Komunitatea euskalduntzea, bai ikastola bai herria. Horixe da, ezbairik gabe, Kilometroetako helburu nagusietako bat. Horri lotuta, eta Salto euskarara lelopean, ehunka lagunek Eusle ekimenarekin bat egin dute Elgoibar Ikastolako Euskara taldearen eskutik, euskararen erabilera indartzeko. Izan ere, Elgoibarren erdara nagusi bada ere, euskararen ezagutza maila altua da: “Ikastolako familien artean, gehienok badakigu euskaraz, baina askok diogu euskaraz gehiago egin nahiko genukeela”, adierazi dute parte hartu duten gurasoek.
Lehenengo pausua, adierazi dutenez, diagnostiko bat egitea izan da. Horretarako, urtarrilean, galdetegi bat pasa zuten ikastolako helduen artean. Guztira 525 erantzun jaso zituzten, datu interesgarri zein baikorrekin; izan ere, gehiengoak euskaraz daki, zehazki, 525 pertsonatik 423k euskaraz egiteko gaitasuna dute. Bestalde, erabilera indartzeko lagungarri izan daitezkeen faktoreei buruz galdetuta, ingurukoek euskaraz ulertzen dutela jakitea eta inguruan euskaraz egiten duen figura bat izatea nabarmendu zuten. “Lehen erantzunak agerian uzten du orokortuta dagoela euskararen ezagutza ikastola barruan eta uste dugunaren kontra, ingurukoek askotan euskaraz badakitela. Uste baino aukera gehiago ditugu, beraz, euskaraz egiteko. Ez genuke aukera hau galtzen utzi. Bigarrenari dagokionez, argi ikusten da euskarara salto egin nahi duten horiei inguruan Eusle figurak izateak lagunduko diela urrats hori ematen”, azaldu dute Elgoibarko Ikastolatik.
Eusle edo Salto
Emaitzak eskuartean izan ondoren, hurrengo pausua Eusle figurak eta euskarara salto egingo duten gurasoak (Salto figura) identifikatzea izan zen Euskara taldearen zeregina. “Eusleak euskaraz egingo du beti eta testuinguru guztietan: haurrekin, helduekin, talde handian, talde txikian... Parean duenak ulertzen ez duela adierazi bitartean, euskaraz egingo du. Salto figura euskarara salto egin nahi duena, berriz, ahal duen guztietan saiatuko da euskaraz egiten. Bakoitzak bere errealitatetik abiatuta euskaraz gehiago eta gehiagorekin egitea da helburua. Izan ere, Salto edo Eusle, era batean edo bestean konpromisotik etorriko da gure ikastola eta Elgoibar euskalduntzeko behar dugun bultzada”, argitu dute.