Síguenos en redes sociales:

Tribuna abierta

Elkar lotzen gaituen soka

Herri bat, lurralde bat, ezin liteke gizabanakoen batura soila izan

Elkar lotzen gaituen sokaEider Mendoza

Izena badu, bada. Halaxe esan ohi dugu euskaldunok. Eskutik etorri ohi diren kontzeptuak baitira, izena eta izana, gure kulturan.

Esamolde horren argitan, baieztatu dezakegu gipuzkoarrok dagoeneko komunitate ginela, orain dela mila urte. Izan ere, 1025. urtekoa da Gipuzkoaren idatzizko aipamenik zaharrena. Urte horri lotuta, Ipuscua hitza idatzi zuen eskribau batek Goi Erdi Aroan. Dokumentu hartan jaso zuenez, Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek eta haren emazte Gayla de Iputza andereak Olazabaleko Salbatore monastegia –egungo Altzon– dohaintzan eman zieten San Juan de la Peñako monjeei –egungo Aragoin–, bere babespean zeuden beste hainbat lurrekin batera.

Efemeride honek aukera ederra eskaintzen digu gipuzkoarroi gure burua hobeto ezagutzeko. Batetik, garaian garaiko eboluzioari, erakundetzeari edota mugarri historikoei buruz hitz egiteko. Eta, bestetik, orain dela mila urteko ipuscuarrak eta gaur egungo gipuzkoarrok lotzen gaituzten balio-katebegiez hitz egiteko.

Komunitate balio horiek ospatu asmoz, Gipuzkoako herri ordezkariok Tolosako Euskal Herria plazan batu ginen joan den larunbatean, erakunde ekitaldi esanguratsu batean. Ohorezko soka-dantzara lotu ginen bertan Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, hainbat eta hainbat alkate eta diputatu nagusia.

Dantzak gogorarazten digu elkar loturik gaudela; elkarrekin osatzen dugula komunitatea; gutako baten arazoak guztionak direla; elkarrekin lan egin eta bizi nahi dugula. Eta elkarrekin ospatu nahi dugula. Deba, Urola, Oria, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa. Hondarribiatik Leintz-Gatzagara, Mutrikutik Ataunera, Gipuzkoa osoko herritar eta herri ordezkari, hiri, auzo eta herri. Komunitate osoa aldenik alde elkar lotu eta josten duen soka dela gurea.

Azalerari erreparatuta, lurralde txikia osatzen dugu. Eta, hala ere, munduan arrastoa utzi duten hainbat gertaera eta bidegile handiren sehaska gara. Izan dugu eta badugu munduarekin zer partekatua. Bizi izan ditugu une latzak ere; horietako batzuk ez dira gertatu zaharrak.

Horiek guztiak gogoan, Gipuzkoa hitzaren milurtekoa ospatzerakoan, harrotasunez aldarrikatzen dugu gipuzkoarron izana; ozen aldarrikatu mende luzez guztion artean garatzen eta lantzen joan garen balio sendoak. Gipuzkoa bera josten dutenak. Zentzu komunitario indartsua, mendeetan errotzen joan dena eta, zailtasun garaietan, aurrera egiten lagundu diguna, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanetan eta elkar-ekintzan.

Indar komunitario horrek bultzaturik, Gipuzkoan azken hamarkadetan ekonomian, hezkuntzan, euskalgintzan, osasungintzan, gizarte babesean, kiroletan edota herrigintzan, besteak beste, abian jarri ditugu makina bat ekimen eraldatzaile. Gaur egun ere, milaka herritar konprometitzen dira komunitatearekin, izaera anitzetako elkarte eta taldeen bitartez. Ekimen horien guztien oinarrian balioak daude. Gipuzkoar komunitate bizi eta sendoaren balioak.

Egungo mundu ziurgabe eta aldakorrean, baina, hedatzen ari dira indibidualismoa, autoritarismoa eta bortizkeria. Gipuzkoa eta Euskal Herria ez dira irla bat.

