Azkeneko urtean hausnarketa eta kezka asko azaleratu dira euskararen inguruan eta horrek nolabait adierazten du lana badaukagula, baina azkeneko prentsaurrekoan kanpora begira jarri behar izan zineten oldarraldi judiziala salatzeko.
Une honetan gertatzen ari zaigu paradoxa handi bat. Ez da barne inkoherentzia, baina bai kontraesana, ez duguna guk erabaki. Euskalgintzaren baitan ziklo bat amaitu denaren diagnostikoa badugu; eta, are gehiago, baieztapena. Horrek interpelatzen gaitu zuzenean euskal hizkuntz komunitatea osatzen dugun guztioi, baina era berean ari da gertatzen azken hamarkadetan euskararen normalizaziorako izan ditugun tresnak desegiten ari direla. Euskalgintza askotarikoa eta zabala izanik, badago une honetan batasun handi bat esaterakoan jauzi bat behar dela hizkuntza-politiketan, baina aldi berean sortzen zaigu atzeraka eramaten gaituen indar bat.
"Espero dugu Miribilla euskaltzalez beteriko elkargune bat izatea"
Kointurala dela uste duzu?
Ez dakit zenbateraino den koiunturala, ze momentu honetan bereziki botere judizialaren forma hartu badu ere, baditu sustrai diskurtsibo eta politiko batzuk. Guk uste dugu koiunturalki areagotu egiten dela enbata, baina esaten dugu badagoela etengabe euskararen normalizazioaren kontrako jarrera bat: euskara eta euskaldunon komunitatea minorizazio egoeran beti nahiko lukeen indar bat.
"Euskalgintzaren baitan, une honetan batasun handi bat dago esaterakoan jauzi bat behar dela hizkuntza-politiketan, baina aldi berean sortzen zaigu atzeraka eramaten gaituen indar bat"
Aldiz, Statu Quo politikoa ez da izan genezakeen okerrena.
Jartzen bagara mundu mailara begira, eta zehazki gure Europako zati honetara, garbi dago olatu erreakionario bat ari dela garatzen. Eskuin muturraren gorakada dator bereziki azken hamarkadetan irabazi diren eskubide askoren kontra. Eta guk esaten dugu hizkuntza minorizatuen kontrako oldarraldi hau olatu erreakionario horren parte dela.
Gobernuko ordezkari zen Carlos Urquijo zebilen lehen; orain, aldiz, bestelako jatorria dute epaitegietara iristen ari diren kexa horiek: CCOO sindikatua ari da langile elebakarren alde egiten.
Egia da azken urteetan lan enplegu publikoa egonkortzeko prozesu asko izan direla. Eta hor izan zitekeen lehian egon zitezkeen batzuen interesak eta sindikatu batzuk horiek babesten. Baina hori baino gehiago da botere judizialarekin gertatzen ari dena: Udal legearekin gertatu dena, adibidez. Gainera, Konstituzionalak ere bat egiten du horrekin. Edo EAEko Auzitegi Nagusiak iragarritakoa: bere kabuz Konstituzionalera jotzea, enplegu publikoaren azken lege-dekretuak Konstituzioa urratzen ote duen, sistema bera auzitan jarriz. Orduan, zer zoru geratzen zaigu euskararen aldeko politikak egiteko?
"Lehenago ere izan gara kinka larrian, hil ala biziko egoeratan, eta euskaltzaletasun hori aktibatu delako egin du honek guztiak aurrera"
Esan nahi duzu ez dela nolanahiko erasoa.
Espainiako estatuan ikusten duguna da eskuin erreakzionarioaren indarrak gobernuetara iristen direnean lehendabizi hartzen duten lanetako bat izaten dela hizkuntza minorizatuek irabazitako eskubideak bertan behera uztea. Eta hori oso nabarmena da, adibidez, Balear Uharteetan, Valentzian eta Galizian ere bai. Eta gobernuak ez dituzten tokietan, botere judiziala erabiltzen ari dira. Kontua da, Euskal Herrian badaukagula partikularitate bat: progresismoan lerratzen diren indarrak, baina hemen eta gai honetan, gure harridurarako, beste aldean jarri direnak.
Ez dituzu ulertzen?
Guretzat ulerkaitza da, jokoan dagoena hizkuntzaren biziraupena eta etorkizuna baita. Parametro soziolinguistikoek hori diote. Eta justizia sozialean irabaztea ere bai. Inork ezin du zalantzan jarri euskararen eta euskal-hiztun komunitatearen egoera minorizazio prozesu luze baten ondorio dela; eta horrek desabantailak sortzen ditu. Orduan, komunitate hori berdintasunean bizitzeko, ezinbeztekoa da normalizazioan aurrera egitea. Horregatik egiten zaigu hain ulerkaitza ardatz progresista horretan kokatzen diren indarrak, euskarari dagokionean, olatu erreakzionarioan kokatzen direnekin bat egitea.
"Euskararen aldeko hizkuntza-politika sendoak egin ahal izateko zoru juridiko eta politiko bat beharrezkoa da eta oldarraldi judiziala hori urratzen ari da"
Zerk kezkatzen zaitu gehien? Aipatu duzun horrek edo aurrean dauzkagunak eta UEMAk mahai gainean jarri zituen erronkak?
