Egoitza berria estreinatu du Eusko Ikaskuntzak Donostiako erdigunean
Bere bulego berriak inauguratu zituen atzo Eusko IkaskuntzakDonostiako Bergara kaleko 19.ean; horixe izango da erakundearen egoitza nagusia aurrerantzean, azken urteotako Miramar Jauregiko egoitza utzi eta 106 urtez hara eta hona ibili ostean. Erabat berritutako 250 m2-ko lokal ederra da, bi solairutan banatua; gaur egun 10 pertsona dabiltza bertan lanean, eta topaketak eta bilerak hartzeko leku aproposa dute. Hartara, Donostian ez ezik, Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Baionan ere presente izaten jarraituko du erakundeak.
Inaugurazio ekitaldian izan ziren Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Eneko Goia alkatea, Manu Olariaga eta Josemanuel Bujanda Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako ordezkariak, Iñaki Zabaleta idazkari nagusia, Yosu Arraiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Kontseilu Errektoreko kidea, Joseba K. Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Kontseilu Errektoreko kidea, Javier Arakama Nafarroako Gobernuko Kontseilu Errektoreko kidea, eta Javier Retegi eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakari ohiak.
Egoitza berria
Urkizak azpimarratu zueenz, zuen egoitza berriak “aldaketa dakarkigu, ez bakarrik egoitza moderno eta eguneratua delako, baizik eta ikusi ahala agerikoa delako kalera zabaltzen ari garela”. “Orain eskuragarriago gara. Elkargune eta lanerako leku izan nahi dugu, sinergiak sustatuko dituena eta bazkide eta eragileen arteko lankidetza-aukerak ugarituko dituena”, aipatu zuen.
Gainera, espazio propio bat izatea “aspaldiko nahia izan da Eusko Ikaskuntzarentzat eta azken agintaldietako zuzendaritza guztientzat”, gaineratu zuenEusko Ikaskuntzako lehendakariak.
Eneko Goia alkateak esan zuenez, “Eusko Ikaskuntza Donostiako erdigunean izatea ohore handia da, ezagutza eta pentsamendurako ezinbesteko erakundea delako”.
Bosgarren egoitza
Egoitza ugari 1918an sortu zenetik bosgarren egoitza nagusia izango du Eusko Ikaskuntzak Bergara kaleko hau. Lehen etapan, Gerra Zibila piztu arte, Gipuzkoa plazako Aldundiaren Jauregian egon zen. 1978an berriz ezartzeko aukera izan zuenean, Txurruka kaleko 7. zenbakian (1982-1987), Legazpi kaleko 10.ean (1987-1994) eta Miramar Jauregian (1994-2023) izan ditu bulegoak.
Azken 15 hilabeteetan, jarduerarekin behin-behinean jarraitu dute erakundeak Gipuzkoako hiriburuko Foruen pasealekuan eta Usurbilen dituen bi lokaletan. 2022ko uztailean onartu zuen Bazkideen Batzar Nagusiak, erakundearen zentro nagusi izango den honetara lekualdatzea. Amaieran, larunbatera bitartean hainbat jardunaldi iragarri ditu erakundeak, ateak zabalik, egoitza berria ezagutzera emateko.