Elgoibar Ikastolako zuzendari den Ion Vazquezek argi hitz egiten du: Kilometroak ez da soilik jaialdi bat, baizik eta euskararen aldeko “konpromiso kolektiboaren eta komunitate kohesioaren adierazpen indartsua”. Igande honetan Elgoibarrek jasoko du bigarren aldiz ikastolen festa handia, eta prestaketek erakutsi dute ikastolako komunitatea –ikasleak, langileak eta familiak– ilusioz, auzolanean eta sormenetik aritu dela, erronka handi bati aurre eginez. Vazquezek azpimarratzen du Kilometroak egun bakarreko ospakizuna baino gehiago, “euskara, identitatea eta hezkuntza-proiektu propioa” sustatzeko prozesu sakon eta iraunkorra dela.

Nola bizi izan du ikastolako komunitateak Kilometroak jaiaren antolaketa?

-Gure ikaskola komunitateak –ikasleak, langileak eta familiak– ilusioz eta konpromiso handiz egin du lan. Ez da soilik antolaketa tekniko bat izan: ikasgelatik herrira egindako ikaskuntza kolektiboa izan da. Ikastolan sortu den giroa bestelakoa da, erantzukizun handiz eta kolektiboki lan eginez, gu baino handiagoa den zerbait aurrera ateratzen. Erronka handi baten aurrean ikusi gara eta horrek kohesio berezia sortu du. Ikasleek “Ikasleen Batzordea” eratu dute, abestia eta bideoklipa sortu ditugu, ekintza pilo bat sustatu eta garatu ditugu, eta komunitate osoko kideok ideiak eta ekimenak bultzatzen egon gara urte osoan zehar. Horrela, jai hau ez da egun bakarreko ospakizuna izango, baizik eta euskara, elkarlana eta identitatea sustatzeko prozesu zabalago baten erakusleiho bat. 

Zer suposatzen du Kilometroak 2025 Elgoibarren ospatzeak?

-Lekukoa jasotzea ohore handia eta erantzukizun kolektiboa izan da. Ia 30 urte igaro dira 1996ko ediziotik, eta berriz ere aukera dugu memoria hori biziarazteko, herriaren bilakaera neurtzeko eta eguneratzeko. Kilometroak Elgoibarren egiteak euskararen eta herri nortasunaren sendotze praktikoa dakar, eta komunitatea kalean ikusgai jartzen du. Aldi berean, herri osoari eta kulturari bultzada emango dio. Herriak ispilu aurrean jartzeko aukera izango du, bere hizkuntza ohiturei eta auzolanari begiratuz. Eta ikastolak, herriaren bihotzean dagoen eragile gisa, prestigioa eta indarra irabaziko ditu.

Nola izan da antolakuntza? 

-Ez da erraza izan, baina bai aberasgarria. Hasieran kaotikoa zirudienari pixkanaka forma eman zaio: batzordeak osatu, lanak banatu, egutegia zehaztu eta komunikazio estrategia landu. Antolakuntza maila anitzetan garatu da: ekonomia, komunikazioa, egitaraua, giza-baliabideak, ikasleen parte-hartzea eta erronka, osasuna, jasangarritasuna, espazioen antolaketa eta segurtasuna, trafikoa, muntaia, gastronomia, ikuspegi feminista eta euskara; batzorde ugaritan egiten da lan. Herritarrei informazioa zabaltzeko kanpainak ere egin dira, galdetegiak, aurkezpen publikoak, abesti eta bideoklipa. Erronkak handiak izan dira –logistika, segurtasuna, energia, espazioen kudeaketa–, baina komunitatearen babesa eta boluntariotza handia lagungarri izan dira. Prozesuan pazientziaz eta malgutasunez mugitu behar dela ikasi dugu, dena ezin baita planifikatu aurretik.

“Kilometroak kalean eta plazan euskara hizkuntza bizia dela erakusten du”

Nola inplikatu dira ikasleak prestaketetan?

-Ikasleek ez dute ikusle hutsen rola hartu: proiektuetan murgildu dira, ideia berriak proposatu dituzte, sormen lanetan aritu dira, eta askok ardura praktikoak hartu dituzte. Ikasleen Batzordeak protagonismo berezia izan du; haien eskutik sortu dira Kilometroak 2025eko abestia eta koreografia. Ekintza kulturaletan eta didaktikoetan parte hartu dute: euskararen erabilera, musika, antzerkia, kulturartekotasuna, 'Non eta mugan' ekimena… Guzti hau bizitzaren prestakuntza zuzena da, ikasgelatik kanpo ikasteko aukera paregabea.

