Orain dela bi aste, ziurgabetasun demokratikoari buruzko jardunaldi batean parte hartzeko aukera eduki nuen Bruselan, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan. Gipuzkoan abian jarritako lankidetzazko gobernantza eredua aurkezteaz gain, demokraziak bizi dituen desafioei buruz gogoeta egin genuen, europar erakundeetako hainbat ordezkarirekin batera. Bertatik bertara ikusi ahal izan genuen zer nolako garrantzia ematen dioten Europan balio demokratikoen defentsari. Ardura horren lekuko, Demokrazia eta Demografia gaietarako Europar Batzordeko presidenteordeak, Dubravka Šuicak, esandako hitzak: “Demokrazia ez dugu egintzat jo behar, etengabe landu eta indartu beharreko balioa da”.

Zalantzarik gabe, balio demokratikoek hil ala biziko garrantzia hartzen dute, gero eta mundu polarizatuago batean, Ukrainan –Europaren bihotzean– Errusiak hasitako inbasio-guda baten erdian, sare sozialek eta adimen artifizialak baldintzatutako errealitate baten aurrean, eta populismoen eta autoritarismoen mehatxupean. Bakea, pertsona ororen duintasuna, elkarbizitza, aniztasuna eta justizia soziala defendatzeak eskatzen baitu, beste behin ere, demokrazia defendatzea.

Testuinguru global horretan ospatzen dugu aurtengo Aberri Eguna, Euskal Herriko eta Euskal Aberriko kide sentitzen garen guztion eguna. Euskal lurralde historikoetan nahiz mundu osoan zehar, euskaldunontzat ospakizunerako hitzordua. Batetik, gure aurrekoek, sakrifizio handiz, Euskadi demokratiko eta libre baten alde egindako guztia aitortzeko parada. Azken hamarkadetan herrigintzan emandako urrats handiak ospatzeko okasioa, alegia. Bestetik, baita ere, garai aldakor hauetan, euskal nazioaren gaurko eta biharko erronkak aztertu eta partekatzeko aukera, nahiz gure herriaren eskubideak aldarrikatzeko eguna.

Ez dira nolanahikoak Euskadiri eta euskal herritarroi bete-betean eragiten diguten desafio globalak. Hala nola, abiadura bizian digitalizatzen ari den ekonomia batera egokitzea, gure enpresen bizitasunari eutsiz, gaur egun eta etorkizunean ere kalitatezko enpleguaren sorrera bermatuz; desberdintasun sozialen aurka borrokatzea, aniztasunaren baliotik abiatuz, euskal herritarren eskubideak garatuz, familien ongizatea zainduz, gizarte kohesionatu gisa pertsona ororen babesa ziurtatuz; aldaketa klimatikoari aurre egitea, gizartearen eta ekonomiaren deskarbonizazioan urratsak emanez; emakumeen eta gizonen berdintasun erreala gauzatzea; gero eta zaharkituagoa den gizarte batean belaunaldien arteko zubiak eraikitzea, adinekoen partaidetza aktiboa bultzatuz eta gazteek gizarteko maila guztietan erreleboa hartu dezaten sustatuz.

Baditugu berariaz gureak ditugun erronkak ere. Horietatik hiru aipatu nahi nituzke hemen, labur bada ere. Lehena, hainbat hamarkadaz sufritu dugun biolentzia bidegabearen ostean, egia, eragindako minaren aitortza, erreparazioa eta autokritika politikoan oinarritutako memoria garatzeko premia. Horrela bakarrik lortuko dugulako ondorengo belaunaldiei etorkizun demokratiko sendo bat uztea. Bigarrena, euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea, euskararen erabilera soziala indartuz, kontuan izanda euskara dela gure izaeraren zutabe nagusietako bat, nagusiena ez bada. Eta, hirugarrena, hiru administrazio eremutan banaturik dauden euskal lurralde historikoen arteko harremanak indartzea, komunak ditugun desafioei lankidetzatik ekinez. Euskal Herriaren baitako azken erronka honek, gainera, bereziki eragiten digu gipuzkoarroi, gainontzeko euskal lurralde guztiekin mugakide garela kontuan izanda.

