donostia - Hik Hasi egitasmo pedagikoaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat zen Joxe Mari Auzmendi irakaslea. 1995ean sortu zuen Hik Hasi hainbat irakaslerekin batera eta beraien formazioa euskaraz bermatzeaz gain, irakasleen arteko kohesioa eta harremana bultzatzea zuen helburu.

Azkaraten (Nafarroa) jaio zen 1954an eta haurra zela familiarekin Legazpira joan zen bizitzera. Bertako Patricio Etxeberrian aritu zen lanean, kimikari, irakasle izan aurretik. Ondoren, Legazpiko Haztegi ikastolan hasi zen irakasle lanetan. Irakasle elkartean ere aritu zen eta LAB Irakaskuntzako Gipuzkoako lehen liberatua izan zen.

Hik Hasi egitasmoak atzo komunikatu batean adierazi zuenez, Auzmendi 1995ean hasi zen Hik Hasi sortzeko lanetan eta abiapuntuan bi oinarri zituen: "Batetik, herriarekiko atxikimendua, hau da, guztientzako euskal eskola egikaritzeko nahia; eta bestetik, eskola berriaren ildoa", azaldu zuten komunikatuan. Argiaren egoitzako bulego txikian hasi ziren egitasmoarekin eta bertan egin zituzten lehen urteak.

Urte bereko maiatzean argitaratu zuten Hik Hasi aldizkariaren 0 alea eta irailean lehen zenbakia. 1996ko maiatzean, aldiz, formazioko adarra abiatu zuen Hik Hasik, irakurketa eta idazketa konstruktibistaren inguruko jardunaldiekin.

Nabarmentzekoak dira Hik Hasirekin batera gauzatu diren Zatoz jolastera, Ilargiaren sekretua eta Jolasen altxorra pelikulak, hainbat liburu (Elbira Zipitriari buruz, Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak) edo udako topaketak, esaterako. - N.G.