Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa 1987an sortu zen eta sorreratik, sufrimendu egoera batean inor bakarrik ez aurkitzea izan da helburua. Alarma-egoera honetan COVID-19ari aurre egiteko konfinamendua ezarri zutenetik bi aste pasa dira. “Dei gehiago jasotzen ari gara, baina ez uste genuen bezainbeste. Gutxi gorabehera, hamar-hamabi lagunek deitzen dute egunean”, azaldu zion atzo egunkari honi Maribel Pizarro psikologoak eta, aldi berean, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren zuzendariak.

Egoera desberdinetarako balio duen telefonoa da. Adibidez, bana-tzen ari den bikote bateko kide batek dei dezake arazoren bat daukalako; beste norbaitek inguruko pertsona bat hil ondoren haren hutsunea sentitzen duelako deitzen du edo, besteren batek tratu txarrak jasaten dituelako ere bai. “Deitzeko arrazoiak anitzak izan daitezke”, adierazi zuen Pizarrok.

Konfinamendu egoera honetan, “mota horietako arazoak” dituen jendea ari da deitzen, baina baita etxean egon beharrak “antsietatea eta estutasuna” eragiten dielako ere: “Adibidez, atzo dei berri bat jaso genuen emakume gazte batena. Haur txiki bat dauka eta oso larrituta dago ezin duelako etxetik irten. Gainera, bere bikotekideak ere ez dio asko laguntzen… emakume horrek denbora guztian egon behar du haurrarekin eta kalera ezin ateratze horrek larritasun handia eragiten dio”, azaldu zuen Pizarrok. Bere iritziz, ziur aski bikote-harremaneko arazo bat da; baina, horrez gain, konfinamenduak kezka sor-tzen dio emakumeari, “ezin duelako zirkulu horretatik atera”.

Hala ere, Gipuzkoako Itxaropen Telefonora deitzen duen jendearen adina batezbeste 60-65 urtekoa da. “Adin tarte horretan dago jende gehiena. Bakarrik bizi diren pertsonak dira eta ez dutenak laguntza handirik jasotzen. Hori oso perfil indartsua da deitzen digutenen artean”, zehaztu zuen zuzendariak.

Izan ere, lehen gutxienez, pertsona horiek paseo bat ematera irten zitezkeen edo baita jubilatuen etxeetara joan ere, esaterako. “Baina orain, bat-batean, ezin dute etxetik irten eta denbora guztian bertan daudenez, oso estututa sentitzen dira”, azaldu zuen Pizarrok.

Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa estutasun egoeran dagoen jendeari laguntza emozionala, konpainia eta informazioa emateaz arduratzen da. Horretarako, talde handi bat du elkarteak: Maribel Pizarro zuzendaria, Maite Gonzalez koordinatzailea eta gizarte hezitzailea eta 28 pertsonez osatutako boluntario taldea. “Talde horretan boluntario lana egiten duten lau emakume psikologo ditugu; baina badago jendea ogibide zehatzik ez duena: ingenieroren bat, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, medikuren bat, irakasleak… nahiko talde anitza da”, zehaztu zuen zuzendariak.

Batez ere laguntza emozionala eskaintzen dute, behar duenari en-tzun eta konpainia eginaz. Hala ere, egoera berezi hau dela eta, Gipuzkoako udaletxe batzuekin kontaktuan jarri da elkartea: “Uneren batean etxetik atera ezin diren helduek beraiei deitzea behar badute, udaletxeekin batera zerbitzu hori eskaintzeko prest gaude. Jendeak guri deitzeko itxaroteaz gain, guk ere haiei deituko diegu behar izanez gero”, azaldu zuen.

Jendeak, normalean, egunean behin deitzen du Gipuzkoako Itxaropen Telefonora. Hala ere, konfinamenduaren lehenengo zatia igaro ondoren ezinegon maila “nahiko altua” denez, goizean dei bat egin eta arratsaldean beste dei bat egiteko aukera ezarri du elkarteak.

“Uste dugu lehenengo zatia izan denez, gauzak oraindik nahiko lasai daudela. Hala ere, denbora aurrera doan heinean jendea okerrago sentitzen hasi eta gehiago deituko digula uste dugu”, esan zuen Pizarrok.

Egoera honen aurrean, txandak bikoiztu dituzte. Lehen pertsona bakarrak egiten zuen lan txanda bakoitzean eta orain, berriz, bi boluntario daude txandako. Beraz, norbaitek 900 840 845 zenbakira deitzen badu, lanean ari diren bi boluntarioei iritsiko zaie deia, lagun-tza ematea errazagoa izan dadin.

Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa (900840845) 1987an sortu zen, sufrimendu egoera batean inor bakarrik ez sentitzeko helburuarekin

Koronabirusaren ondorioz sortutako alarma-egoera honetan txandak bikoiztu dituzte eta bakoitzean bi boluntario ari dira lanean