alerta mundial por el coronavirus

"Itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino"


19.05.2020 | 00:30

donostia – Itzulera mailakatuaren inguruan administrazio ezberdinek lege eta erabaki propioak hartu dituztela ikusita, Ikastolen Elkarteak ere planifikazio propioa garatu du eta atzo zabaldu zuen. Elkarteko ordezkariek aste hauetan egindako gogoetaren berri eman eta proposamen zehatzak ere azaldu zituzten.

"Maila guztietan, oro har, ikasleak zein irakasleak lanean ari dira. Nagusienen kasuan, lana eta jarraipena bermatuta daude, dagoeneko lanerako ohitura berriak barneratu dituzte eta ikasketa prozesuak antolatuta daude. Horiek horrela, itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino", aipatu dute ikastolek.

Errefortzua eta arreta behar dutenei eskaini egingo zaiela erabaki dute (telematikoki edo presentzialki). DBH 4n, Batxilergoko 1. eta 2. mailetan eta Lanbide Heziketan, ezohiko deialdiek berebiziko garrantzia izan dezakete eta beharrak identifikatu beharko dituzte ikastolek. Orientazioa ere landuko dute haiekin. Lanbide Heziketako tailer eta praktikekin lotutakoak bideratuko dira eta USE proba prestatzeko saioak egingo dituzte.

Bestalde, egoera soziolinguistikoak eragindako gabeziak bete eta premia bereziak dituzten ikasleei arreta eskainiko diete, baita ezohiko egoeraren ondorioz ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei ere.

Gainera, prebentzio planak osatuko dituzte ikastolek Osasun eta Hezkuntza sail eta departamentuek zehaztutako neurriei jarraituz, eta aurrez aurreko saioak antolatzerakoan baliatu beharko dituzte protokolo horiek.

Ikasle gaztetxoen inguruan ere proposamenak lantzen ari dira. Adibidez, "ikasturte amaiera goxatzeko ekintza puntualak egitea aztertu behar da".