2025eko Gazteak Lankidetzan programan parte hartuko duten 52 gazteek astelehen honetan jaso dituzte uztailean, abuztuan eta irailean hainbat euskal GGKEk Bolivian, Kolonbian, Ekuadorren, Guatemalan, Hondurasen, Mexikon, Perun, Guinea Conakryn eta Senegalen dituzten proiektuetan parte hartzeko bidaia-txartelak eta materiala.
Eusko Jaurlaritzak ohar batean gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta eLankidetza Zuzendaritzak bultzatutako programa honen helburua da "Euskadiko gazteak sentsibilizatzea hegoaldeko herrialdeetako lankidetza ekintzetan".
Era berean, euskal gazterian herrien eta kulturen arteko elkartasun kultura sustatu nahi du. Programa honen lehen edizioa 1993an egin zen.
Aurten, guztira, 52 euskal gaztek egin ahal izango dituzte kooperazio lanak Bolivian, Kolonbian, Ekuadorren, Guatemalan, Hondurasen, Mexikon, Perun, Ginean eta Senegalen. Euskadiko hainbat GKEren 21 proiektutan hartuko dute parte.
Gazte batzuek etorkinekin lan egingo dute Tijuanako mugan, AEBen eta Mexikoren artean, beste batzuek Ginea Conakryn, Guatemalan eta Hondurasen emakumeen ahalduntze prozesuetan eta osasun eskubideen bermean. Halaber, Kolonbian desgaitasuna duten haur txikien hezkuntza prozesuan zentratutako proiektuetan parte hartu ahal izango dute.
Peru izango da gazte kooperante gehien jasoko dituen herrialdea (20), eta San Viator Elkartasun Zerbitzua (SERSO) Arabako elkartearen proiektuetan lagunduko dute. Proiektuetako batek Hogar Belén du izena eta La Esperanzan duten aterpean bortxatutako emakumeei arreta ematea du oinarri.
Lankidetza-programa horiek guztiak honako euskal GGKE hauek antolatu eta kudeatzen dituzte: Salestarrak, Ayuda en Acción, Solidaridad Internacional, Medicus Mundi Bizkaia, Halipular, Asociación Africanista Manuel Iradier, Serso San Viator Euskadi, Asociación Jorge Adolfo Freyter, Misión Diocesanas de Álava eta Hermanas Irun.
2.500 GAZTE BAINO GEHIAGO
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Gazteak Lankidetzan programa 22 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dagoela. Hautatuak izanez gero, GGKEekin kooperazio ekintzak burutu ditzakete hiru hilabetez eta zuzenean parte hartzen dute garapenerako kooperazio ekintzetan Amerika, Asia eta Afrikako herrialdeetan.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu bidaia-kostuak eta, hala badagokio, aukeratutako pertsonak helmugako herrialdean sartzeko bisatua. Astelehen honetan Lakuan egindako ekitaldian hegazkin txartela eta motxila bat eman dizkiete. 31 urteko historian, 2.500 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programan, eta 100 GGKE baino gehiagorekin aritu dira lankidetzan.