Egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea eta gizarteratzen laguntzea. Horixe da Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza egitasmoaren xede nagusia. Proiektua iaz jarri zuen abian Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker eta eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean: Caritas Goierri, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, EDE Fundazioa eta Prospektiker.
Sustatzaileen esanetan, “proiektuaren bidez, Goierriko gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu nahi da, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, salbuespenik gabe”. Aipatu programa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar Ekin Lanean estrategiaren barruan kokatzen da.
Irtenbideak eta alternatibak eskaini
Egoera ahuletan edo behartsuetan dauden pertsonen kualifikazioa hobetzea bultzatu nahi da, identifikatutako kolektibo horien traba eta gizarte-bazterketa ekidinez. Izan ere, Goiekiren ikuspegitik, “pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eta alternatibak eskaini behar dira, gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko”.
"Proiektuaren bidez, Goierriko gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu nahi da, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, salbuespenik gabe”
Ildo horretatik, proiektu honen xede nagusia da parte hartzaileen enplegagarritasuna eta era guztietako kualifikazio-mailak hobetzea. Formakuntza teknikoaz gain, akonpainamendua, bisitak, digitalizazioa, eta ahalduntzea ahalbidetzen ditu prestakuntza-ibilbide integratu honek, erakunde publiko edo pribatuetan praktikak eginez amaituz. Hori horrela, langabezian dauden pertsonei lan-munduan integratzen laguntzen die honako ekimenak.
Belaunaldi erreleboa
Eskualdeko lan-merkatuari buruz burutu diren azken ikerketei erreparatuz gero, deigarria da langabezian dagoen gehiengoaren profila eta egindako kontratazioen arteko aldea. “Gure bailaran, langabezia tasa baxua den arren, %7,45, bertako kolektiboa oso urrun dago lan-munduak demandatzen dituen profiletatik“, zehaztu dute Goiekitik.
Aipatu beharreko kontu bat da hurrengo urteetan belaunaldi erreleboaren beharrei aurre egiteko behar adina pertsona ez izatea, izan ere, Goierrin ez dira merkatuko irteerak 20 eta 29 urte bitarteko biztanleria-sarrerarekin betetzen. Azken batean, lan-jarduera bat egin dezaketen pertsona guztien beharra izango du eskualdeak, jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko, eta, ildo horretatik, pertsona guztiak integratzea, nahiz eta bazterketa egoeran edo arriskuan egon, gizarte-justizia kontua ez ezik, ekonomia-sarea mantentzeko beharra ere bada.
Izan ere, Goierrin punta-puntako enpresa sarea dago, mundu mailan aitzindari diren enpresa ugari daude, baina, oro har, ezin dituzte bertan lanpostuak lortu gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboek. “Gizarte-kohesiorako arrisku larria identifika-tzen da. Hori dela eta, beharrezkoa da egoera horretan dauden pertsonekin lan egitea, eta, horretarako, haien gaitasun oinarrizkoak eta teknikoak hobetu behar dira, lan-merkatura ahalik eta hobekien iristeko edo hurbiltzeko”, adierazi dute Goierriko Garapen Agentziatik.
Bi urteko ibilbidea
Elkar Ekin Lanean egitasmoa 2023-2024 urtean hasi zen, gizarteratzeko eta lanera-tzeko ibilbide integratuekin. Bi urte hauetan zehar prestakuntza ezberdinak eskaini dira, langabezian edota egoera zaurgarrian dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazio-maila hobetzeko eta, aldi berean, lan munduan txertatzen laguntzeko.
“Pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eskaini behar dira, bazterkeria egoeran dauden kolektiboak gizarteratu eta laneratzeko”
Elkar Ekin Lanean programari 2023ko otsailean eman zitzaion hasiera Lorategi eta berdeguneen instalazioko formakuntzarekin. Urrian berriz, Ehunezko eta larruzko arropa artikuluen konponketa, eta Gainazal eta altzariak garbitzeko prestakuntzak hasi ziren, eta hainbat hilabetez ikasten egon ondoren, 2024ko maiatzean amaitu ziren.
2024ko martxoan, berriz, Lorezaintzako formakuntza martxan jarri zen. Zizurkilgo Fraisoro Lanbide eskolan jaso zuten prestakuntza eta, aldiz, Goierri Eskolan konpetentzia digitalak barneratu zituzten. Hilabetez egon ziren eskualdeko udaletan ikasitakoa praktikan jartzen, eta irailak 18an, diploma banaketa egin zitzaien.
Arestian aipatutako ikastaroez gain, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuan prestakuntza berri bat martxan jarri da, Zaintza soziosanitarioa etxeetan, hain zuzen ere. 640 orduko formakuntza hau hiru modulutan banatuko da: lehena, apirila-maiatza artean izan zen, bigarrena 2024ko urte amaieran, eta hirugarrena 2025eko lehen hilabeteetan gauzatuko da.
2023-2024ko Elkar Ekin Lanean programako azken prestakuntza, Zaintza soziosanitarioko bigarren modulua, alegia, irailaren 23an hasi zen eta abendura arte iraungo du. Bitartean, bi urte hauetako proiektuaren ebaluazioa burutzen ari dira Goiekiko gizarte arloko langileak.
Azkenik, 2025-2026 urteei begira, Elkar Ekin Lanean programa aurrera eramateko hausnarketa eta planifikazioa martxan dago jada.