Usurbilgo Udalak, Matia Fundazioarekin elkarlanean, ‘Bizi osorako etxebizitzak’ aurkeztu ditu ostegun honetan. Kalezar auzoan, Egurtzegi erresidentziaren parean kokatuko dira, eta sei etxebizitzek atari bera partekatuko dute. Usurbilgo alkatesa Agurtzane Solabarrietak argitu duenez, “Usurbil herri zaintzailea denaren beste seinale bat da ekintza hau”. Lehen udalerria izan da mota horretako etxebizitzak eskaintzen eta 2026 hasierarako martxan jartzea aurreikusi dute.

Matia Fundazioko bozeramaile Maider Azurmendik, “zaintza behar duten pertsonek komunitatean bizitzen jarraitzeko aukera paregabea” direla iruditzen zaio, bizi osorako etxebizitza horiek. Gainera, zaintza behar duten pertsona horien zaindariek ere bertan bizitzeko aukera izango omen dute. Etxebizitza bakoitzak hiru pertsona hartzeko muga izango du.

Egurtzegiko erresidentzian 127 pertsona bizi dira gaur egun, eta eguneko zentroa ere badago bertan. Horregatik, sei etxebizitzak parean kokatu dituzte “komunitate giroa” bermatzeko. Adin tarte ezberdinentzako bideratuta daudela azaldu ostean, bertan gizarte zerbitzuetako langileak ere egongo direla argitu du. “Alokairua pertsonala izango da, baina behar diren zaintzak, herriaren ekosistematik etorriko dira”, azaldu du.

'Bizi osorako etxebizitza' baten barrualdea Pedro Martinez

“Zaintzaren inguruan eraiki nahi dugun ekosistemaren beste pieza bat dira etxebizitza hauek”, argitu du Solabarrietak. Alkatesaren esanetan, “zaintzak eragina izan behar du etxebizitza politikan”, eta udala Matia Fundazioarekin denbora luzean lanean aritu dela azpimarratu nahi izan du. Hala, akordio baten bitartez, sei etxebizitzetako lauren eskumena lortu du Usurbilek.

Etxebizitza bakoitzak bi logela izango ditu, eta horietako bat desgaitasun fisikoak dituzten pertsonentzat egokituta egongo da. Hala, lurretik sabairainoko kristala duten leihoak izango dituzte, aulki gurpildunetan edota ohean egon behar duten pertsonek ere “argia senti dezaten”. Ate nagusiak ere, kristalezko tarte bat izango du, eta bizilagun bakoitzaren aukera izango da hura estaltzea ala ez. Azurmendiren esanetan, “atearen kristalezko tarteak komunitate giroa areagotzen du, etxebizitza eta atari elkarbanatua elkartuz”.

Esleipena

‘Bizi osorako etxebizitzak’, zaintza bereziak dituzten pertsona eta haien zaintzaileentzat zuzenduta daude. Alokairuaren zenbatekoari dagokionean, Usurbil “tentsio gune” izendatzeko eskaera onartua izan dela argitu du Solabarrietak lehenik eta behin. Horrela, alokairuen zenbatekoa alokairu indizeak eta merkatuak zehaztuko dutela azaldu du. Hala ere, zenbateko horrek mugak izango ditu: “Alokairuaren prezioak etxebizitzako pertsonen diru sarreren %30a gailentzen badu, hor etengo da zenbatekoa”. Atarian eskainiko diren zaintza zerbitzuei dagokionean, hautazkoak izango direla azaldu du eta 100 euroko kostu gehigarria izango dute.

Etxebizitzak eskaintzerako orduan buruan hiru kolektibo izan dituztela argitu du Solabarrietak. Batetik, 60 urte baino gehiago dituzten eta 1, 2 edo 3 desgaitasun maila dutenak egongo dira. Bestetik, 1, 2 edo 3 desgaitasun maila duten 18 eta 59 urteko adin tartekoak. Eta azkenik, 18 eta 59 urteko adin tartekoen artean %75eko desgaitasun maila pairatzen dutenak egongo dira. Era berean, zaintza eta zerbitzu bereziak eskaintzen dituzten etxebizitzak adin heldukoekin lotzen direlako, Solabarrietak argitu du “etxebizitzetako bat 18 eta 59 urte bitarteko bizikidetza unitateentzat bideratzea da helburua”.

'Bizi osorako etxebizitzak' batzen dituen ataria Pedro Martinez

Usurbilgo udalak bere gain hartuko du lau etxebizitzen kudeaketa, eta horietako baten esleipena lortzeko, ezinbestekoa izango da udalerrian erroldatuta egotea. Ondoren, izena eman duten bizikidetza unitate bakoitzaren analisia egingo dute gizarte zerbitzuko arduradunek, besteak beste, bakoitzaren gaur egungo etxebizitza edo egoera pertsonal sozio familiarrak aztertzeko.

Behin baremazioa bukatutakoan, zaintza behar duen pertsonari egotziko zaio esleipena, baina kontratua gauzatzerako orduan, zaindari dena ere titular gisa agertuko da. Alokairuen kontratua bost urtekoa izango da, eta luzaroan berritzeko aukera izango dute esleipena jaso dutenek. Era berean, itxaron zerrendan egoera larriagoan dauden pertsonak egonda ere, etxebizitzaren bat libre geratu arte ezingo liokete inori aurre hartu. Zaintza behar duen pertsona hiltzen den kasuetan, etxebizitzaren esleipena ez da subrogatuko, baina bizikidetza unitateari beste etxebizitza bat bilatzeko denbora tarte nahikoa utziko zaiola azaldu du Solabarrietak.

Epeak

Ordenantza uztaila amaieran egitekoa den udal plenoan onartzea espero du alkatesak, eta alegaziorik egon ezean, irailerako jasoko luke proiektuak behin betiko onarpena. Dena ondo bidean, urrian zabalduko dituzte izena emateko zerrendak, eta kasu guztiak aztertu ondoren, esleipenak argitaratu eta 2026 hasierarako bizilagun berriak atarian izatea aurreikusi dute.