DONOSTIA. Otsailaren 2an, larunbata, Turismoko, Gizarte Laneko eta Komunikazioko 97 gradudun berri izendatzeko ekitaldia izan zen, Donostiako campusean. Gradudun berriak Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatekoak dira. Ekitaldi ospetsua eguerdiko hamabietan hasi zen, Josean Rodriguez Ranz campuseko errektoreordea buru zela, senitartekoen eta irakasleen klaustroaren aurrean. Guztiek elkarrekin abestu zuten Agur jaunak, Easo Eskolaniaren laguntzaz. Ane Sagarzazu (Komunikazioko graduduna), Aritz Ura (Turismoko graduduna) eta Garazi Sesma (Gizarte Laneko graduduna) gradudun berriek agintza irakurri zuten eta Jon Casado s.j. Donostiako campuseko Pastoraleko Zerbitzuko arduradunak gradudun berriei bedeinkapena eman zien, hitz xume eta hunkigarriekin.Ekitaldian NØGEN talde donostiarrak jo zuen, Liv til døden (hil arte bizi) lehen lan luzeko abestiak eskaini zizkien bertaratuei. Ekitaldiaren amaieran, bertaratuek Gaudeamus Igitur kantatu zuten, berriro ere Easo Eskolaniak lagunduta. Gradudun berrientzat ospakizun garrantzitsua da, baita haien familientzat ere, ahalegin handiz, bide osoan ondoan izan baitituzte. Unibertsitatearentzat ere egun handia da, pozik ikusten baitu bere xedea bete duela: fedearen zerbitzua, zientziaren eta kulturaren bidez.

Urtarrilaren 28an, San Tomas Akinokoaren festaburuan, hasi ziren Deustuko Unibertsitatean ikasketa ofizialak 2017-2018 ikasturtean amaitu zituzten Bilboko eta Donostiako campusetako fakultateetako eta Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako ikasleen izendatze ekitaldiak. Ikasturte horretan, guztira 1.732 ikaslek bukatu zituzten ikasketak Deustuko Unibertsitatean. Horietatik, 314 Zuzenbidekoak dira; 6, Teologiakoak; 380, Psikologia eta Hezkuntzakoak; 361 Ekonomia eta Enpresa Zientzietakoak; 375, Gizarte eta Giza Zientzietakoak; 141, Ingeniaritzakoak; 3, Erlijio Zientzien Goi Institutukoak; eta 152, Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolakoak. Tituludun berri horiei iaz doktoregoko tesia defendatu zuten 29 doktore berri ere gehitu behar zaizkie.

Urtarrilaren 28tik aurrera ospatuko dituzte gainerako fakultate eta eskolek izendatze ekitaldiak, egutegi honen arabera: Zuzenbidea-Bilbo eta Gizarte eta Giza Zientziak-Donostia, otsailak 2; Gizarte eta Giza Zientziak-Bilbo eta Psikologia eta Hezkuntza-Donostia, otsailak 9; Psikologia eta Hezkuntza-Bilbo, otsailak 22 eta 23; Ekonomia eta Enpresa Zientziak-Bilbo (gradu bikoitzak), martxoak 2; Ingeniaritza, martxoak 29 eta 30; Ekonomia eta Enpresa Zientziak-Bilbo, apirilak 6; eta Ekonomia eta Enpresa Zientziak-Donostia, apirilak 13.

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea, Donostiako campusean

Gizarte eta Giza Zientziak proiektu berria da, duela gutxi eratutakoa, baina Deustuko Unibertsitateko tradiziorik handieneko ikastegi batzuen ondarea jaso duena.

Donostiako campusa 1960-61ean hasi zen Letretako ikasketak eskaintzen. 1969 eta 1991 bitartean, Bilboko Filosofia eta Letren Fakultatearen eskutik, eta 1999-2000tik, Giza Zientzien Fakultate gisara. Turismoko eta Gizarte Laneko Eskolak 1964an eta 2002an eratu ziren, hurrenez hurren; eta Hizkuntzen Zentroaren lehen pausoak 62-63 ikasturtekoak ditugu. 2009-10 ikasturtean, ikastegi horien guztien memoria batu egin zen proiektu berri bat eratzeko: Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea.

Ondare hori guztia gurea dela onartuz eta sentituz, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea sinergiak batzeko eta unibertsitateko erronka berriei aurre egiteko sortu da: Eskaintza akademiko berritzailea eta inguruneko beharrei erantzungo diena osatzeko erronkari erantzunez, joan den ikasturtean Ikus-entzunezko eta Multimedia Komunikazioko Teknologien titulu propio berria jarri zuten abian eta aurten Turismoko graduaren ibilbide duala. Laster, zaurgarritasun eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonekin esku hartzeko master ofiziala aurkeztuko dute, datorren ikasturte akademikoan eskaintzeko.