Guadi Galego, Errealitate Eleanitza Sustatzeko Sariaren irabazlea

Abeslari galiziarraren azken diskoan zazpi hizkuntzatan egindako kantak daude

21.02.2020 | 01:38
Guadi Galego, Euskadi, Nafarroa, Katalunia, Galizia, Valentzia eta Balear Uharteetako hizkuntza politikarako arduradunekin.

madril – Pasa den azaroan, Euskadi, Nafarroa, Katalunia, Galizia, Valentzia eta Balear Uharteetako gobernu autonomoek Espainiako Estatuko Errealitate Eleanitza Sustatzeko Sariaren irabazlea iragarri zuten: Guadi Galego, Inmersion izeneko bere azken diskoarengatik. Lan horretan Penintsulako zazpi hizkuntzatan egindako abestiak daude (galiziera, euskara, katalana, aranera, asturiera, portugesa eta gaztelania), horietako batzuk hizkuntza-komunitate ezberdinetako sortzaileekin batera eginak.

Artista galiziarrak atzo jaso zuen aintzatespena Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, emanaldi berezi batean. Ilaski Serranok aurkeztu zuen ekitaldia, eta sei gobernuetako hizkuntza politikarako arduradunak bertaratu ziren: Mikel Arregi, Euskarabidea/Nafarroako Gobernuko Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendaria; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Valentín García, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Rubén Trenzano, Hizkuntza Politikarako eta Kudeaketarako zuzendari nagusia; Agustina Vilaret zein Beatriu Defior, Balear Uharteetako Unibertsitate, Ikerketa eta Hizkun-tza Politikako idazkari autonomikoa eta Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; eta, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Azken honek, Galegok eleaniztasuna bultzatzeko egindako ekarpena azpimarratu zuen: "Artista galiziarrak erakutsi du hizkuntza guztiek balio dutela sor-tzeko, gozatzeko eta hunkitzeko. Euskararen kasuan, esate baterako, egunotan ikusi dugu Izaro abeslariak lortu duela Estatu mailako salmenten bigarren postuan euskarazko abestiak ere jasotzen dituen disko bat kokatzea. Espero dugu gure artistek bide horretatik jarraitzea". Galegok, saria jasotzerakoan, bere ikuspegia plazaratu zuen: "Etorkizunerantz doazen hizkuntzak jaso eta transmititzen ditugun ondasunak dira, eta datozen belaunaldiei ez dizkiegu ukatu behar". Halaber, eskerrak eman zizkien hizkuntzak berarengana bizirik iristea ahalbidetu duten pertsona guztiei. "Gure hizkuntzetarako mila udaberri gehiago izan ditzatela", itxi zuen.

Arratsaldean, kontzertua Estatuaren Errealitate Eleanitza Susta-tzeko Sariaren antolatzaileek, goizeko ekitaldiaz gainera, bigarren hitzordu bat prestatu zuten Madrilen, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezperarekin bat. Hartara, Guadi Galegok kontzertu bat eskaini zuen arratsaldeko 20.00etan Callao City Lights aretoan. Berarekin batera, penintsulako hainbat artista agertu ziren, hala nola, Mikel Urdangarin euskalduna, Alide Sans aranarra, Clara Peyá katalana eta Vega kordobarra.