Uste dut banaezinak direla. Batetik, diozun bezala, baditugu erronka asko, baina horietako askori ondo erantzuteko, ezinbestekoa zaigu bestea ondo bideratuta izatea. Hau da, euskararen aldeko hizkuntza-politika sendoak egin ahal izateko zoru juridiko eta politiko bat. Uste dut migratuen edo euskal herritar berrien onarrizko eskubideetako bat dela datozen tokiko hizkuntza jasotzea. Behar ditugu euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, baina auzitan jartzen bada euskararen funtzio soziala, nola egingo dugu bide hori?
Egungo kontsumo ohiturek euskarari nola eragiten diote?
Globalizazio hiper azeleratu honetan ari gara ikusten zailtasunak ez zaizkiola hizkuntza minorizatuei bakarrik sortzen, baizik eta hedadura txikiko hizkuntzei ere bai, nahiz eta estatu-hizkuntzak izan. Ikusten ari gara Suedian, Danimarkan, Islandian ari direla neurri garrantzitsuak hartzen beren hizkuntza eta kultura babesteko, hain zuzen ere kultur kontsumoari lotutako eremuetan. Kuotak jartzen eta inbertsio ikaragarriak egiten. Eta guk hori ere ez daukagu.
Irtenbidea topatuko ote dugu?
Herri honek eta hiztun komunitate honek historian zehar zerbait erakutsi badu da oso momentu zailetan baduela sen bat aurrera egiteko, baina dudarik gabe, zoru hori gabe, askoz ere zailagoa izango da eta askoz ere ahulago eta zaurgarriagoa izango gara etorkizunean.
Egoera txarrei aurre egin diegu historian zehar, baina askotan erasotuak sentitu izan garelako. Gure bizimodu berriaren normalizazioa ez ote da arriskutsuagoa erabaki judizialak baino?
Egia da gauza asko normalizatu egin direla eta ikusi beharko genuke ere euskarari eman diogun zentzua. Ze minorizatutako hizkuntz batek aje pila bat ditu, mendeetan barneratutakoak. Eta horietako batek bereziki jokatzen du hizkuntzaren beraren prestigioarekin. Eta jakina, prestigioa lortzea kostatzen zaion hizkuntza minorizatu batetaz ari garelarik, txaparroi honen erdian, kezkatzeko motibo handiak ditugu.
"Etorkizuna gazteena da eta alde horretatik itxaropentsu naiz. Nik uste dut ari dela sortzen kezka bat, begirada bat eta indar bat euskaltzaletasunera daramatzana gazte asko"
Zeintzuk aipatuko zenituzke?
Nik parekatzea egiten dut feminismoarekin. Ze uste dut azken hamarkadetan aldaketa sozial handiena genero harremanetan gertatu dela. Eta hori egin du feminismoak, ez emakumeek. Gauza bat da euskaldun asko egotea eta beste bat euskaltzale asko izatea. Bereizten dugun bezala, emakumea eta feminista izatea, euskaldun asko daude euskaltzale ez direnak, edo ohartu ez direnak. Horregatik, euskaldun asko dauden tokietan, batzuetan euskaltzaleak izatera iristeko urrats hori falta da.
Hori da 'Batuz Aldatu' ekimenaren helburua, euskaldunak aktibatuko duen botoi hori sakatzea?
Kontseilutik egiten ari garen ariketa hori da, konturatzea euskaltzale izatearen garrantziaz. Atzera begiratzen baudugu, lehenago ere izan gara kinka larrian, hil ala biziko egoeratan, eta euskaltzaletasun hori aktibatu egin delako egin du honek guztiak aurrera.
Siadecok UMArentzat egindako ikerketaren harira…
Iñaki Iurrebaso soziolinguistak eta Gari Goikoetxea kazetariak idatzi duten ‘Esnatu ala hil’ Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuan, esaten dute 1956an proiekzio hori egin izan balitz, emaitza izango litzatekeela euskararik ez zela egongo ez Beasain, Hernani edo Alegian. Baina, nolabait, oso garai zailetan, milaka pertsonek bere egunerokotasunean egindako keinu eta hartutako erabakiei esker eman zitzaion buelta: sortu ziren gau eskolak, sortu ziren ikastolak. Zuk pentsa garai horietan zer zen zure seme-alabak ikastola batera eramatea. Euskaltzaletasuna hori da, eta bakoitzak bere neurrian, eta bakoitzak bere eragin gaitasunaren arabera, jardutea. Baina abiapuntua da jabetzea zer ari zaigun gertatzen, eta eguneroko erabakietan euskara lehentasunetara ekartzea.
Zer espero duzue larunbaterako?
Espero dugu Miribilla euskaltzalez beteriko elkargune bat izatea. Honek guztiak jende askori barruak astintzen dizkio, baina esango nuke falta zaizkigula esparruak hau mahai gainean jartzeko. Askok esan digute euskararen kezka eta euskaltzaletasuna bakardadean bizi den zerbait dela. Orduan, nahi dugu izatea toki bat elkarrekin arnasa hartzeko, konturatzeko bagarela milaka batzuk kezka hau konpartitzen dugunak, eta euskarak behar duen pizkunde horri lehen txinparta jartzeko.
