Alemania, Txile, Txina, Kuba, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, Japonia, Portugal eta Erresuma Batuko hamahiru film labur lehiatuko dira Nest The Mediapro Studio saria eskuratzeko irailaren 20tik 28ra egingo den 72. Zinemaldian.

Gainera, 428 filmek eman dute izena zinema ikasleen nazioarteko topaketaren XXIII. edizioan, sekzioak inoiz izan duen zifrarik altuenean.

Izen emate errekorra

Donostiako Zinemaldiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, guztira 13 film labur aukeratu dituzte Nest sailerako, 48 herrialdetako 200 eskolatako 428 proposamenen artean, eta horrek "Donostia Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketaren historian izen emate errekorra suposatzen du".

Hautatutako eskolak Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwanekoak dira.

Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatuta, Nest atalak mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutarazten ditu.

Aipatu iturrien arabera, Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwango hamalau zinema ikasle irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala) elkartuko dira. Bost egun horietan, beren lanak aurkeztuko dituzte, zinemagileen elkarrizketetan parte hartuko dute eta industriako profesionalekin topaketak egingo dituzte.

Aukeratutako lanetan, aniztasun geografikoa, tematikoa eta estilistikoa, fikzioak eta fikziorik eza nerabe problematikoei, agertoki distopikoei, familia-gatazkei, espazio naturalen garrantziari edo doluaren eta gaixotasunaren mamuei buruzko begirada pertsonalarekin uztartzen dira.

Saria

Zinema arloko pertsona ospetsuek eta aukeratutako eskoletako ikasleek osatutako epaimahaiak Nest The Mediapro Studio saria emango du, 10.000 eurokoa film labur irabazlearentzat.2002an sortu zenetik, Nest-ek 1.000 zinemagile gazte baino gehiago eta 380 film labur baino gehiago, ehun eskola magistral eta zinema industriako profesionalekin elkarrizketak izan ditu.

Ikasleen topaketan, sekzioaren historian saritutako film labur guztiak proiektatuko dira Medialab Tabakalerako estudioan, etenik gabe. Sarrera librea da.

Lanak

Edizio honetan hurrengo lanak lehiatuko dira: Adios, José Prats (Espainia); Bona nit, rambles/ Good Night, Rambles (Buenas noches, rambles), Maria Bareche eta Clara Barfull (Espaina); Chuvas de verão/ Summer Rains, Mário Veloso (Portugal); El reinado de Antoine/ The Reign of Antoine, José Luis Jiménez Gómez (Dominikar Errepublika); El tercer paisaje/ The Third Landscape, Julen Etxebarria (Espainia); eta He tong/ And I Talk Like a River, Ning Qian (Txina).

Baita Las valgus paista metsale/ Let The Light Rise Upon The Forest , Hanna-Mirtel Paas (Estonia): Picnic, Yuki Hirata (Japonia); Si on a la nuit/ Two Night Owls in Paris, Pierre Bermond (Frantzia); The Slip, Alex Sherman (AEB); Volver a recorrer las mismas calles/ Retracing the Same Streets, Beatriz Arias González (Txile) eta Wild Child, Sif Lina Lambk (Danimarka).