agore Cid 29 urteko gizarte hezitzaile elgoibartarra da. Bera eta bere lagunek, konfinamendu garai honetan fabore kate bat martxan jartzea erabaki dute, "solidaritatea modan jartzeko" eta "frekuentzia positibo bat aktibatzeko" helburuarekin. Mimi Leder zuzendari estatubatuarrak 2000. urtean estreinatutako Cadena de favores pelikula du oinarri eta pertsona bakoitzak egiten dituen mesedeak azalduz, sare sozialetara #cadenadefavores2020 traolarekin bideo bat igotzea da ekimenaren funtsa.Hala ere, ez da egun batetik bestera sortutako ekimen soil bat; prozesu luze baten ondorioz jaiotako iniziatiba baizik. "Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoera aktibatu zutenean, komentatu zidaten gizarte langileak behar zirela etxerik gabeko pertsonen-tzako aterpetxeetan lan egiteko. Beraz, Atano III.a frontoira joan nintzen lanera, etxegabeentzat aterpe gisa egokitu baitzuten", azaldu dio egunkari honi Cidek.

Atano III. frontoiko aterpetxea Donostiako gizarte zerbitzuetara dedikatzen den Arrats elkarteak gestionatzen du eta hasieran 80 pertsona inguru bildu ziren han, nahiz eta ondoren jendea toki desberdinetara bideratzen hasi ziren.

"Han ikusi nuen errealitatea beldurgarria izan zen, elurra egin zuen egun batean batzuk kalean geratu behar izan zuten gaua pasatzen. Gobernutik edo goitik etxetik ez irteteko mezua bidaltzen dute, baina etxerik ez dutenek zer egin behar dute?", galdegin du Cid-ek. Egoera horren aurrean, lagunekin ados jarri eta Elgoibarko Udalari herriko Santa Klara komentua irekitzeko eskaera egin zioten. Komentua 2018. urtean itxi zuten eta orain etxerik ez duten pertsonentzako aterpea izatea da Cid eta bere lagunen helburua.

"Elgoibarko Udalaren erantzuna hasiera batean ezezkoa izan zen, justifikatuz Elgoibarren ez dutela atzeman pertsonarik kalean eta Santa Klara komentuak ez dituela etxegabeak hartzeko gutxieneko segurtasun eta osasun baldintzak betetzen", azaldu du Cidek.

Horri erantzun bat emateko asmoz, Change.org plataformaren bidez komentua irekitzeko herritarren 812 sinadura bildu zituzten. "Gainera, erantzun bat eman genien esanez Atano III.a ere bi egunetan jarri dela martxan. Ez da behar ikaragarrizko instalakun-tzak edukitzea, baizik eta espazio bat egokitzea; eta gogoa baldin badago eta laguntzeko prest bagaude, posible da gauzak egitea", adierazi du.

Egindako guztiaren ondoren ere Elgoibarko Udalak ez zuen onartu Santa Klara komentua zabaltzea. "Politika egituratuta dago eta norbaitek herritar gisa zerbait proposatu arren, goikoek ez badute erabakitzen beharrezkoa dela edo egin daitekeela, ez da egiten eta listo", deitoratu du.

Beraz, Udalak zerbait egiteko zain egon beharrean, herritar moduan zerbait proposatu zezaketela pentsatu zuten. "Hortik dator mesede kateko ziklo bat egiteko ideia. Zortzi bat lagunen artean sortu dugun ekimena da, kuadrillako lagunak gara, betiko lagunak", azaldu du Cidek.

"Helburua frekuentzia positibo bat aktibatzea da eta solidaritatea modan jartzea. Utopikoa dirudi, baina sare sozialetan zabaltzen diren erronkak eta bideoak ikusi ondoren, zergatik ez dugu jartzen erronka gisa horrelako zerbait egitea?", dio. Horretarako, ekimena azaltzen duen bideo bat partekatu dute sare sozialetan. Lehenik eta behin, Cadena de favores pelikula ikusteko gonbita luzatzen dute eta jarraian, bakoitzak beste pertsona batzuei mesedeak egitea.

"Pelikulan bertan hainbat ideia agertzen dira mesedeak egiteko eta bideoan esaten dugu fabore bat handia izan behar dela, baina txikitasunetik ere gauza asko egin daitezke", adierazi du Cidek. "Adibidez, lehengoan lagun batek deitu zidan telefonoz esanez supermerkatura joan zela ogia erosi nahi zuelako eta ez zegoela ogirik, agortu egin zelako. Beraz, kaxara joan zen eta hiru ogi zeuzkan emakume bat ikusi zuen. Ogia nondik atera zuen galdetu zion badaezpada, agian berriz atera zutelako, eta emakumeak erantzun zion azken hirurak hartu zituela. Momentuan ez zen ezer gehiago gertatu, baina nire laguna supermerkatutik atera zenean, emakumea zain zegoen kanpoan berari ogi bat emateko", gehitu du.

Konfinamendu garai honetan etxean gaudenez, agian norbaiti ezin duela fabore handirik egin irudituko zaio. "Baina telefono dei soil batek ere asko egin dezake", nabarmendu du. Beraz, Cid eta bere lagunek luzatu duten proposamena #cadenadefavores2020 traolarekin sare sozialetara bakoitzak beste pertsonei egindako mesedeak azaltzen dituzten bideoak igotzea da, "batez ere beste batzuei ideiak emateko eta kate horrek aurrera jarraitzeko".

"Gogoa baldin badago eta laguntzeko prest bagaude, posible da gauzak egitea"

Ekimenaren sortzaileetako bat