donostia - Unai Agirrek irabazi zuen Eskoriatzan atzo jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final laurdena. Hernaniarra zuzenean sailkatu zen azaroaren 29ean Tolosan jokatuko den finalaurrekorako. Atzoko saioan Beñat Lizasok egin zuen bigarren eta Oihana Iguaranek, hirugarren. Jende ugari bertaratu zen Manuel Muñoz kiroldegira. Sailkapena horrela gelditu zen: Unai Goia Agirre (497,5 puntu); Beñat Lizaso Alberdi (485,5); Oihana Iguaran Barandiaran (484); Mikel Artola Izagirre (480); Unai Mendizabal Jauregi (480); Manu Goiogana Bengoetxea (450).

Behin final laudenetako fasea amaituta, 18 bertsolarik lortu dute final laurdenetara sailkatzea, bostek beren saioa irabazita eta gainerakoek, puntuazioaren arabera. Honakoak dira finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolariak: Jon Martin Etxebeste; Unai Gaztelumendi Arandia, Agin Laburu Rezola, Ander Lizarralde Jimeno, Beñat Iguaran Amondarain eta Alaia Martin Etxebeste osatzen dute Zarauzko finalerdiko taldea. Kanporaketa Aritzbatalde kiroldegian izango da, azaroak 22an.

Beñat Gaztelumendi Arandia, Oihana Iguaran Barandiaran; Unai Agirre Goia, Nerea Elustondo Plazaola, Iñaki Apalategi Astigarraga eta Beñat Lizaso Alberdi Tolosako Usabal kiroldegian azaroak 29an ospatuko den finalerdia osatzen dute.

Azkenik, Nahikari Gabilondo Mendizabal, Iñaki Gurrutxaga Zubimendi, Felix Zubia Olaskoaga, Arkaitz Oiartzabal Agirre Xamoa, Jon Maia Soria eta Mikel Artola Izagirre itxiko dituzte finalerdiak Eibarreko Astelena pilotalekuan, abenduak 6an.

Sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen dituzten bost bertsolariekin osatuko da Donostian abenduak 19an jokatuko den finala. Ohi bezala, sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. -N.G.