Zein rol dute gurasoek, langileek eta herriko beste eragileek? Nola bilatu duzue herriaren inplikazioa?

-Ez dago Kilometroak jaialdirik familia, langile eta herriko eragileen inplikaziorik gabe. Familiek boluntario lanetan parte hartzen dute, prestaketetan laguntzen dute eta jarduera praktikoak koordinatzen dituzte. Langileek eguneroko zereginetatik harago, eskarmentua eta energia jartzen dituzte egitaraua diseinatzen eta komunitatea gidatzen. Herriko eragileek –Udala, kultur eta kirol elkarteak, ostalariak, merkataritzak– ekarpen handia egin dute. Herriaren parte-hartzea aktibatzeko, kanpainak, boluntariotza deialdiak eta espazioen erabilera eskaini ditugu. Herriak proiektua bere egiten duenean, indarra biderkatu egiten da.

Funtsa ez da aldatu

Bigarren aldia da Kilometroak Elgoibarren egiten dena. Asko aldatu dira gauzak 1996tik hona?

-Bai eta ez. Aldatu dira testuingurua, komunikazio tresnak eta baliabide teknikoak. 1996an leloa 'Banoa, banixe, euskaraz bai horixe' izan zen; hizkuntzaren presentzia aldarrikatzea zen lehentasuna. Gaur egun ere helburu bera dugu, baina ingurunea bestelakoa da: sare sozialak, ikus-entzunezko baliabideak eta komunikazio kanal berriak ditugu. Parte-hartze soziala ere eraldatu da: gaurko boluntariotza eta elkarlana modu berrietan gauzatzen dira, nahiz eta erronka berriak agertu diren, hala nola hizkuntza-aniztasuna, migrazioa, teknologia-eraginak eta gazteen aisialdi digitala. Funtsa, ordea, ez da aldatu: euskara maitatzea, ikastolaren proiektua defendatzea eta komunitatearen kohesioa bilatzea.

'Salto-saltoka' da Kilometroak 2025eko lema. Arnaitz Rubio

‘Salto-saltoka’ da aukeratu duzuen lema. Zer mezu helarazi nahi diezue herritarrei hori aukeratuta?

-'Salto-saltoka' lema mezu ireki eta bizia da. Euskarara salto egitea da gure gonbidapena eta estrategikoki batez ere helduei zuzendu diegun mezua da. Salto egitea norbanakoaren hautua da, baina baita taldearena ere. Salto bakoitza txikia izan daiteke –etxean, kalean, ikastolan...–, baina guztien artean bidea egiten du. Leloak poza, jolasaren airea, energia eta bizitasuna ere iradokitzen ditu; jaiak ez du soilik aldarrikapena izan behar, baizik eta bizitzeko eta elkarrekin gozatzeko espazioa. Gainera logoa soka bat izateak komunitate baten ezinbestekoak dituen loturak irudikatu ditu, eta sokasaltoa modan jarri dugu berriz. Era berean, auzolana eta boluntariotza azpimarratzen dira: saltorik ez da egiten bakarka, komunitateak behar dira. Salto euskarara esaldia hizkuntza hautua da, beldurrak eta inertziak gainditzea, konfiantza eta prestutasunez.

“Euskarara salto egitea da gure gonbidapena, eta estrategikoki helduei zuzendutako mezua da”

Gaur egun, zein da ikastolaren eguneroko erronka nagusietako bat?

-Eguneroko erronka nagusiak hiru dira: euskararen erabilera normalizatzea ikasgelatik harago, ikasleen ongizatea bermatzea eta hezkuntza proiektu propioa sendo mantentzea. Horri gehitu behar zaizkio gaur egungo testuinguruak dakartzan zailtasunak: teknologia eta aisialdi digitalaren eragina, hizkun-tza ohituren presioa, boluntariotzaren kudeaketa eta ingurumenarekiko ardura. Guzti horiek gure komunitatearen etengabeko lanaren parte dira.

Komunitatearen arteko harremanak indartzea

Bildutatuko diruarekin zer proiektu eramango dituzue aurrera?

