Síguenos en redes sociales:

2025eko zinemira saridunak

Asier Altuna eta Telmo Esnal: “Euskara bezalako hizkuntza ez hain handian zinema egiteak pribilegiatu bihurtzen gaitu”

Asier Altunak eta Telmo Esnalek euren ibilbidea aitortuko dien Zinemira Saria jasoko dute gaur, Victoria Eugenian, Euskal Zinemaren Gala Handian

Asier Altuna eta Telmo Esnal: “Euskara bezalako hizkuntza ez hain handian zinema egiteak pribilegiatu bihurtzen gaitu”Ruben Plaza

2005. urtean, Asier Altunak eta Telmo Esnalek Aupa Etxebeste! aurkeztu zuten Zinemaldiko Zinemagile Berrien sailean. Filma harekin, Angelica Hustonen eskutik, sail horretako pelikula onenaren saria irabazi zuten. Ez hori bakarrik, areto komertzialetan ere arrakasta handia izan zuen. Are gehiago, gerora etorri den euskarazko zinemaren loraldiaren lehen mugarritzat hartzen da. 20 urte geroago, Zinemaldira itzuli da bikote artistikoa –izatez, ez diote inoiz parte hartzeari utzi-, bertan aurkeztu baitituzte beraien film guztiak, biek elkarrekin zuzendutakoak eta bakarka sinatutakoak. Oraingoan, ordea, beraien ibilbidea aitortuko dien Zinemira Saria jasoko dute gaur Victoria Eugenia an-tzokian, Euskal Zinemaren Gala Handian.

Zinemira Saria jasoko duzue gaur. Nola hartu zenuten berria?

Telmo Esnal (T.E.): Hasieran harriduraz eta gero eskertuta, gure lanaren aitortza baita saria. Guri eman digute zuzendariak garelako, baina lantalde handi bat izan dugu beti atzean, jende asko dago. Sari hau, gure ibilbidean lagundu diguten guztiekin konpartitu nahiko genuke.

Asier Altuna: (A.A.): Zinema ez da bakartasunean egiten. Oso pozik gaude. Garai batean, Jose Maria Lara Txeperekin tekniko bezala hasi ginen lanean, Nafarroan egiten zituen labur haietan. Poliki-poliki ofizioa ikasi genuen eta hortik ekipo potente bat sortu zen, eta baita hemen zinema egiteko aukera ere, gure kasuan, euskaraz. Gauzak asko aldatu dira eta gu, beste batzuen artean, horren parte izan gara. Esango nuke sari honek hori ere aitor-tzen duela. Euskara bezalako hizkuntza ez hain handian zinema egin ahal izateak pribilegiatu bihur-tzen gaitu. Guri eman digute saria, baina jende askoren lana dago atzean.

T.E.: Guk, momentu batean, hemen zinema egitea erabaki genuen, gure hizkuntzan, eta hortaz bizitzea: lortu dugu.

20 urte pasa dira ‘Aupa Etxebeste!’-rekin Zinemaldian parte hartu zenutenetik eta bertan zinemagile berrien sailean saria jaso zenutenetik. Zer oroitzapen dituzue?

A.A.: Angelica Hustonek eman zigun saria, a zer marabilla! Hura ere sorpresaz hartu genuen. Pelikularekin oso pozik geunden. Kristoren erronka izan zen guretzat Aupa Etxebeste!, gure lehenengo luzea baitzen. Ahal genuen ondoen egiten saiatu ginen, txukuna eta potentea. Zinemaldian estreinatzea, jendearen harrera eta, azkenean, Angelicaren eskuetatik saria jasotzea opari ederrak izan ziren guretzat.

T.E.: Garai horretan ez ginen oso kontziente Donostiako Zinemaldian egoteak zer suposatzen zuen. Hemengo jaialdia denez, modu naturalean hor egon behar dugula pentsatzera jotzen dugu baina, hor baldin bazaude, merezi duzulako izaten da. Ez de erraza hor egotea. Guk zorte handia eduki dugu, gure lanak Zinemaldian estreinatu baitira.

Asier Altuna

"Pizgarri fiskalekin moxkorraldi ari gara bizitzen eta ezin jakin ajea nolakoa izango den"

Asier Altuna

A.A.: Aupa Etxebeste! publiko aldetik oso arrakastatsua izan zen. Zinemaldian parte hartzea polita eta ederra da, baita publikoak erantzutea ere.

T.E.: Nire ustez jendea euskal zinemaren gose zegoen eta zortea izan genuen, momentu hartan lehenak izan ginelako. Hori bai, gure ideia ez zen inoiz izan gose hori asetzea, pelikula txukun bat egitea baizik. Gero etorri da beste guztia.

Askotan hitz egin da euskal zinemaren loraldiaz eta, noski, ‘Aupa Etxebeste!’ filmarekin jarri zen lehen mugarria.

