Donostiako Zaldi Urdina Arte eskolan aurkeztu dute gaur goizean ZirHika mugimendua. Hamabost bat zirhikakide elkartu dira bertan, besteak beste Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta Andrea Bella, hika hitz egiten duen uruguaiarra. Bertan azaldu dutenez “ZirHika taldea, hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko sortu da, euskararen normalizazioaren bidean”.

“Hitanoa tresna paregabea da kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen dion hizkera informala delako”, batez ere gazteen artean, azpimarratu dute ZirHika-ko kideek.

Hitanoaren erabilera areagotu eta sendotzea da mugimendu horren asmo nagusia. Azken urteotan 50 herritan baino gehiagotan ari dira hitanoa bultzatzeko ekimenak burutzen, tartean baita ikastaroak ere.

“Hitanoaren aldeko olatu moduko bat” antzematen den arren, hikaren aldeko eragile gehienek ez dute elkarren berri, eta ekimen honekin denak elkartu nahi dituzte.  

2019an hasi ziren hitanoa bultzatzeko lanekin eta 2023ko azaroan antolatu zuten Euskal Herriko I. Hika Topaketa Oñatin.

Hitanoaren egoera

Badihardugu euskara elkarteak Hikagin inkesta burutu zuen hitanoaren egoera zein den jakin asmoz. Zazpi probintzietako 287 herritako 4.215 erantzun jaso zituzten.

Ondorioztatu zutenez, “ezin esan egoera orokorra oso ona denik”, soilik % 11k dio egoera ona dela. Erdipurdikoa %33k, eta eskasa edo oso txarra %55ek.

Udalerri euskaldunetan hobetu egiten da hitanoaren egoeraren pertzepzioa: nahiko ona aitortzen du %64k.

Hala ere, datu itxaropentsuak badaudela aipatu dute, hitanoaren aldeko interesa antzematen delako eta hainbat herritan hitanoa biziberritzeko ekimenak bultzatzen hasi direlako.

Egitasmo berriak

 2025erako ZirHikaren egitasmoen berri ere eman dute gaurko agerraldian. Euskaraldian hitanoa txertatzen saiatzea da horietariko bat, bai eta Euskal Herriko II Hika Topaketa antolatzea ere, azaroan Markina-Xemeinen egitekoa baita. 

Euskal Herriko II Hikadromoa antolatuko du ZirHikak Durangoko azokan, eta udalekuetan hitanoa txertatzeko lanean dabiltza buru-belarri.

Azkenik, 2025erako helburuen zerrendan aipatu dituzte, praktika onen dekalogoa burutzea, Plan Estrategiko bat zehaztea eta ZirHika taldea sendotzea.