- Nazio Batuen Erakundearen aitzindaria izan zen Nazioen Elkarteak duela ehun urte Donostian egin zuen bilera gogoratuko du gaur Foru Aldundiak. Ekitaldi solemnea egingo da foru jauregian, Markel Olano ahaldun nagusia eta Arantxa Gonzalez Laya Kanpo Arazoetako ministroa bertan direla; ekitaldi horretan parte hartu zuten estatuetako ordezkariak ere bertan izango dira. Gaurko ekitaldi hori izango da mendeurreneko ekitaldi nagusia, eta foru jauregiko tronuaren aretoan izango da. Honetaz gain, beste jarduera batzuk ere antolatu dira udazkenari begira, besteak beste, erakusketa bat, eta tokiko historiari eta nazioarteko lankidetzari buruzko hitzaldi eta filmen ziklo bat.

1919ko ekainaren 28an Versaillesko Itunak sortutako Nazioen Ligak, Lehen Mundu Gerra krudela amaitu ondoren, nazioarteko harremanak berrantolatzeko eta bakea lortzeko oinarriak ezartzea proposatzen zuen. Bere Kontseilu Exekutiboa soilik zortzi herrialdek osatzen zuten: Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Japonia kide iraunkor gisa, eta Belgika, Brasil, Grezia eta Espainia ez-iraunkor gisa, eta azken honi egokitu zitzaion lehen saioko buru izatea, anfitrioia zelako. Foru Jauregia izan zen bilerarako aukeratutako tokia, eta bertako aretoak eta gelak arreta handiz prestatu ziren ordezkariak eta haiekin zetozen ehun lagun inguru behar bezala har-tzeko. Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuaren arabera, ospakizun honekin “Gipuzkoako lurralde historikoa eta Donostia bakearen eta bizikidetzaren lurralde gisa kokatu nahi ditu berriro ere” Foru Aldundiak.

Erakunde horren hasierako asmo onak gora-behera, azkenean, bakea babesteko oso tresna eraginkorra ez zela ikusi zen. Egia esan, guztiz kontrakoa gertatu zen. Versaillesko Itunak Alemaniari ezarritako baldintza drakoniarrak eta 1929ko crack ekonomikoa kontuan izanik, nazismoak gora egin zuen eta tentsioa areagotuz joan zen. Hala etorri zen, aurrerago, Bigarren Mundu Gerra, denok ezagun ditugun ondorio lazgarriekin.