Síguenos en redes sociales:

Populismoei aurre egiteko deia luzatu die Olanok gazteei

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak pentsamentu kritikoa garatzera gonbidatu ditu

Populismoei aurre egiteko deia luzatu die Olanok gazteeiN.G

donostia - Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak dei egin zien atzo gazteei "parte har-tzera eta beren pentsamendu kritikoa garatzera, bizikidetza demokratikoarekin eta pertsonen ongizatearekin amaitu nahi duten korronte populistei aurre egiteko".

Olanok Batzar Nagusietan hitz egin zuen atzo, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, Europako Batasunarekin elkarlanean Foru Aldundiak bultzatzen duen Youth 2019 programaren azken saioan.

Topaketan 40 bat gazte gipuzkoar bildu ziren lurraldeko arduradun instituzional nagusiekin, besteak beste, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza Gobernantza foru diputatua, eta batzarkide taldeetako bozeramaileak, Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Azken hilabeteetan, Youth 2019 programari esker, 17 eta 23 urte bitarteko 600 gazte gipuzkoar hurbildu ahal izan dira politikara eta haien ordezkariengana, bilera eta tailerrak eginda. 600 horietatik aukeratu dituzte osteguneko saioan parte hartu zuten 40 ikasleak. Bertan, kezkatzen dituzten gaiei buruz galdetu ahal izan diete erakundeetako arduradunei, eta dekalogo bat egin dute Europar Batasuna hobe-tzeko proposamenekin. Dekalogo hori laster bidaliko zaie Erkidegoko erakundeei.

Gazteek planteatutako gaien artean daude, besteak beste, "migrazio eta errefuxiatuen krisiari erantzuteko neurriak" abian jartzea; pentsio sistemaren kudeaketa hobetzea; "lanbide heziketako tituluen Europa mailako homologazio erreala eta bateratua"; edota politikak bultzatzea, gazteek lehen enplegua aurkitu ahal izan dezaten.

Testuinguru horretan, Markel Olanok esan zuenez, "Gazteen parte-hartzeak berebiziko garrantzia du desafekzio politikoa herritarren artean gailendu den garai honetan, Gipuzkoa, Euskal Herria eta Europa oinarritik, behetik gora, eraiki ahal izateko".