- EAEko hiru hiriburuetan manifestatu ziren atzo milaka pertsona, Gobernuak, CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako lan-erreformaren aurka daudela aldarrikatzeko.
Martxa horiek, Euskadiko gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu zituzten, eta Lan erreforma honi ez. Por el marco vasco de relaciones laborales zioen pankarta zeramaten manifestazioaren buruan.
Donostian, milaka lagunek egin zuten bat sindikatuen deialdiarekin, eta eguerdian abiatuta hiriko erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten.
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiak, Igor Arroyo LABeko buruzagiak eta Hiruko Jon Altuna ordezkariak eraman zuten, besteak beste, manifestazioaren buruko pankarta. Haren atzean bazeuden beste zenbait, manifestazioaren alde agertutako beste zenbait erakundeenak, hala nola garbitzaileen kolektiboa edo Gipuzkoako pentsiodunen plataforma.
"Enplegu duina, bizitza duina", "Lan-erreforma erabat indargabetu" edo "Hemen lan egin, hemen erabaki", izan ziren manifestariek oihukatutako kontsignetako batzuk; eta ohikoa izaten denez, protesta, Donostiako Boulevardean amaitu zuten.
Hiru manifestazioak amaitu ahala, manifestu bateratuak irakurri ziren, eta sindikatuek deialdia luzatu zieten langileei, datorren asteazkenean lan-erreformaren aurka daudela adieraziz, lantokien aurrean elkarretaratzeak egiteko.
Manifestaziorik jendetsuena Bilbokoa izan zen. Besteak beste, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan zen. ELAko Mitxel Lakuntza ere joatekoa zen, baina ezin izan zuen covidean positibo eman zuelako.
Milaka manifestariek erreforma horren, eta oihukatu zutenez, "kapitalaren tranpa bat den" elkarrizketa sozialaren aurkako leloak errepikatu zituzten.
Deialdia babesten zuten hainbat kolektibo ere bildu ziren manifestaziora, hala nola Pentsiodunen Mugimendua, elkarte feministak edota gizarte-bazterkeriaren aurkako talde ugari.
Aranburuk adierazi zuenez, mobilizazio horrekin lan-erreforma horren aurkako jarrera adierazi nahi zuten, "lan-harremanen prekarizazioa betikotzen duelako eta langileen eskubideak berreskuratzen ez dituelako".
Erreforma hori "Kongresuan, lantokietan eta kalean" indargabetu behar dela gaineratu zuen, eta "Euskal Herriko langileen ahotsa izateko" eskatu zien EAJri eta EH Bilduri, eta datorren ostegunean ezezko botoa emateko, UGTk eta CCOOk "euskal langileen %34 besterik" ez dutelako ordezkatzen.
LABeko idazkari nagusiak "negoziazio kolektiboaren esparru propioa" errespetatzea eskatu zuen, eta "kaleratzeak garestitzearen eta zailtzearen" aldeko apustua egin zuen. EAJri horixe bera planteatuko omen diote gaurko hitzartuta duten bileran.
Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak ere, Kongresuan proposamenari ezetz bozkatzeko eskatu zien EAJri eta EH Bilduri, Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek adostu dutena "Rajoyren eta Zapateroren lan-erreformak indargabetzea delako", alegia, "ahalik eta gutxien aldatu, makillaje pixka bat jarri, denak berdin jarrai dezan".
Igeregik azpimarratu zuenez proposamenean "ez dago inolako aldaketarik kaleratzeen inguruan, ezta miseriazko kalte-ordainen inguruan ere, ez eta irabaziak dituzten enpresei enplegu-erregulazioko espedienteak baimentzearen inguruan ere"; gainera, "enpresek lan-baldintzak alde bakarretik aldatzeko aukerari eutsiko liokete" .
"Euskal Herrian lortutako akordioen gainetik Estatuko hitzarmenei lehentasuna ematen zaiela" kritikatu ondoren, argi esan zuen ELAko arduradunak, lan-erreforma honekin "pozik" patronalak daudela, espainiarra zein euskalduna, "egoerak bere horretan jarraitzea lortu dutelako".
Salatu duenez, "dena eskura izanik, patronalak ez du lan-erreforma indargabetzeko inolako interesik, eta, UGTk zein CCOOk berriz, ez dute borrokatzeko inolako asmorik". Egoera hori, "Bere hauteskunde-programa ez betetzeko erabiltzen du Espainiako Gobernuak" adierazi zuen.
Azkenik, Gasteizen, 2.000 pertsona inguru elkartu ziren gehiengo sindikalak deituta. Hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten, hainbat lelo oihukatuz: "Hemen lan egin, hemen erabaki", "Lan-erreforma erabat indargabetu" eta "CCOOk eta UGTk saldu egin gaituzte berriz", besteak beste.