Etorkizunera begira, ezinbestekoa dugu komunitate balioak indartzea. Horrek lagunduko digulako, orain arte bezala, elkarri eusten. Horregatik, armarriko hiru haginak nola, bereziki hiru balio errotzen jarraitzeko premian jarri nahi dut arreta.

Lehen balioa da euskara. Joxe Azurmendik esana da euskararen hautua dela “herri desegin bat berregiteko hautua”. Euskara da, gipuzkoar eta euskaldun bezala, komunitatea kohesionatu eta gure izanaren bihotz-bihotzean dagoen ezaugarria. Eta euskarak konpromisoa eta elkarlana behar ditu, azken urteotan hizkuntza eta euskal hiztunok kokatu garen bidegurutzean, atzerakadaren arriskua uxatzeko.

Bigarren balioa da elkartasuna. Berdintasun eta justizia sen nabarmena dugulako gipuzkoarrok. Horrek laguntzen digu berritzaileak izaten, ekiten, gizartea eta ekonomia antolatzeko bide justuagoak topatzen, emakumeok gizartean merezi dugun lekua aldarrikatzen eta lantzen. Elkartasuna, munduan zehar injustizia, zapalkuntza eta itxikeria sufritzen ari diren herriekin, bereziki azken hilabeteotan Gazarekin, eta baita ere Ukrainarekin. Elkartasuna, gure artean zailtasun gehien dituzten pertsonekin, inor atzean utzi gabe.

Hirugarren balioa da autogobernatzeko borondate irmoa. Gure herriak asmatu badu aurrera egiten, izan da izaera propioa duelako, jakin duelako bere burua antolatzen, lege eta erakunde propioak garatzen eta defendatzen. Baita garai zailenetan ere. Horregatik, Gipuzkoaren milurtekoa probestuz, aldarrikatu nahi ditugu elkarri eman dizkiogun sinboloak –lurralde nahiz herri mailakoak eta, bereziki, ikurrina– herri honen nortasuna irudikatzen dutelako. Nondik gatozen, zer garen eta zergatik.

Hiru balio horiek, besteak beste, gainontzeko euskal lurrekin batzen gaituzte. Bat egin dezagun guztiok, komunitatea oinarri hartuta, gure erakunde propioak garatzen eta defendatzen, herria eraikitzen.

Aurrera begira, komunitate gisa lotzen gaituen sokari sendo eustea da aurrera egiteko modua, sustraiak lurrean sendo ditugula, norabidea argi. Asko dugu jokoan. Komunitatearen kohesioa eta balio partekatuak ahultzen direnean, demokrazia bera ahultzen delako.

Herri bat, lurralde bat, ezin liteke gizabanakoen batura soila izan. Behar ditu balio partekatuak, behar du komunitate sentipen sustraitua. Herri nortasun propioa. Horrek ekarri gaitu mendez mende orainera, eta horri eutsi behar diogu euskal herritar eta gipuzkoar gisa etorkizuna izan dezagun.

Gipuzkoarron “gu” horrek jarraipena izatea nahi dugu. Gipuzkoa izan dadin, gerora ere, herri baten parte den komunitate arduratsua, berdinzalea, euskaraz bizi dena, orekatua eta bidezkoa, pertsona guztien ongizate osoa zaintzen duena. Elkarri eskutik heldu eta egin dezagun aurrera, Juan Antonio Urbeltzek dioen bezala, “guztiok garelako soka berekoak”.

Eta, zergatik ez, mila urte igarotzean, norbaitek esan dezan, hemen zutik jarraitzen duela komunitate batek, Aralar eta Aizkorriko mendietatik kostalderainoko lurretan, Bidasoa eta Deba ibaien artean, dantzan eta kantuan. Eta Pirinioen bi aldeetan badela herri bat, kantuan eta dantzan ospatzen duena bere izena eta izana.