Herri Urratsen 2025eko edizioa aurkeztu berri da Senpereko ainguran.1984tik Seaska elkarteak iparraldeko ikastolen alde antolatzen duen urteroko festa, datorren igandean, maiatzaren 11ean ospatuko da.

2025eko edizio honetan ere jaiaren egitarauak makina bat ekitaldi eskainiko ditu. Aurtengo berritasun handiena, ‘Tokiko Gunea’ izango da; bertan, tokiko eta kalitate handiko jana eta edana topatu ahal izango dute bisitariek.

Gainontzean, ekitaldi, tailer eta haurrentzako gune bereziak ohiko guneetan banatuko dira: Araba Berria, Lapurdi, Nafarroa Badok, Xiberoa eta Gipuzkoa guneetan. Iaz martxan jarri zen Bizkaia gunean, aldiz, haurrei zuzendutako hainbat tailer eskainiko dira. Aurten berriro antolatu du Erronka nazionala deituriko proba Seaska Elkarteak. Baxe Nafarroan gauzatuko da eta partaideak honakoak izango dira: Galdakaoko Eguzki Begi ikastola (Ibilaldiaren antolatzailea), Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola (Nafarroa Oinezen antolatzailea), Aguraingo Lautada Ikastola (Araba Euskarazen antolatzailea), Elgoibarko ikastola (kilometroak jaiaren antolatzailea) eta Kattalin Elizalde Ikastegia.

KEI gunea

Kattalin Elizalde ikastolan, KEI gunea izango da aurten estreinakoz, eta kirola izango da protagonista nagusia, urteetan programazioan lekurik izan ez duenez. Pilota partida eta herri kirol saioen agertoki izango da gune berria.

Ohiko guneetan, besteak beste Süne, Dupla eta Olatz Salvador abeslarien kontzertuak ikusi eta entzun ahal izango dituzte bertaratzen diren guztiek, esanda bezala, egunean zehar tailerrak eta ekitaldiak non nahi eta noiznahi eskainiko direlako Senpereko aintziraren inguruan. Eta jakina, eguna han bapo emateko, tankera askotako janari eta edari eskaintza ere ez da faltako bateko eta besteko postuetan.

Elgarrekin

Aurtengo festaren leloa ‘Elgarrekin’ izango da, antolatzaileen esanetan “denok batera” egiten dutelako festa, eta “hala ez balitz ezinezkoa litzatekeelako Iparraldeko auzolan handiena aurrera eramatea”. Abesti nagusia Dupla eta Pisook egin dute, Pantxoa eta Peio laguntzaile izan dituztelarik. Diseinuari dagokionean, leloaren letrek erlauntza itxura hartu dute aurtengoan, antolakuntzatik aipatu dutenez, “leloarekin esan nahi dena oso ondo irudikatzen duelako”. Izan ere, “erleek elkarrekin egiten dute lan eta komunitatean bizi dira”, iparraldeko ikastolak bezalaxe.