderantz, Europara, etxera", deskribatu du doktorego tesia amaitzen ari den arkeologoak.

Bidaia ez zen batere erraza izan. Ekaitzak ditu gogoan, adibidez: "Luze irauten duten behe-presioek akidura psikologiko izugarria eragiten dute, eta badakizu etsaiaren mende zaudela erabat". Lo hartzea ere amesgaizto bihurtzen zen egoera horretan. "Estoikoki aguantatu behar da, guardiaz guardia. Arropa guztiak blai eginda genituen eta guztioi kiratsa zerigun", azaldu du.

Barealdia ere ez da desiragarria belaontzi batentzat. "Maiatzaren 28an, antizikloiaren epizentroan, kapitainak motorrak pizteko eta belak biltzeko agindua eman zuen", kontatu du Antxustegik. Guztira 7.500 milia baino gehiago nabigatuta zituzten, ia latitude guztiak zeharkatuta. "Nolabaiteko tristuraz bildu bagenituen ere, bela koadratuak gabietan gordetzen ari ginela ondotxo genekien erabaki zuzena hartu zuela", adierazi du.

Koronabirusaren aztarnarik ez, baina beste birus bat agertu zen bergantinean. Intxaustegiren esanetan, "gastroenteritisak jota geratu ziren tripulatzaile pare bat, eta jendea gogotik astindu zuen". Erdia baino gehiago onik egon arren, faktura pasa zieten egun horiek guztiek, egoera orokorrak eta, batez ere, etengabeko lan gogorrak. Bitartean, lehorrean zer gertatzen ari zen koronaegunkarian irakurtzen zuten, konpainiak astero-astero bidaltzen zien 15 eta 20 orrialde inguruko laburpenean. "Tripulazioko kideen herrialdeetan arreta berezia jartzen zen", esplikatu du urpeko arkeologoak.

Egunak aurrera joan eta iparralderantz nabigatu ahala, gero eta merkataritza-ontzi gehiago ikusten hasi ziren. "Eta zibilizaziora zenbat eta gehiago gerturatu, zaborra ere bai", zehaztu du. "Bidoi bat itsasoan galduta, arrantza-sare bat flotatzen, forma zehaztugabeko plastiko txikiak... Guk itsasora isurtzen dugun zaborra heriotza da, besterik ez. Zenbat itsas dortokek jan ote dute plastikozko poltsa bat karabela bat irensten ari zirelakoan!", kontatu du Intxaustegik bere aktibismo ekologikoa azaleratuz.

Ekainaren 16an lurreratu ziren. "Itsasoratzea ondo dago, baina baita porturatzea ere", aipatu du arkeologo donostiarrak. "Ikusgarria izan zen. Motorrez gindoazen, belak ondo bildurik eta guztia prest genuen porturatzeko. Hagako eraikin handiak ikusi genituen eta, halako batean, itsasontziak hasi ziren gerturatzen. Guregana zetozen, eskuak astinduz. Eta alboan jarri zitzaizkigun, babesa eskainiz badian sartzen ari ginela", oroitu du. Portura sartu zirenean, lurreko tripulazioa eta tripulazioko kideen senitartekoak zituzten zain, ongietorria emateko kartelekin.

María Intxaustegi Molina. Urpeko arkeologo eta ontzi-historialaria da, eta doktorego-tesia amaitzen ari da UPV/EHUn, Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Sailean.

Itsasoratzea. Doktorego-tesia amaitzen ari zela, Bark Europa-ren konpainia berarekin harremanetan jarri zen, proposamen batekin: askatasun guztia eman zioten nabigazio historikoari eta arakatze-bidaiei buruz dakien guztia transmititzeko eta, halaber, haien gabizain-tripulazioko kide izateko eskatu zioten.

81

Egun iraun du 10.000 miliako itsasaldiak etxera itzultzeko Ushuaiatik. Pandemiaren ondorioz mugak ixtean 'Europa' bergantinean zegoen Intxaustegi, Antartikarako bidaia batean. Lehorreratzerik izan ez zutenez, Atlantikoa zeharkatu zuten Holandarako bidean.