Hain zuzen ere, duela gutxi deialdi bat egin zuten boluntarioak behar zituztelako, eta elkarteak adierazi duenez, deialdiak “erantzun ona izan du”. “Pilotako taldea geldirik egon da hilabete batez baja batzuk izan zituelako, eta azkenerako, bi pilotari bakarrik geratu zirelako. Bi pilotarirekin taldea ez zen bideragarria eta elkarteak deialdia egin ondoren, bost laguneko taldea osatu du. Baliteke, gainera, baten bat gehiago ere etortzea jokatzera geroago”, azaltzen dute elkartetik.

Beraz, pilota taldea berriro ere martxan da, kide berriekin indartu eta gero. Joan den martxoaren 4ean egin zuten aldi berriko lehen entrenamendua eta aurrerantzean astero biltzeko asmoa dute ikasturtea amaitu arte. Taldeko kideetako ba-tzuk entrenamenduetara mugatzen dira, baina beste batzuk pilota egokituko Gipuzkoako ligan lehiatu izan dira aurreko urteetan, neska nahiz mutiletan. Parte-hartzaile guztiek 16 urtetik gorakoak dira eta taldea larunbat goizetan elkartzen da Orioko pilotalekuan entrenatzeko, 10.30etik 12.00etara.

Pilota taldeaz gain, igeriketa inklusiboko taldea ere martxa onean dabil aurten, eta azaldu dutenez, igerilariak gogoz ari dira entrenatzen. “Igerilari bakoitzak astean bitan egiten du entrenamendua, ordu betez; batzuk astelehen eta ostiraletan, besteek asteazken eta ostiraletan...”, zehaztu dute. Ana Godoy eta Beñat Carretero ari dira gaur egun entrenatzaile lanetan eta gustura daude igerilarien progresioarekin. Godoy kanariarra da eta hasieratik dabil taldean eta Beñat Carretero, ostera, oriotarra da eta denboraldi honetan hasi da lanean, beste oriotar batek utzitako hutsunea betez.

Kirol elkarteak bere atal guztietan alderantzizko inklusioa ere bultza-tzen du; hau da, desgaitasun egoeran dauden pertsonentzat sortua da taldea, baina beste pertsona guztientzat ere irekia dago, beraz, pilota edo igeriketa egitera animatzen diren guztiek izango dute beren lekua elkartean. Norbaitek taldean parte hartu nahi badu, elkartearekin harremanetan jarri besterik ez dauka (688 630 925, berdin.berdinak@gmail.com).