Ziurgabetasuna da aurtengo Kilometroen edizioa ondoen definitzen duen hitza. "Hasiera batean egindako planifikazioa ezin izan dugu aurrera eraman, eta etengabe egokitu behar izan dugu pandemia dela eta", azaldu du Mikel Egibar Kilometroetako koordina-tzaile iraunkorrak.

Hala eta guztiz ere, "pozik" daudela aitortu du, neurri batean lortu dutelako egoerari aurre egitea eta egindako lana ezerezean ez delakoan geldituko dago. "Oso frustrantea izan da martxoaren amaieratik aurrera planifikatuta zegoena bertan behera gelditzen zela ikustea. Hala ere, aurtengo ediziorako prestatutako kapital guzti hori karpeta batean gordeta egongo da datorren urtera arte".

Aurtengo lanari buruz zerbait azpimarratzekotan, Zubimusu ikastolako komunitatearen inplikazioa nabarmentzen du: "Kilometroak antolatzeko orduan, ezinbestekoa da auzolana, alegia, ikastolako komunitatearekin elkarlanean ari-tzea, elkarlan horren ondorioz lor-tzen baita lan dinamika guztia aurrera eramatea. Gainera ikastolako komunitatea sendotu eta indartzea lortzen da. Aurtengoan, Zubimusu ikastolako komunitatearen inplikazioa erabatekoa izan da eta horrik esker lortu dugu aurrera egitea", esan du Egibarrek.

Bigarren ezinbesteko osagaia herriko eragileekiko harremanak osatzen du eta kasu honetan ere benetan aberatsa izan dela azpimarratu du: "Bertsolaritzari buruzko, zehazki, zirto tradizioari buruzko ikerketa beka izan da lankidetza horretatik eratorri den emaitzarik esanguratsuenetakoa". Atzo egin zen bekaren aurkezpena Zizurkilen eta bertso-saioa ere egon zen.

Oraindik ere beharrezko

Aurtengoa 44. edizioa litzateke. Baina 2020koa ezberdina izateko jaio zen, izan ere, pandemiak jo baino lehen, eredu berri bat martxan jar-tzeko ardura baitzuen. "Orain arte, jaialdi baten inguruan zegoen dena antolatuta eta duela bost urte horren inguruan hausnartzeari ekin genion. Jatorriz festak zuen helburua eta jaialdia bera nola bizi zen aztertu ondoren, zera ondorioztatu genuen: Kilometroak bezalako elkartasun ekimenak behar beharrezkoak dituela ikastolen mugimenduak eta oro har euskal kulturak, baina nolabait doitu beharra genituela. Bestalde, jaialdi masifikatutik aldendu beharra ikusi genuen, lurralde guztian zehar eta urte osoan zehar egin beharreko ekitaldi anitzen alde eginez", argitu du Egibarrek.

Izan ere, euskalduntze prozesuan ikastolak ezinbesteko elementu diren aldetik, funtzio sozial garran-tzitsua betetzen dute oraindik ere. "Euskal Herriak ikastolak beharrezkoak ditu bere proiektu nazionala eraikitzeko. Herri ekimenetik sortu dena pribatu izaten jarraitu behar ote duen hori betiko eztabaida", gaineratu du.

Zikloaren amaiera eta lekukoa

Bihar, jaialdia egingo zen egunean, ziklo honen amaiera etorriko da, testigu aldaketarekin. Oraindik ez da aditzera eman zein ikastolak hartuko duen lekukoa, bihar jakingo dugu, antolatutako ekitaldi xume batean. "Biharkoa ez da izango jendea erakartzeko ekitaldi bat, baizik eta ziklo hau ixteko eta horretan lan egin dutenei egindakoa eskertzeko". Ikusteko dago, ordea, datorren urteak zer ekarriko digun.