Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Segurtasun Integralari buruzko hausnarketa egiteko bultzatutako foroa astelehen honetan, ekainaren 30ean, jarriko da abian, Imanol Pradales lehendakaria buru izango duen lehen topaketa batekin, Bilboko Euskalduna Jauregian. Prozesuak urtebete iraungo du.

'Basque Segurtasun Foroa'-k Segurtasunari eta euskal gizarteak hainbat arlotan aurre egin beharko dien erronkei buruzko diagnostiko partekatua lortzeko beharrezkoak diren eragile guztien inplikazioa bilatuko du, hala nola justizian, zibersegurtasunean, ekitaldi jendetsu handietan, autobabesean, larrialdi klimatikoetan, enpresen segurtasunean edo herritarren segurtasunean.

Lehendakariak astelehen honetan emango dio hasiera foroari, eta bi ordu inguruko jardunaldian, nazioarteko hizlariek, beren esperientziatik abiatuta, erreferentziazko hainbat estrategia ezagutaraziko dituzte, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Aurreikusita dago ekitaldi horretan Euskadiko instituzio, enpresa eta erakunde garrantzitsuenen ordezkariek parte hartzea, bai eta beste gizarte-erakunde batzuetakoek ere.

Topaketak eskualde eta udalerrietan

Lehen bilera horren ondoren, Segurtasun Sailak bilerak egingo ditu Euskadiko hainbat eskualde eta udalerritaneta, tokiko eta lurraldeko erakundeekin eta gizarte-, hezkuntza- eta ekonomia-eragileekin batera, segurtasun integralari buruz hausnartu eta eztabaidatuko du.

Gainera, 'Basque Segurtasun Foroa' Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila lantzen ari den 2026-2030 Segurtasun Plan Integralaren garapenerako diagnostikoa egiteko tresna izango da.

Jardunaldiaren egitaraua

Foroari hasiera emango dion jardunaldia astelehenean hasiko da, 09:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Pradalesen hitzaldiarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) presidente Iñaki Subijanak, zibersegurtasunean aditu David Barrosok, Countercraften sortzaileak, eta Feyenoord FCko Segurtasun zuzendari Bernard Gerritsmak ere parte hartuko dute, kirol-ekitaldietako segurtasunaz hitz egiteko.

Ekitaldiaren programa osatuko dute Marimar Alonso Segurtasun Klimatikoan adituak, Ihobeko (Ingurumenaren Euskal Agentzia) zuzendari teknikoak ere, eta Sigrid Kienle Bayerneko Poliziako komisario nagusiak, zeinak segurtasunari eta espazio publikoetan berreskuratzeko prozesuei buruz hitz egingo duen. Jardunaldia Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak itxiko du.