Síguenos en redes sociales:

Korrikaren barrenak plazaratuko dituen dokumentala

Ekitaldia lehen pertsonan islatzen duen dokumentala ekoizteko crowfoundinga zabaldu du AEK-Korrikak

Korrikaren barrenak plazaratuko dituen dokumentalaJavi Colmenero

Korrika lehen pertsonan ezagutzeko aukera emango duen eta euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo duen dokumentala ekoizteko, Jalgi Hadi crowfounding kanpaina jarri zuen martxan AEK-Korrikak Mirokutana ekoiztetxearekin batera pasa den martxoaren 17an. Dagoeneko, 15.000 euro gaindituta, gutxieneko baliabide ekonomikoen erdia lortu badute ere, apirilaren 25era arte zabalik egongo da ekarpenak egiteko aukera.

“Lan duin eta aberats bat egiteko 88.000 mila euro beharko ditugu”, dio Korrikaren arduradun den Ane Elordik. Oraindik hogei egun geratzen dira diru bilketa amaitzeko, eta “itxaropentsu” dago, pertsonek, elkarteek zein erakundeek lagundu nahi izan dutelako euren proiektua. Korrikak herriaren aldetik beti harrera ona jaso duen bezalaxe, crowfoundingean ere “parte hartze ona” espero zuten sustatzaileek. “Argi dago badagoela euskararen inguruan horrelako lanak egiteko eta ikusteko nahia”, gaineratu du.

Dokumentalaren ardatz nagusia Korrika bera izanik, kanpainaren “barrenak” sakonetik ezagutzeko aukera ere eskainiko du. Sortutako pieza “euskararen egoeraren inguruan hausnartzeko tresna” izatea da helburuetako bat, baita “euskarak dituen auzi guztiak mahai gainean jartzea” ere.

Dokumentala

Produkzioa gidoigintza fasean dago, eta nondik norakoak oraindik zehazten ari badira ere, antolakuntzatik argi daukate euskararen inguruko ahots ezberdin asko batuko direla. Orain arte, 50 pertsona baina gehiago elkarrizketatu dituzte, askotariko iritziak jaso dituen aurre-lanketan. Bestalde, Korrikaren “sekretuak” ezagutzeko aukera ere eskaini nahi du dokumentalak.

Elordiren esanetan, “kanpaina 15 egunera mugatu arren, 10 eguneko Korrika posible egiteko, guk bi urtez egiten dugu lan”, eta hori guztia islatu nahi du dokumentalean Mirokutana ekoiztetxeak. Euskal Herriko gizarte osoari zuzenduko zaio, eta zuzendari lanak egingo dituen Ander Iriarteren esanetan, jendearen “hausnarketa bultzatzea” izango du helburu.

Euskal Herria euskalduntzea eta euskaraz bizitzeko espazio erosoak sortzea” dira AEK-Korrikaren helburu nagusiak koordinatzailearen hitzetan. Gaur egun, ordea, azken urteotan lan handia egin bada ere, euskara “geldialdi une batean” dagoela dio Alberdik eta, argi esan du “aurrera egiteko beste bultzada bat beharko du euskarak”.