Ni naiz naizena transei buruzko websaila zuzendu ondoren, Izaskun Arandiak (Tolosa, 1972) Londreseko The Way Out dantzalekuko erradiografia egin nahi izan du bere lehen lan luzean. Horretarako kluba “gotorlekutzat” hartu duten bost pertsonen ahotsa jaso du: Vicky Lee (jabea), Lesley, Andie, Kam eta Geri. Zinemaldian gaur azteazkena aurkeztu ondoren, Atera Filmsek banatuko du Estatu mailan eta 2023ko martxoan estreinatu nahi dute.

My Way Out’ zure lehen lan luzea da.

Ez zen zerbait kontzientea izan. Yogurina Borovarekin hasi nuen proiektua, hark eman zidan Londoneko The Way Out dantzalekuaren berri. Asko interesatzen zitzaidan gaia zen eta beste zuzendari bati eskaini ordez, neronek hartu nuen lan hori.

Nola ezagutu zenituen dokumentalean agertzen diren pertsonak.

14 urte eman nituen Ingalaterran eta horietatik zortzi Londonen. Halere, garai hartan ez nuen dantzalekua ezagutu. Yogurinarekin proiektua garatzen ari ginela, azkenean Ni naiz naizena websaila bihurtu zena, Londresera bidaia egin nuen dantzalekua ezagutzeko. Pasada bat izan zen: lehen bisita horretan oso leku berezia iruditu zitzaidan, oso magikoa. Gogoan dut nola pentsatu nuen nire laurogeita hamapiku urteko amona ere gustura egongo zela bertan. Vicky Lee, jabea, da horren erantzulea: beti giro polita egotea ziurtatzen du, jendea eroso sentitzearen alde dabil beti.

The Way Out dantzalekua babesleku ere bada?

Dudarik gabe. Leku askea da, leku segurua, edonor oso eroso sentitzen den lekua.

Dokumentala garai onean kaleratu da, transen eskubideen inguruko auzia kalean baitago.

Bai. Dokumentala garai onean atera da, baina proiektua hasi genuenean ez zen gai honetaz hainbeste hitz egiten. Jendeak pixka bat arraro begiratzen gintuen dokumental hau egitera gindoazela esandakoan. Finantziazio aldetik ere arazoak izan ditugu. Aspaldi hasi ginen gai honekin bueltaka, eta ez dugu laguntza publikorik lortu. Ez dakit lantzen duen gaiak horretan zerikusirik ba ote duen, baina pentsatzen dut, agian, baietz. Orain hasiko bagina gai hau lantzen, agian beste kontu bat izango litzateke. Zinea oso tresna ahaltsua iruditzen zait gai hauei ikusgarritasuna emateko. Pozik ikusi dut, proiektu hau garatzen joan garen heinean gaiak ere bere lekua hartu duela kontzientzia publikoan.

Aurreiritzi asko egon izan dira beti gai honen inguruan.

Oraindik ere, Twitterren sartu besterik ez dago (barre egiten du). Espero dezagun hori aldatzea. Sinestezina iruditzen zait 2022an, oraindik, horrela ibiltzea. Hori izan zen Vicky-ri galdetu nion gauzetako bat eta, baita ere, bada dokumentalaren hipotesietako bat: zergatik oraindik, 2022an, beharrezkoa da Way Out bezalako leku bat? Pelikula ikusi beharko duzu erantzuna jakiteko (barreak).

Pertsona oso desberdinak elkarrizketatu dituzu.

Hori zen nire helburuetako bat. Dokumentalean elkarrizketatzen ditudanen artean badago belaunaldi jauzi bat. Baita kulturala ere: interesgarria iruditzen zitzaidan kultura ezberdinetan trans gaia nola hartzen zuten erakustea. Vicky Lee-k eta Andie-k soilik urte beteko aldea dute, 50. hamarkadaren amaieran eta 60. hamarkadaren hasieran haurrak ziren eta hamarkada horretan nerabe zirela hazi ziren. Garai horietan, inkluso, sentitzen zutena eta zirena adieraztea kosta egiten zitzaien, artean hitzik ere ez zegoelako. Gerora, Internet sarearen hedapenarekin adierazpen aukerak handitu egin dira, eta ez hori bakarrik, ispilua bailitzan funtzionatu du: askok, besteen esperientziaren bitartez identifikatu eta gertatzen ari zitzaiena errazago identifikatzea lortu dute.

Elkarrizketatutako beste emakume hauetako batek, Kam-ek, trantsizio-istorioak beti ez direla tristeak aldarrikatzen du, berak maitasuna topatu duela bidean.

Mezu hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Zoritxarrez oso ohikoa izaten da hainbat trans pertsonek beraien buruaz beste egiten ikustea. Bere mezua da, baietz, gauza horiek gertatzen direla, baina berea badela istorio alai bat, pozik bizi dela amets eta ilusioekin, beste edozein pertsona bezala.

Dokumental honek aldatu egin al zaitu?

Izugarri. Asko ikasi dut. Uste dut pertsona irekiagoa egin nauela, nire generoa eta berau nola bizi dudan kuestionatzera eraman nau, baita nire sexualitatea orokorrean ere.

Pandemiak baldintzatu al zuen filmaketa?

Jakina. Proiektua gauzatzeko prozesu luze horretan, hiru momentutan bertan behera geldituko zela pentsatu ere egin nuen. Horietako bat 2020ko martxoan etorri zen, dantzalekua itxi zutenean. Guk azken grabaketak 2020ko abuztuan egitea aurreikusita genuen. Ezjakintasuna nagusitu zen, inork ez zekien itxialdia hilabete batekoa edo gehiagokoa izango zen. Nik Vicky eta beste protagonistekin kontaktuan jarraitu nuen, baina berak ere ez zekien noiz ireki ahal izango zuen dantzalekua. Ingalaterran, gainera, gauzak oso gaizki zeuden. Abuztu horretan, muntaketarekin hastea erabaki nuen, zer neukan argi izateko. 2020an Vicky-k 65 urte zituen eta pentsatu nuen, agian, egoera aprobetxa zezakeela jubilatzeko. Halere, orduan egin nezakeen gauza bakarrarekin hasi nintzen, dokumentala muntatzen. Gutxi gorabehera My Way Out muntatua nuela, 2021eko urrian erabaki zuen Vicky-k dantzalekua irekitzea; orduan, pandemiaren gaia sartzea pentsatu nuen: urte eta erdiz, dantzalekura joaten zen komunitatearen gotorlekua itxirik mantendu zelako.

Dokumentalari epilogo bat txertatzea erabaki zenuen, orduan.

Bai, berrirekitze festa grabatzera joan nintzen. Hori izan zen gure azken grabaketa, lehengo urteko urrian. Pandemiak izugarrizko garrantzia izan zuen gure filmean, kolokan jarri baitzuen dokumentala.

Orduan, nolakoa izan da muntaketa lana?

Oso gogorra, hilabete asko pasa ditut horretan. Ikuspegi profesionaletik eta kolektiboarekiko begiruneagatik, nire obsesioetako bat lan duina egitea zen. Horretarako ordu pila sartu behar izan ditugu muntaian.