-Kilometroak-ek bi helburu nagusi zituen, euskara eta komunitatea, eta horiei “Kilometroak gabe” nola eman diezaiokegun jarraipenaren hausnarketan jarriko dugu fokoa. Lehenik eta behin, eraikinaren eta baliabideen hobekuntzak egingo ditugu. Bigarrenik, proiektu pedagogiko berriak bultzatuko ditugu: euskararen erabilera sustatzeko eraldaketak, programak eta proiektuak, aniztasunari ahalik eta ondoen erantzuteko material didaktiko eta metodologia berriak, tailer linguistikoak eta kultura ekimenak. Hirugarrenik, komunitatearen arteko harremanak indartzeko estrategien hausnarketa.

Zer helburu jarri duzue festaren bidez?

-Helburuak hauek dira: euskararen erabilera eguneroko jardunean erdigunean jartzea; eskola komunitatea sendotzea eta partaidetza handitzea; herri identitatea eta ondarea gogoratzea, eta euskal kultura eta euskararen baliabideak zabaltzea. Jai honek ilusioa piztu eta balioak –auzolana, euskara, sormena...– publiko zabal bati transmitituko dizkio.

“Eraikina eta baliabideak hobetu eta proiektu pedagogiko berriak bultzatuko ditugu”

Zer nolako garrantzia du Kilometroak jaialdiak euskararen normalizazioan eta hezkun-tza komunitatearen indartzean?

-Kilometroak euskararen normalizazioan funtsezko ekitaldia da: kalean eta plazan hizkuntza bizia dela erakusten du, eta herritar askoren partehartzearekin hautu kolektiboa bihurtzen da. Euskararen estatusa ikusarazten du eta erabilera soziala handitzen laguntzen du. Hezkuntza komunitatearentzat, jaialdiak ikasleak, irakasleak eta familiak elkarlanean jartzen ditu, baliabideak partekatuz eta balioak sendotuz. Elkarlan giro hori ikaskuntza eta bizitza esparruetan indartzen da.

Vazquezek urte osoan zehar eta urriaren 5eko jai handia prestatzeko lanetan ikastolako komunitateak izan duen inplikazioa nabarmentzen du. Arnaitz Rubio

Urtean zehar ekimen dezente antolatu dituzue. Zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?

-Urtean zehar ekimen ugari egin ditugu Kilometroak prestatzeko eta komunitatea aktibatzeko: komiki lehiaketa, liburu ibiltaria, 'Non eta Mugan' ekimena, sortutako abestia eta bideoklipa, eta eskolan antolatutako musika, antzerki eta tailerrak. Herrian ere kanpainak zabaldu ditugu, boluntariotza deialdiak eta parte-hartzea bultzatzeko ekimenak. Gainera, gure ohiko ekintzak indartu ditugu: urte zaharreko txosna, Inauteriak, Pilota Eguna, Jose Gurrutxaga Krosa eta Ikastola Eguna. Hauek guztiak, berrikuntzekin batera, herria pixkanaka jaiaren bueltan aktibatzeko balio izan dute.

"Jendeak euskara arnasten duen herri bat topatuko du igande honetan"

Zer topatuko du jendeak igande honetan Elgoibarren?

-Urriaren 5ean Elgoibar kolorez eta bizitasunez beteko da. Jarduera kulturalak izango dira (kontzertuak, dantzak…), eta haur eta gazteentzako eskaintza oso zabala ere egongo da: jolasak, puzgarriak, tailerrak, magoak eta Erronka. Herriko kaleak eta plazak jendez eta giroz beteko dira, gastronomia eta artisautza postuekin. Espazio tematikoek euskararen komunitatea eta identitatea nabarmenduko dituzte, eta ekimen mistoek –abesti berria, bideoak edo erakusketak– esperientzia partekatu eta berezia sortuko dute. Baina, horien gainetik, jendeak euskara arnasten duen herri bat topatuko du.

Azkenik, mezurik ba al duzue Elgoibarko herriarentzat eta ikastolen mugimenduarentzat oro har?

Herriarentzako mezua argia da: zure parte-hartzea ezinbestekoa da. Kilometroak ez da ikastolaren jaia soilik, herri osoarena eta euskararena baizik. Elkarrekin egindako auzolanaren eta konpromisoaren ospakizuna izango da. Zatozte, parte hartu, eta egin dezagun salto euskarara denok batera. Ikastolen mugimenduari dagokionez, berriro ere erakutsiko dugu indarra ez dagoela ikastola bakoitzean soilik, baizik eta sarean, elkarlanean eta etorkizunari begirako konpromisoan.