DONOSTIA. Gaur Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean bigarren seihilekoan ikasketak egitera etorri diren atzerriko 100 ikasleei harrera ofiziala egin zaie hiriko udaletxean. Ikasle horiek 28 herrialdetatik etorri dira gure hirira. Truke programei esker etorri dira Donostiara, hainbat herrialdetatik: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Australia, Austria, Belgika, Bulgaria, Erresuma Batua, Errusia, Eslovenia, Finlandia, Frantzia, Hego Korea, Herbehereak, India, Irlanda, Italia, Jordania, Kanada, Kolonbia, Kroazia, Mexiko, Nikaragua, Puerto Rico, Txekiar Errepublika, Txile, Suedia eta Turkia. 100 ikasle horietatik, 20k Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean ikasiko dute, eta gainerakoek, Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean.

Ongi etorri ekitaldian, Eneko Goia hiriko alkatea buru dela, nazioarteko ikaslek pozez azaldu dira esperientzia akademiko eta pertsonal hau Donostia hirian bizi ahal izango dutelako.Giacada Comandini, Boloniako Unibertsitateko ikasleak (Italia) eta Lucila Ljubaj Zagreb School of Economics & Management eskolako ikasleak (Kroazia) lehenengo seihilekoan Deustun eta Donostian bizi izan duten esperientziaz hitz egin zuten eta gainerako ikasleak animatu zituzten egonaldiaz gozatzera. Ikasleekin batera, unibertsitateko arduradunak ere izan dira ekitaldian: Josean Rodriguez Ranz (Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreordea), Elena Lamarain (Deusto Business Schooleko Nazioarteko Harremanetako koordinatzailea) eta Sheila Martínez eta Estibalitz Goñi Deusto Campus-eko kideak. Udaleko harrera ofizialaren ondoren, atzerriko ikasleek hiria ezagutu ahal izan dute, "buddiez" lagunduta (atzerriko ikasleei beren egonaldian zehar laguntzen dieten bertako ikasleak), tokirik garrantzitsuenak ikusteko.

Alex Rayon Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordeak, ongi etorriko ekitaldian, eskerrak eman dizkie ikasleei Deustuko Unibertsitatea aukeratzeagatik, hainbeste aukeraren artean. Ongi etorria egin die unibertsitate honetara eta azpimarratu die bertan prestakuntza osoa eta bikaina jasoko dutela, edozein ikasketa arlotan: prestakuntza osoa, Deustuko Unibertsitatearen helburua baita bertan hezitako profesionala, prestakuntza bikainekoa izateaz gainera, giza ikuspegitik ere nabarmentzea, balioetan prestatua, besteak errespetatutako dituena, eta justiziaz jardungo dena. Ildo horretatik, azaldu die ikasleek Deustun, irakasle eta profesional onez gainera, gizarte, kultur eta kirol jarduera ugari izango dituztela aukeran. Horietan parte hartzera gonbidatu ditu, beren esperientzia, balioak eta proiektuak bertako eta atzerriko beste ikasleekin partekatzeko.

Deustu, aitzindaria nazioartekotzean eta irakaskuntzaren kalitatean

Deustuk nazioartekotzearen aldeko apustu argia egin du. Horri esker, gaur egun ikasleen %15 Europako beste herrialde batzuetakotik etortzen da, baita Amerikatik eta Afrikatik ere eta, azken urteetan, Asia eta Ozeaniatik. Gainera, datozen urteetan kopuru hori handitzeko ahaleginak egiten ari da. Horretarako, unibertsitatea harremanak estutzen ari da munduko beste eskualde batzuekin, hainbat saretan modu aktiboan parte hartuz, besteak beste, IAJU sortu berrian (International Association of Jesuit Universities), 5 kontinentetan 200 unibertsitate baino gehiago hartzen dituena, eta EAIEn (European Association of International Education), Europako unibertsitate eremuan presentzia areagotzeko. Deustu irakaskuntzaren kalitateari eta berrikuntzari lotutako nazioarteko ranking-etan (Times Higher Education) eta nazioartekotzeari lotutakoetan (U-Multirank) azaltzeak bultzada ematen digu garatzen ari diren esparru berrietan hazten jarraitzeko, horien artean, nazioarteko titulazioetan eta nazioarteko praktiketan. Erasmus+ programaren barruan garatutako proiektuek ikaskuntza formal eta informal hori Europar Batasunaren mugez gaindi hobetzen laguntzen dute, ikuspegi global argia baitute. Hala, Batasunekoaz bestelako herrialdeetara irekita dago, unibertsitateko elkarte osoaren hezkuntza eta prestakuntza gaitasunak eta graduko, graduondoko eta doktoregoko gure ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko.