- Meza pribatuak besterik ezin dituztela egin adierazi die apaizei Donostiako Gotzaindegiak gutun baten bidez, eta eukaristia bera garatzeko "ezinbestekoak diren pertsonekin" soilik ospatu ditzaketela, hau da, zuzenean meza emaileari laguntzen diotenekin.

Mikel Aranguren Donostiako elizbarrutiko Pastoraltzako bikarioak onartu duenez, Jose Ignacio Munilla gotzaina eta Gipuzkoako elizako hierarkiako gainerako kideak oso "harrituta" omen daude Donostian eliztar gutxi batzuekin meza batzuk eman izanaren ondorioz sortutako "polemika" dela eta.

Arangurenen esanetan, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren "lehen unetik", Gotzaindegiak elizetako eta parrokietako "ateak ixteko neurria hartu zuen". "Gobernuaren dekretua zorrotz betetzetik haratago joanda, gainera", alarma egoera deklaratzeak ekarri zuen salbuespenezko araudiari erreferentzia eginez.

Hala ere, dekretu horretan, agindutako distantzia gordeko zuten fededun gutxi batzuekin eukaristiak egitea "ahalbidetzen" zenez, "meza batzuk eman dira pertsona gehixeagorekin edo gutxiagorekin", onartu duenez.

Hain zuzen ere horregatik -azpimarratu du bikarioak-, "interpretazio okerrik egon ez dadin, atzo bertan apaiz guztiei ohar bat bidali genien, gai hau erabat argitzeko asmoarekin". Alegia, Gotzainak bere hasierako kontsigna orokorrean adierazitako bertaratutakoen gutxieneko kopuru horrek "ofizioa gauzatzeko ezinbestekoak diren pertsonak hartzen dituela".

Azaldu duenez, "laguntzaileak" edo "irakurleak" dira, meza ematerako orduan "aktiboki eta apaizarekin batera" parte hartzen dutenak; "ezinbesteko" pertsona horiek apaizari "lagundu" egiten diote, eta horiek gabe ezingo litzateke liturgia gauzatu.

Parrokia txikien kasuetan "bat edo birekin nahikoa izan daiteke"; baina beste batzuetan, esate baterako Gotzainak Donostiako Artzain Onaren katedralean egiten dituen mezetan, beste laguntzaileren bat ere behar izatea gerta daiteke, "gurutzea eramateko edota eukaristia grabatzeko".

Lehen unetik Munilla gotzainaren aginduak argi adierazi zuen: "Eukaristiak ezin dira publikoak izan, pribatuak baizik, eta gutxieneko pertsona batzuekin". Atzo sortutako polemikaren harira, ordea, aipatutako argibideak "denei bidaltzea" erabaki zuten.

Amaitzeko, Donostiako Pastoraltzako eta Ebanjelizaziorako bikarioak gaineratu nahi izan du, asteartean Gipuzkoako elizbarrutiko arduradunek "Eusko Jaurlari-tzako Segurtasun Sailarekin elkarrizketa" izan zutela, eta esan zuenez, "denok iritsi gara legearen interpretazio adostu batera".