A.A.: Zaila da hitz egitea, oraindik ere horren parte garelako. Gurekin hasi zirenek osatutako lantaldeaz gainera, erakundeek momentuko irakurketa egin dute. Donostiako Zinemaldia bezalako jaialdi bat izateak zinema egiteko zaletasuna ere sortu du. Orain plataformek industria finkatzen lagundu dute. Euskal Herria zinema eginez bizitzeko moduko toki bihurtu da. Nola bukatuko den gauza? Ez dakigu oraindik.

Nola ezagutu zineten?

T.E.: Lanean ezagutu ginen, eta badugu anekdota kurioso bat. Behin konturatu ginen aurretik ere ezagutzen ginela, kontziente izan ez arren. 1992 edo 1993 urteen bueltan ezagutu ginen. Lan egin nuen lehen pelikula, El anonimo, vaya papelón izan zen, 1990. urtean meritorio bezala lan egiten nuen. El Nido tabernan filmatzen ari ginela, ekoizpeneko baten batek esan zidan balkoi batean begira ari zen tipo baten pisura igo behar nuela, ea bertan kamera bat jartzeko aukera ba ote zegoen galdetzera. Asier zen tipo hura, eta atea irekitzean esan zidan berari ere zinema asko gustatzen zitzaiola eta ea berarentzat ere lekurik ba ote zen errodajean, bera Andoainen ikasten ari zela... Lekurik ez zegoela esan nion, niri bertan parte hartzea kostatu zitzaidanarekin! (barre egiten dute).

A.A.: Eneko Olasagasti, Julio Medem, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia, la Cuadrilla eta beste hainbaten pelikuletan ibili ginen tekniko lanak egiten.

T.E.: Garai hartan, hemen Guggenheima egiten zen bitartean, zinemaren aurrekontuak murriztu egin ziren eta jendeak Madrilera joan behar izan zuen lanera. Mozketa haien ondoren berriro etorri zen Euskadin zinema egiteko apustua, euskaraz gainera.

Garairako elkarrekin film laburrak egiten hasiak zineten.

T.E.: Madrilen lanean ari ginela, film labur bat egitea erabaki genuen, Ondo pasatu genuen eta txukun geratu zitzaigun.

A.A.: Sari batzuk ere jaso zituen, mundutik bidaiatzeko aukera eskaini zigun...

Nola ikusi duzue urte hauetan euskal zinemaren bilakaera?

A.A.: Pelikulak egitea oso zaila da, prozesu oso luzea. Boladaka joan da. Garai batzuetan pelikula gutxi egin izan dira, orain film asko daude baina nork daki zer gertatuko den datorren urtean. Garbi ikusten dudana, gero eta proposamen ezberdin gehiago dagoela eta gero eta emakume gehiago dagoela zinema egiten.

T.E.: Gaiaren aldetik ere asko zabaldu da. Guk komedia bat egin genuen, bere baitan drama ere bazeukana eta, ondo funtzionatu zuenez, beste batzuek komediak egiten hasi ziren bata bestearen atzetik. Moriartikoak dramak egiten hasi zirenean apurtu zen hori eta pixkanaka zabaldu egin da, zinema egiten geroz eta jende gehiago dagoen heinean.

Zuzendari lanean elkarrekin aritu zarete, baita bakarka ere. Zer da zailagoa, elkarrekin lan egitea ala bakarrik?

T.E.: Gaur egun, agian, elkarrekin lan egitea (barre egin dute biek). Urte berri on, amona (2011) bakarrik zuzendu nuenean, albo batera begiratzen nuen Asierren faltan.

A.A.: Elkarrekin konplizitate handia geneukan. Filmatzen barre asko egin izan dugu, are gehiago, produkzio osoan zehar. Bakarrik zuzentzea, bestalde, erronka bat da. Bikotean zuzentzea faltan botatzen duzu, noski, baina barruan dituzun istorioak zure erara kontatzea ere bada erronka. Bi aukerak dira politak.

Asier, ‘Karmele’ aurkeztu zenuen atzo Zinemaldian. Luze joan den prozesua izan da.

A.A.: Pelikula bat altxatzea eta egitea oso prozesu luzea da. Karmele, gainera, garaiko film bat da eta horrek zenbait kontu zaildu egiten ditu. Txukun egin dugun pelikula da. Hor ez dago aitzakiarik, behar adina denbora hartu dugu ondo zaintzeko.

Familia baten bizipen errealetan oinarrituta dago. Zer interesatu zitzaizun?

A.A.: Harritu egin ninduen. Txomin, Karmele Urrestiren senarra, tronpetista profesionala izan zen. Karmeleren anaietako bat Ezkabako kartzelan egon zen; Karmelek berak, aldiz, Eresoinkan parte hartu zuen eta erizaina izan zen Gerra Zibilean. Elementu zinematografikoz beteriko istorioa zen. Tropa nazionalek Ondarroatik bota zituzten, gero muga pasa eta Parisen egon ziren Alemaniaren inbasioaren aurretik, Caracasen erbestean ere izan ziren... Oso pertsona interesgarriz osatutako familia zen.

