endaurrean eta kalean aurkeztu ohi izan dute orain arte Kilometroak jaiko abestia. Koronabirusak eragindako egoera bereziak, ordea, oztopatu egin du aurtengoan horrela izatea. Hala ere, teknologia baliatuta, atzo zabaldu zuten aurtengo kantua lau haizetara: Korri, Punpa, Ttak! izenekoa.

Kilometroak proiektuaren baitan, kantuak eta bideoklipak indar handia izaten dute. Aurten jaia urriaren 4an ospatuko da Amasa-Villabonan eta Zizurkilen eta dagoneko, leku horietan ez ezik, Gipuzkoa osoan hedatzeko ere prest dago abestia Facebook, Instagram, Twitter, YouTube, Soundcloud eta kilometroak.eus webgunean. Tamalez, aurten pixka bat gehiago itxaron beharko dugu bideoklipa ikusteko.

Jakina denez, aurten Zubimusu ikastola arduratuko da Kilometroak antolatzeaz, eta abestia ere ikastola horrekin zerikusi handia duten pertsonek sortu dute. Doinua Xabi Zubeldia tolosarrak egin du. Zubimusu ikastolako irakaslea da eta ibilbide zabala egin du musikagintzan, Akelarre taldean, esate baterako. Zubimusu ikastolaren abestia ere berak egina da eta Korri, Punpa, Ttak! kantua egiteko eskatu ziotenean, "ondo egitearen ardura" sentitu omen zuen.

Doinua sortzeko, 70eko hamarkada amaierako lehen Kilometroak jaien abestietako bateria eta baxuen soinuak bildu ditu eta teklatuak ere gehitu dizkio, soinu futuristak lor-tzeko. Gainera, logoa ere irudikatu nahi izan du abestian eta hori isla-tzeko, kantua hasi eta bukatu berdin egiten da, logoko borobila itxiz.

Zubeldiak ondorengo hauek izan ditu laguntzaile doinua sortzerakoan: Joxe Mendizabal programaketa eta grabaketa arduraduna, Xanet Arozena gitarra, Juanpa Agirre ahots nagusia eta Kamile Mendizabal haurren ahotsen grabaketa.

Bestalde, aurtengo Kilometroak jaiak bertsolaritzarekin duen lotura ikusita, Amaia Agirre bertsolari billabonatarrak jarri dizkio hitzak abestiari. Zubimusu ikastolako ikasle ohia da Agirre eta gaur egun, bertan irakasten du bertsolaritza. Gainera, Zubimusu ikastolako abestiaren hitzak ere bereak dira.

Zubeldiak osatutako melodiaren gainean josi ditu bere hitzak Agirrek eta umeek erraz ulertu, barneratu eta ikasteko moduko abestia sortu dute horrela, elkarlanean.

Gaur, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen aurkeztuko dute abestia, modu berezian: Pauxa maskota kabrioletean ibiliko da abestia plazaratzen, betiere, segurtasun neurriak errespetatuz eta autoaren inguruan jenderik pilatu gabe.

Doinua Zubimusu ikastolako irakasle den Xabi Zubeldia musikariak sortu du eta hitzak jartzeaz Amaia Agirre bertsolaria arduratu da