donostia - Deustuko Unibertsitateak bihar ekingo die 2020-21 ikasturteko ikasketen eskaintza ezagutzera emateko informazio saioei. Azaroko eta abenduko larunbatetan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, etorkizuneko unibertsitate ikasleek xehetasunez ezagutu ahal izango dituzte Deustuk eskaintzen dituen 50 gradu, gradu bikoitz, gradu eta ibilbide dual, aipamen eta titulu propioak, hainbat arlotan.

Etorkizuneko ikasleei beren hautaketa prozesuan laguntzeko, 40 minutuko saioak antolatu dira. Saio horietan, Unibertsitateko irakasleek eta ikasleek titulazio bakoitza xehetasunez azalduko dute, besteak beste, ikasketa planak, praktikak, lan ibilbideak eta sarrera prozesua. Jardunaldiaren egiturari esker, etorkizuneko unibertsitate ikasleek eta gurasoek interesatzen zaizkien saio guztietara joateko aukera izango dute.

Azken urteetan, Unibertsitateak apustu sendoa egin du prestakuntza dualaren inguruan, eta hori gero eta nabariagoa da hainbat titulaziotan. Datorren ikasturtean, Deustuk proposamen berriak erantsiko dizkio gaur egungo eskaintzari. Hain zuzen ere, aurten gradu dual bat eta bost ibilbide dual eskaintzen ari da, Ingeniaritzako hainbat gradutan eta Zuzenbidea + Lan Harremanak gradu bikoitzean.

Datorren ikasturterako berrikun-tzen artean, bi gradu enpresetan egin ahal izango dira, ibilbide dualez baliatuz. Horien artean dago Turismoko gradua eta Ingeniaritza Robotikoko gradua.

Robotikarekin batera, adimen artifiziala, datuen zientzia eta 4.0 industria ere ari dira poliki-poliki sendo-tzen. Arlo horietako profesionalen gero eta eskari handiagoari erantzuteko, bi gradu berri jarriko ditu abian, Informatikako Ingeniaritza + Bideojokoak, Errealitate Birtuala eta Areagotua batetik eta Datuen Zien-tzia eta Adimen Artifiziala bestetik.

Berrikuntza gehiago: Medikuntzako gradu berria datorren ikasturtean hasiko da ematen Bilboko campusean, eta Donostiako campusean, berriz, Fisioterapiako gradua eskainiko du 2020-2021 ikasturtetik aurrera. - N.G.