Desafioen aurrean, baina, euskal herritarrok ez gara ezkortasunean eta konformismoan iltzaturik geratzen. Jose Antonio Agirre lehendakariak –hain zuzen ere, Euskadi Europa demokratiko batean irudikatu eta garatzeko oinarriak jarri zituen berak– hala adierazi zuen La Habanako Unibertsitatean egindako hitzaldi gogoangarrian, Unamuno eta Barojak euskal Aberriarekiko zuten ezkortasunari erreferentzia eginez. “Guk, jaun-andreok, baikorra den belaunaldi bat ordezkatzen dugu, herria altxatzeaz harago, herri baten sakrifizioak eta askatasunaren aldeko borrokak konpartitzen dituen belaunaldi bat. Gure herria, izan ere, bizirik dago eta biziko da”.

Pandemia gogor baten hondarrean, zeinak utzi duen euskal herritarron artean ere sufrimendu arrasto sakon bat, eta baita Errusiak bidegabeki hasitako inbasio gerraren ondorio larrien eraginpean, Agirreren hitzek esanahi berezia hartzen dute.

Izan ere, garai gorabeheratsu hauetan, Euskal Aberri bizi, kohesionatu eta indartsu baten ideiak gaurkotasun izugarria du. Gure aurrekoek, giza duintasuna, demokrazia eta justizia soziala oinarri hartuta, hain ondo defendatu eta garatu zituzten ideiak, gaur egun ere, beharrezko eragile edo motor dira, zalantzarik gabe, aurrean ditugun desafioei aurre egiteko garaian.

Gero eta anitzagoa den gizarte batean, banaketa eta polarizazioa oinarri dutenen aurrean, nazioa eraikitzeak errealitate anitzak norabide batean elkartzea dakar, euskal gizartearen komunitate izaera indartzea, inori nondik datorren galdetu gabe. Eralda-tzeei aurre egitea dakar, Euskadiren aurrerabidea bilatzearekin bat, egunero-egunero euskaldun guztion eskubideak eta ongizatea indartuz. Euskal erakundeen eta gure autogobernuaren eskuduntzak murriztu nahi dituztenen aurrean, berauek atsedenik gabe defendatu eta garatzea dakar, akordioak bilatuz baina muga bakarra euskal herritarren erabakia bera izanik.

Gizartearen zatiketa eta norbere ideien gailentze hutsa bilatzen duten korronteetatik aldenduz, Minouche Shafik ekonomialariak XXI. mende honetarako “gizarte akordio” berri bat proposatzen du. Gaur egungoa baino inklusiboagoa izango den gizarte bat eraikitzeko, non elkarren arteko mendekotasunaren aitortzatik eta gizarte babesaren bermetik abiatuz, pertsonak lehentasun bezala jarri eta balizko eraldatzeei guztiok batera aurre egingo diegun. “Aldaketak etorriko dira, hori saihestezina da, eraldatze teknologikoen, demografikoen eta ingurumenaren presioak hala eraginda. Galdera da ea aldaketa horietarako prestatzen garen edota, indar izugarri horiei uzten diegun, besterik gabe, gure gizartea astintzen”.

Gaur, Aberri Egunean, euskal nazioa bizirik dela eta bizirik jarraituko duela ospatzearekin bat, aurreko belaunaldiek egindako guztia aitortzen dugu eta etorkizunari arduraz, baikortasunez eta konfiantzaz begiratzen diogu. Euskal Aberriaren aldarria berritzen dugu, herri libre, demokratiko, justu eta kohesionatu baten garapenean aurrera egiteko, eta, eraldatze sozial eta ekonomiko berrien garaian, gizarte akordio berrien indar eragile nagusi izateko.