Europako Kontseiluak atzo iragarri zuen, Adimen Artifiziala (AA) arautzeko juridikoki loteslea den lehen nazioarteko ituna onartu duela. EBeko 27 herrialdek baiezkoa eman dute.

“Akordio hori Europakoak ez diren herrialdeei ere irekita dago, AAko sistemen bizi-ziklo osoari aplikatzen zaion lege-esparru bat ezartzen du, eta ekar ditzakeen arriskuetan zentratzen da, berrikuntza arduratsua sustatzearekin batera”, adierazi zuen Europako Kontseiluak, erakundeko 46 Atzerri ministroek Estrasburgon ituna onartu ondoren.

Nazioarteko hitzarmen horrek behartu egiten ditu estatu sinatzaileak, AAren “balizko arriskuak identifikatu, ebaluatu, prebenitu eta arintzeko “neurriak abian jartzera – sektore publikoan zein pribatuan–, batez ere, teknologia hori erabiltzeak “giza eskubideen arauekin bateraezinak diren arriskuak ekar ditzakeenean”.

Ildo beretik, estatuek “kontrolatu egin beharko dute Adimen Artifizialeko sistema horiek berdintasuna errespetatzea, genero-berdintasuna barne, diskriminazioa eragozten dutela eta bizitza pribatua babesten dutela”. Itunaren xedea izango da, halaber, AA “instituzioei eta prozesu demokratikoei erasotzeko erabil ez dadin saihestea, betiere botere-banaketaren printzipioak errespetatuz”.

Batzordea

Europako Kontseiluko 46 estatuetako kideek eta beste 11 herrialdek (Argentina, Australia, Kanada, Costa Rica, Vatikanoa, Israel, Japonia, Mexiko, Peru, Estatu Batuak eta Uruguai) parte hartu duten batzordeari esker burutu da azken bi urteotan zehar erregulazio-akordioa. Sektore pribatuko, gizarte zibileko eta akademikoko ordezkariak ere kontuan izan dira lan honetan. AAri buruzko itaunaren markoa irailaren 5ean zabalduko da, Vilnan egitekoa den Justizia ministroen konferentzian, eta bi modutara aplikatuko da.

Sinatzaileek xedapenak baliatzea erabaki beharko dute, erregulazio-itunean agertzen diren bezala, eta bestela, dokumentukoen parekoak diren beste neurri batzuk abian jar-tzeko konpromisoa hartuko dute, betiere “giza eskubideak, demokrazia eta Zuzenbide Estatua” babesten badituzte. “Akordioa osatzen duten herrialdeetako sistema juridikoen desberdintasunez jabetuta” erabaki da bi onarpen-modalitate horiek planteatzea.

Europako Kontseiluak azaldu zuenez, itunak jarraipena egiteko mekanismo bat ere izango omen du, “modu eraginkorrean martxan jar-tzen dela ziurtatzeko”. Testuinguru horretan, Interneteko erakunde, erabiltzaile-elkarte, enpresa eta gizarte-erakundeetako hainbat ordezkarik eskaria luzatu dute gaur, Interneten Eguna dela eta, teknologia berriek, eta bereziki adimen artifizialak, pertsonak kokatu ditzan gero eta mundu digitalizatuagoa den honen epizentroan.

Eta horretarako zibersegurtasun neurri sendoak hartu beharko dira, adimen artifizialaren erabilera seguruaz eta arduratsuaz kontzientzia-tzeko eta hura sustatzeko; bai eta alborapenak eta diskriminazioa arintzeko, garatzaileen betebeharrak eta erantzukizunak definituko dituzten aurreiritziak, esparru legalak eta deontologikoak zabal ez daitezen.