Izaro Andres abeslariak hasiera eman zion atzo txotx denboraldi berriari Astigarragako Alorrenea sagardotegian, uzta berriaren lehenengo kupela ireki-tzearekin batera.

27. Sagardo Berriaren Eguna ospatu zutenek 2019ko uzta proba-tzeko aukera izan zuten, iaz baino azukre gutxiago duena eta, beraz, baita alkohol gutxiago ere. Bertako sagarrarekin ekoitzi duten sagardoaren %30 -hiru milioi litro- Euskal Sagardoa jatorri-deitura zigilupean egin dute.

Nere Lizeagak, Sagardoaren Lurraldeko sagardogileen ordezkariak, Sagardoetxean antolatu zuten aurkezpenean azaldu zuenez, aurtengoa uzta "oso oparoa" izan da, produkzio altukoa. "Jatorri Deituraren baitan 500 hektarea erabili ditugu, 250 sargargilerenak", azpimarratu zuen Lizeagak. Lan horren ondorioz, "kolore alaiak dituen eta txinparta polita duen sagardoa izango da aurten probatuko duguna", esan zuen sagardogileen ordezkariak.

Aurten Sagardoaren Lurraldeak eta Fruitelek kontrolatu dituzten bertako sagarrak Moko, Txalaka, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Gezamina barietatekoak izan dira, besteak beste.

Euskal Sagardoaren jatorri-izendapeneko laugarren uzta izan da 2019koa eta, Unai Agirre bertako gerenteak azaldu zuenez, poliki-poliki sagargileak ari dira gertura-tzen proiektu honetara: "48 sagardotegik egin dituzte hiru milioi litro hauek eta kopurua gorantz doa". Hala ere, merkatuaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Agirrek: "Merkatuak eran-tzun egin behar du; kalitatezko produktu bat den neurrian, modu horretan saldu behar da eta horretan ari gara lanean".

Aurtengo helburu gisa, ostalari-tzan zentratu nahi dute. "Hemengo taberna eta jatetxeetan euskal sagardo desberdinen aukera izatea nahiko genuke. Sagardo kartak edukitzea eta sagardoa beste modu batera kontsumitzeko aukera egotea", azpimarratu zuen Agirrek.

Bestalde, Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak, adierazi zuenaren arabera, Aldundiak aurrekontuetan onartu berri du Gipuzkoan bertako sagarrondoen landaketak bultzatzeko diru-laguntza deialdia. "Ia 300.000 euroko kopurua jarriko dugu. Deialdi hau 2016an jarri genuen abian eta emaitza oso onak izaten ari da", esan zuen Lasak.

Astigarragako alkate den Xabier Urdangarinek, bere aldetik, eskerrak eman nahi izan zizkien sagardo partzuergoko kideak diren elkarteei: "Iruditzen zait Astigarragako herriak ibilbide luzea egin duela sagardogintzaren kultura bultzatzen eta bide horretan ezinbestekoak izan dira herriko elkarteak", nabarmendu zuen. Jarraian, gonpidapena luzatu zuen nahi duen orok Gipuzkoako sagardotegiak bisita ditzan.

jaiaren hasiera Aurtengo Sagardo Berriaren Eguneko prentsaurrekoaren ondoren, ohiturak agintzen duen moduan, Izarok sagarrondo bat landatu zuen Sagardoetxeko sagastian Astigarragako alkatearen laguntzaz. Amaitu zuenean, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek sagardoarekin erlazionatutako bertsoak abestu zituzten, kazetari eta gonbidatuek adi-adi en-tzuten zituzten bitartean.

Jarraian, eguneko une garrantzi-tsuena bizitzeko gogoz, Sagardoetxetik Alorrenea sagardotegira zuzendu ziren guztiak. 13.30ean, txalapartarien laguntzarekin, sagar dantza egin zuen dantzari gaztez osatutako talde batek eta, ondoren, Izarok parte hartu zuen soka dan-tza baten bidez dantzariak eta gonbidatuak eskutik helduta sartu ziren Alorreneako kupelen eremura.

13.45ean iritsi zen momentu gogoangarriena. Prentsaurrekoan alkoholik edaten ez duela adierazi zuen arren, Izarok lehen kupela zabaldu zuen "gure sagardo berria!" hitzak gogotsu esanaz. Mallabiko abeslaria ez zen bakarrik egon. Iker Lauroba ere alboan izan zuen, eskaintzen dituen kon-tzertuetan bere musikarietako bat dena.

Izarok sagardoa dastatu ostean, bertaratu ziren guztien txanda iritsi zen. Bakoitzak bere edalontzia hartu eta, berriro ere Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendiren bertsoen laguntzaz, aurtengo uzta probatzeko ilara osatu zuten kupelaren aurrean.

Bien bitartean, Alorreneako sukaldariek sagardotegiko ohiko menua -kroketak, bakailao tortila, bakailoa piperrekin eta txuleta- prestatu zituzten. Sagardoa dastatu ondoren, gonbidatu guztiak bertako mahaietan eseri eta festa giroan bazkaldu zuten.