Nola prestatu zenuen?

A.A.: Alde batetik, Kirmen Uriberen liburua dago; bestetik, oraindik bizirik zeuden Karmele eta Txominen seme-alabak elkarrizketatu nituen. Detaile asko nituen eta azkenean pertsonaietan ipini nuen indarra. Beste guztia horien inguruan mugitzen da. Esan behar dut, Karmele ez zela posible izango, Handia (2017) ikusi izan ez banu. Hura ikusitakoan konturatu nintzen garaiko pelikula bat egin genezakeela, ez bakarrik pelikula txikiak eta intimoak.

T.E.: Begira nola aldatu diren gauzak! Urte berri on, amona egin genuenean hiru egunez joan ginen Benidormera filmatzera. Euskal Herritik kanpo zerbait grabatu ahal izatea luxua zen garai hartan. Gutxinaka goraka egin dugu eta elkar elikatu gara.

A.A.: Pelikula gehiago egiteari esker talde teknikoek gero eta eskarmentu handiagoa dute eta, ondorioz, goraka goaz guztiok.

Telmo Esnal

"Sari hau, gure ibilbidean lagundu diguten guztiekin konpartitu nahiko genuke"

Telmo Esnal

Telmo, ‘Dantza’ (2018), ‘Agur, Etxebeste’ (2019) eta ‘Urtzen’ (2020) segidan zuzendu ostean, oraingoz zuzendaritza alde batera utzi duzu eta lan teknikoetara itzuli zara. Zergatik?

T.E.: Hiru film horiek egin ostean, saturatu bezala egin nintzen. Gero, nire egoera pertsonala ere aldatu egin da. Beraz, lehen planotik piska bat aldentzea erabaki dut eta zuzendari laguntzaile lanetara itzuli naiz. Ekoizpen bakoitzeko lan finkoa da, denbora konkretu bat irauten duena. Zuzentzea, ordea, gutxienez bi urteko lana da eta buruhauste asko dakarzkizu.

‘Moriarti’-koekin ‘Maspalomas’-en ibili zara zuzendari laguntzaile lanean.

T.E.: Handia egin nuen haiekin, baita Marco ere. Azkena, Maspalomas. eta Asier Urbietaren Faisaien irlan ere lan egin nuen. Orain idazten ari naiz berriro, zerbait aterako da, agian, ala agian ez.

Asier, ekoiztetxe bat ere baduzue, Txintxua Films. Nola ikusten duzue zinemako kenkari fiskalen kontua. Lagungarria da euskal zinemarentzat ala konpetentzia sustatzen du? Estatu mailako ekoiztetxe asko hemen ari dira beraien bulegoak irekitzen...

A.A.: Mozkorraldi bat bezala ikusten dut, bat-batean hainbeste diru, hainbeste errodaje... Kenkari fiskalik gabe Karmele beste modu batekoa izango zen. Finantziaketa oso konplikatua zen. Ondo etorri zaigu. Lehen filmak ekoizteko genituen hainbat zailtasun desagertu egin dira. Pizgarri fiskalek arazoak ere ekarri dituzte. Ondo etorri zaigu guri, baina, diozun bezala, enpresa asko kanpotik hona etorri dira. Beti da ona pelikulak ekoiztea eta, zenbat eta gehiago egin, aukera gehiago egongo da horietako batzuk onak izateko. Ez dakit, ordea, egoera honek zenbat iraungo duen, ez dut uste betiko izango denik. Guk oinak lurrean jarrita jarraitzen dugu.

Nola ikusten duzu zuk, Telmo?

T.E.: Gauzak asko aldatu dira. Handia egin genuenean kristoren ekipo handia genuela uste genuen, baina gaurko egunean tamainaz nahiko kopuru normalekoa izan zela esan genezake. Gaur egun, lanpostu guztietan behar duzun jendea bikoiztu egin da.

A.A.: Ekoizpenaren alderdi asko aldatu egin dira. Horrek esan nahi du garestitu egin dela zinema egitea. Beraz, egoera hau noizbait bukatzen baldin bada, ikusi egin behar ea nola itzuliko garen aurreko egoerara.

T.E.: Bueltatuko gara, ohituta gaude aurrekontu txikiekin zinema egiten (barre egin du).

A.A.: Aupa Etxebeste! egiteko berrogei bat lagun edo izan ginen. Karmele egiteko Ander Sistiagarekin Lekeitiora joan ginenean, lantaldean zenbat ginen galdetu nion. Ehundik gora ginela erantzun zidanean, zur eta lur geratu nintzen. Sumatzen genuen, noski, lokalizatzera joan, atzera begiratu eta jende piloa ikusten genuenean. Diodan bezala, mozkorraldi bat ari gara bizitzen, eta ezin jakin ajea nolakoa izango den.