- Auzitegi Gorenak Euroganberari erregu-eskaria egin zionetik urtebete eta bi hilabetera bozkatuko du gaur arratsaldean Europako Parlamentuak JxCATeko Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati eurodiputatuei immunitatea kendu ala ez. Onartuz gero, immunitateak ematen dizkien pribilegioak galduko lituzkete hirurek, eta euren kontrako euroaginduak aktibatuko lirateke.

Euroganberako bi talde nagusiek, Europako Alderdi Popularrak eta Renovar Europa alderdiko liberalek, erregu-eskariaren alde bozkatuko dutela iragarri dute, eta Europako sozialdemokrata gehienek ere aldeko botoa emango dutela espero da -Europar Parlamentuko bigarren talde handiena-. Aldiz, 73 eurodiputatu dituzten eta Puigdemont, Comin eta Ponsati euren taldean sartzeari uko egin zioten berdeek, erregu-eskari horren aurkako bozka emango dutela iragarri dute. Atzo Político hedabidean argitaratutako elkarrizketa batean presidente ohiak adierazi zuenez, mugak ez omen dira "jainkotiarrak", eta egungo belaunaldiaren borondatearekin bat etortzeko, muga horiek aldatzeko aukera aurreikusi beharko omen litzateke.

"Mugak egon badaude, bai, baina mugak ez ditu Jainkoak ezarri, ez dira jainkotiarrak", esan zuen eurodiputatuak, Europako Parlamentuak bihar bere eta Toni Comin eta Clara Ponsati alderdikideen immunitatearen inguruan hartu beharko duen erabakiaren bezperan.

Puigdemontek gaineratu zuenez, "mugak aldatzearekin ados egon gaitezke. Mugak artifizialak dira. Nazio guztiak dira artifizialak. Katalunia, Espainia€ elkarrekin bizitzea onartzen duen belaunaldi baten erabakia da. Ados. Agian horrek gure aurrekoentzat funtzionatuko zuen, baina zer gertatzen da gure egungo munduko hurrengo belaunaldiarekin? ".

Generalitateko presidente ohiak bere egoeraz ere hitz egin zuen, baita Kataluniako krisia Europar Batasunarentzat arazo bihur daitekeenez ere. "Guretzat, ez da auzi pertsonala", esan zuen Puigdemontek, eta berretsi zuen ez direla beren eskubide partikularrak babesten ari, baizik eta "gure boto-emaileak, milioi bat boto-emaile baino gehiago, guk ordezkatzeko botoa eman zuten milioi bat europar herritar baino gehiago; gutxiengo nazionalak ez ezik, gutxiengo politikoak, disidenteak". Eta disidente horiek "mehatxatuak badira, Europak arazo larria izango du".

Kataluniako krisiari buruz, presidente ohiak argi utzi zuen Espainiak ez duela "independentziaren bestelako aukerarik" edo "Kataluniarentzako prozesu politikorik" aurkeztu. Puigdemonten ustez, egungo egoerak ez omen du fun-tzionatzen, hori "beraiek badakite eta baita guk ere". "Baina, zein da independentziaren alternatiba? Deus ez. Beraz, altenatibarik ez badago, nazio gisa bizirauteko bide bakarra geure estatu propioa izatea da ".