Administrazio edo eragile politikoei zer eskatzen diezu?
Batuz Aldatu dokumentuan argi esaten dugu euskararen ardura guztiona dela, baina, era berean, bakoitzaren posizioak eragin gaitasunarekiko ez direla berdinak. Alde horretatik, argia da interpelazioa: ekar ditzatela euskara eta euskararen aldeko politikak lehen lerrora. Ezinbestekoa da lehentasuna ematea arauginzan eta balidabideetan ere bai. Hizkuntza-politiketan jauzi bat egin behar da eta jauzi hori paradigma aldaketa bat da. Ze, orain arte euskararen aldeko hizkuntza-politikak egiteko gune egokiena izan den Autonomia Erkidegoan ere, gure ustez minorientzako hizkuntza-politika egin da.
"Aldarrikapenez betetako ekitaldia"
Miribillan gaur arratsaldean egingo dena “aldarrikapenez betetako ekitaldia izango da, kulturgileen ekarpenen bidez josiko dena. Parte hartuko dute, besteak beste, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek, Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Maia Iribarne, Miren Narbaiza ‘Mice’, Joseba Tapia, Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia ‘Benizze’ eta Julen Goldarazena ‘Flako Fonki’ musikariek, Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariek. Ekitaldirako azken sarrerak www.pizkundea.eus webgunean eskuratu daitezke. Ekitaldia hasi aurretik ere leihatiletan erosi ahal izango dira, aforoa bete arte. Jasotako dirua osotasunean artisten lana ordaintzera eta ekitaldiaren gastuen zati bat estaltzera bideratuko da. Ateak 16:00etan irekiko dira, eta 17:00etan puntual ekitaldiari hasiera emango zaio.
Zergatik diozu hori?
Eskaldunoi aitortzen zaizkigu eskubide batzuk, eta hizkuntza-politikak bideratzen dira horiek errespeta daitezen. Baina ez da egon, hezkuntzaren bidez egin den ariketa salbu, gizarte osoa euskaraz jabetzeko anbizioa duen hizkuntza-politikarik. Ez da kasualitatea, azken hezkuntza legearen aldaketan ere, azkenean zerbait finkatu bazen, izatea ereduei eustea. Denok dakigunean, A ereduak ez diola inorri ematen euskaraz jabetzeko baliabiderik. Eta hori egiten da askatasunaren izenean. Gurasoen esku uzten da hizkuntza ofizialetako bat ikastea. Guk argi dugu hizkuntzaren korapiloa askatzeko, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa beharrezkoa dela, eta hori ez da iritsi. Erakunde eta indar politikoek badute zeregin handia eta eskaera egiten diegu. Elkarlanerako eskua luzatu ere bai.
Euskalgintzaren familia desberdinak, 0tik 100era, nolako konexioa duzue oraintxe bertan?
Esango nuke % 80 bueltan gaudela. Jarriko dut honen adibide bat: azaroaren 6an aurkeztu genuen Arantzazun Euskaltzaleon garaia da izeneko adierazpena: batetik, egindakoaren aitortza eginez, zirt edo zart-eko momentu honetan, bultzada bat izan nahi du adierazpen horrek; eta jada baditugu 100dik gora sinatzaile; eta esango nuke aipatzen dituzun euskalgintzaren familia guztietako ordezkariak daudela: zume oso onak ditugu elkarrekin aurrera egiteko.
"Euskalgintzaren familia desberdinek %80an egiten dugu bat une honetan; zume oso onak ditugu elkarrekin aurrera egiteko"
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Etorkizuna gazteena da eta alde horretatik itxaropentsu naiz. Nik uste dut ari dela sortzen kezka bat, begirada bat eta indar bat euskaltzaletasunera daramatzana gazte asko. Oso pozgarria da. Nire itxaropena hor dago: euskaltzaletasuna eta gure eguneroko konpromisuak eta jokabideak berriro euskarara ekartzen lagunduko digun begirada horren zabaltzea.
Baikortasuna etorri zaigu azkenean.
Bai, baina oso garrantzitsua dela transmisioa. Eta egia da hezkuntzan euskara ematen zaiela guztiei, baina soziolingustikatik oso gutxi. Eta zuri ematen badizute tresna bat, baina ez badizute kontestua ematen, zentzua galtzen du. Gutako askorentzat euskarak badu gurea izatearen zentzu afektiboa, baina beste askorentzat ez da horrela. Gure herri askotan aspalditik ditugu migratuak, eta gainera zoragarria da askok ze hurbilketa egin duten euskarara, baina era berean, berria den horri ez badizkiozu ematen tresnak ulertzeko zergatik den hain garrantzitsua guretzat eta zenbat gauzetarako balio duen, alperrik ari gara. Ari gara irakasten garai bateko latina bezala: nota ona ateratzeko, baina zentzurik gabeko gauza bat gainerakoan.