Duela 21 urte, 2002ko uztailaren 18an jantzi zuen euskal txirrindulari batek azkenekoz, txirrindularitzaren maillotik preziatuena. Igor Gonzalez de Galdeanok (Gasteiz, 1973) zazpi egunez soinean eraman zuen jertse horia galdu egin zuen Pirinioetako La Mongie estazioko etapa amaieran. Laugarren etapako taldekako erlojupekoan bere taldea (ONCE-Eroski) nagusi izan zen, eta horri esker hartu zuen lidergoa Gonzalez de Galdeanok.

Tourmaleteko aldapetan eta Lance Armstrong dopatuaren aurrean baino ez zuen amore eman; orduan amerikarra bere laugarren Tourra irabazteko bidean zen, nahiz eta gero 1998 eta 2011 artean oratutako palmares guztia ezerezean geratu. Txirrindulari gasteiztarraren aurretik, Euskal Herrian jaiotako beste lau txirrindularik izan zuten Tourrak 1919ko uztailaren 19an estreinatu zuen maillota janzteko pribilegioa. 

Lehena Roger Lapébie (Baiona, 1911; Pessac, 1996) izan zen, eta Gonzalez de Galdeanok bezalaxe, uztailaren 18arekin jantzi zuen maillot preziatua; Lapébiek 1937an, ordea. Jantzi bakarrik ez, edizio hura irabazi egin baitzuen; polemikaz jositako Tourra izan zen, txirrindulari belgikarra sailkapen nagusiko buruan zegoela, Sylvere Maeslen taldea blokean erretiratu baitzen, Henri Desgrange lasterketako patroiak Frantziako selekzioa lehenesten zuela argudiatuta.

IGOR GONZALEZ DE GALDEANO IZAN DA JANTZI PREZIATUA JANTZI DUEN AZKEN EUSKALDUNA, 2002AN

1934ko Tourrean hirugarren izan zen Lapébiek, guztira zortzi etapa irabazi zituen Frantziako itzulian. Zinez harrigarria izan zen Jose Maria Errandoneak (Irun, 1940) lortutako maillot horia. Aurreikuspen guztiak hankaz gora bota eta 1967an, lasterketaren historiako lehen atarikoan, garaile izan zen. 5,7 kilometroko erlojupekoa izan zen Angersen, eta faborito nagusi zen Raymond Poulidorrek.

Errandoneak apenas disfrutatu ahal izan zuen balentria hura, hurrengo etapan bertan lasterketa behera utzi behar izan baitzuen furunkulu gogaikarri batek behartuta. Handik urtebetera, Gregorio San Miguel (Balmaseda, 1950) jantzi zen horiz, Parisera iristeko bost egun falta zirela, Alpeetan, Saint-Étienne eta Grenoble artean, euriak, hotzak eta elurrak izugarri gogor bihurtu zuten 235 kilometroko etaparen ondoren. Hurrengo egunean bertan galdu zuen lidergoa, eta Eliseotako podiumaren atarian geratu zen (laugarren amaitu zuen); urte hartan Jan Janssenek irabazi zuen tourra.

Miguel Indurain (Atarrabia, 1964) dugu, alde handiarekin, Frantziako itzulian horia aldi gehienetan jantzi duen euskalduna. 60 aldiz igo zen podiumera, behin 1991n, Val Louroneko etapa mitiko hartan, Claudio Chiapuccik etapa garaipena lortu eta txirrindulari nafarrak Banesto taldearen maillot zuri-urdina Tourreko horiarekin trukatu zuenetik. 1992an Donostiako prologoan lortu zuen lidergoa, eta beste hainbeste 1993an le Puy du Fou-n. Bost Tour irabazi zituen eta dozenaka egunetan jantzi zuen onena bereizten duen maillota (hamar egunez 1991n, beste hamarretan 1992an, hamalau 1993an, hamahiru 1994an eta hamahiru 1995ean).

ROGER LAPÉBIE, ZORTZI EGUNEZ ERAMAN ZUEN MAILLOTA 1937AN N.G.

JOSE MARÍA ERRANDONEA, BI EGUN HORIZ 1967AN N.G.

GREGORIO SAN MIGUEL, 1968KO ETAPA BATEAN JANTZI ZUEN N.G.

MIGUEL INDURAIN, 60 ALDIZ JANTZI ZUEN HORIA 1991 ETA 1995 ARTEAN; BOST TOUR HORIEK IRABAZIZ EFE

IGOR GONZÁLEZ DE GALDEANO, MAILLOT HORIA ZORTZI EGUNEZ 2002AN EFE