BAIONA. Egoitzarik gabekoei aterpea, janaria eta garbitzeko aukera emateko Atherbea elkarteak kudeatzen dituen bi gune zabaldu dituzte Baionan Lauga kiroldegian eta Miarritzen Rotary aldean.

Atharratzeko 66 urteko gizon batek bizia galdu du koronabirusa eta lehenago zituen patologia aini-tzengatik. Ipar Euskal Herrian zenbat kutsatu dauden eta gaitza nola harrapatu duten ez dute zehazten osasun arduradunek. Krisia hasi zenetik Pirineo Atlantikoetako datuak eskaintzen zituzten eta joan den asteburutik Akitaniakoak baizik ez dituzte jakinarazten.

Tantaka zenbait kasu agertzen dira, halere, tartean Baionako erietxean arnasa hartzeko lagun-tza ematen dioten autobus publikoen 39 urteko gidari batena. Chronoplus sarean segurtasun neurriak indartu eta autobusak maiz desinfektatzen dituzte. Halaber, txartelik ez dute gehiago saltzen ibilgailuetan eta langileek ez dute gehiago inolako harremanik bidaiariekin. Ohiko eskaintzaren %34 baizik ez dute bermatzen egunotan. Dena den, bidai bereziak proposatzen dituzte Lapurdiko hiriburuko osasun gune desberdinen artean bertan lan egiten duten profesionalen mugimenduak errazteko.

Bestalde, hiru lagun artatzen dituzte Baionako erietxeko zainketa berezien sailean. Harambillet zahar etxean lau kasu agertu dira: adineko bi emazte eta bertako bi profesional. Baionaldeko beste zahar etxeetan ahalegin guziak egiten dituzte birusa sar ez dadin. “Kasu susmagarriak izan ditugu baina azkenean negatiboak izan dira” dio etengabeko borroka daraman zuzendari batek.

Kasu gehienak hamar egunen buruan agertuko direnez azpiegitura zabala prestatzen dute Donapaleuko ospitale eta Baionako Belharra klinikan. Eskularruak eta plastikozko babesak bezalako baliabideak falta dituztela deitoratu du Euskal Irratietan Maitena Xohobigarat medikua behe nafarrak. “Telekontsultak edo telefono deiak hartzen ditugu; eta larrialdiak ez kolapsatzeko Covid zentro aintzinatuak zabalduko dituzte laster Baigorri, Donibane Garazi, Maule, Donapaleu eta Kanbon. Dena den bertan ez dela testarik eginen” azpimarratu du sendagile gazteak.

Osasungin-tza eta saltokietako profesionalek gaitzarengandik babesteko maskarak falta dituztela eta, zenbait lagun oihalezko maskarak josten hasi dira. Adishatz Capbretongo jantzi markarentzat lan egiten duten sei lagunek oihalezko 300 babes josten dituzte egunero. “Behar dutenen esku gogotik uzten ditugu garai latz honetan bakoi-tzak bere harria ekarri behar duelako” dio Jean Luc Lagrave Adishatz enpresaren buruak. Herritar soilek ere gauza bera egiten dute. “Alabak osasungintzan lan egiten duenez zenbait gailu josi ditut eta gure herriko supermerkatuko kutxan lan egiten duen langile bati ere eskaini diot” dio Mariek.

Donibane Lohizune eta Baionako auzoetan bost azoka bertan behera utzi dituzte eta Lapurdiko hirinagusiko erdialdean dagoen azoka nagusia baizik ez da zabalik egonen oraingoz. Miarritzeko udalak bakarrik bizi diren herritar nagusien zerrenda eguneratu du zainketa bereziak egiteko beroaldiak gertatzen direlarik bezala.

Eraikuntzako lantegi askok ateak hetsi eta langileak etxera igorri dituzte. “Langileen osasunari lehentasuna ematea ados daude sektoreko hiru batasunak. Hobe da gure jarduera behin behinean gelditzea ezin baititugu neurri guziak bermatu” diote Véronique Fournier eta Jean Jacques Etxeberri hargin azkaindar eta muskildiarrak. Miarritze eta Paueko aireportuak eta Hendaian Euskotrenek dituen geltokiak ere hetsi dituzte jakina ez den epe batentzat.

Kulturgintza geldirik dagoen garai honetan, Beasaingo taldearen ideia jarraituz Zirikolatz Senpereko euskal dantza taldeak CoviDantza moldatu eta sarean hedatu du. Lapurdiko taldearen 40. urtemuga joan den asteburuan ospatu behar zuten baina azkenean urrira atzeratu dute. “Eman behar genuen Dantz’Hari ikusgarria prestatzeko azken hilabeteak elgarrekin igaro ditugu ikastaroak eginez astero. Bat batean dena behera erori da”. Hogeita lau orduko epean 2.000 lagun baino gehiagok ikusi dute sarean Ipar Euskal Herriko tokiko telebistek ere hedatuko duten Zirikolatz taldearen CoviDantza.