Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren eraldaketa digitala bultzatzen du, 7,6 milioi euroko inbertsioarekin. Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea Jesus Herrero Red.es-eko zuzendari nagusiarekin eta Juan Fernando Muñoz Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Digital, Informazio eta Berrikuntzako idazkari nagusiarekin bildu da ostiral honetan Bilbon, eta erakundeen arteko hitzarmenaren fase operatiboari hasiera eman dio.

Akordioa Eskualde Garapenerako Europako Funtsekin (EGEF) eta Estatuaren ekarpenekin finantzatuta dago, eta Osakidetzaren eraldaketa digitalerako martxan dauden proiektu digital estrategikoak eraginkortasunez inplementatzea ahalbidetuko du, Tamayok adierazi duenez.

Bileran, euskal osasun-sistemaren eraldaketa digitaleko proiektu estrategikoen egoera aztertu da, bai eta hurrengo mugarrien plangintza ere, adimen artifizialeko aplikazioen garapena ardatz hartuta, osasun-arretari aplikatuta diagnostikoak, tratamenduak eta kudeaketa klinikoa optimizatzeko, irudi medikoaren elkarreragingarritasun-sare bat sortzeko eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteei zuzendutako urrutiko monitorizazio-programak eta telezainketak ezartzeko .

Irisgarritasuna, pertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetzea

Sailburuordeak nabarmendu duenez, ekimen horiei esker, osasun-arretaren eskuragarritasunapertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetuko dira, eta osasun-datuen ikerketa eta erabilera segurua bultzatuko dira.

Bestalde, Jesús Herrerok azpimarratu du hitzarmenak osasun sistema indartzea duela helburu, teknologia aurreratua eta adimen artifizialeko soluzioak ezarriz, asistentziaren kalitatea hobetzeko eta baliabideak optimizatzeko zuzeneko eraginarekin. Azkenik, Juan Fernando Muñozek balioan jarri du autonomia-erkidegoen eta Osasun Ministerioaren arteko lankidetza, Osasun Sistema Nazional osoan irtenbide partekatuak identifikatu, lehenetsi eta garatzeko, berrikuntza osasun-arretan sartzea bizkortuz.