Publikoa aI do lelopean, Euskal Eskola Publikoaren 31. jaia ospatu da gaur Ordizian, 2024ko edizioa. Hodeiak, ostarteak, euri-mehatxua, giroa berotu duten eguzki-izpiak... Hitz bitan, eguraldi nahasia, baina ez da eragozpenik izan Ordizia Euskal Eskola Publikoari laguntzeko ezinbesteko topagune bilakatzeko.
Txiki zein helduek ederki gozatu duten festa lau gunetan zehar banatu da, gustu guztietarako jarduerak eskainiz. Gainera, aspertzeko tarterik egon ez zedin, hainbat emanaldi ibiltari ere antolatu dituzte.
Aukera zabala
Txikienek Garagartza plazan eta inguruetan jarritako puzgarriekin jostatzeko aukera izan dute, baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin barre franko egiteko ere.
Osagai horiek izan ditu 1. eremuak, eta 2.ean berriz, nagusiki ipuin kontalariekin edo antzerki emanaldiekin gozatzeko aukera izan da.
Eta egun osoan sasoiari eutsi ahal izateko, indarberritzeko aukera ugari izan dituzte gaur Ordiziara etorri direnek, barazkiak parrilan eta paella ezin goxoagoa, besteak beste, 3. eremuan.
Inolaz ere, egitarauarekin gozatzeaz gain, Euskal Eskola Publikoari babesa adieraztea izan dute helburu nagusi gaur Ordiziara etorri diren guztiek.
Jardunaldiaren hasierako ekitaldian izan dira, besteak beste, Jokin BIldarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Irekiera ekitaldi horretan adierazi du Ordiziako Urdaneta eskolako gurasoen elkarteko lehendakari Maria Albisuk, beraien udalerria “Euskal Herriko beste hainbat herri, auzo eta eskola publikoren ispilu dela, muturrera eramandako egoeraren ispilu”.
Albisuk nabarmendu duenez, Euskadiko Eskola Publikoan elkarrekin bizi omen dira “herrialde askotatik etorritako pertsona eta familia ugari”, egoera zaurgarrian daudenak eta euskara ezagutzen ez dutenak asko eta asko. “Egoera horri behar bezala aurre egiteko eta denok aberastu gaitezen, politika egokiak eta ausartak behar dira”, premiazkoak diren baliabideak eskura jarrita.