Bizipoza jaiaren aurkezpen ekitaldia ospatu zuten asteartean Hernaniko Biteriko aretoan, apirilaren 26an eta 27an ospatuko den Bizipoza ekitaldiaren nondik norakoen berri emateko asmotan. Ekitaldiko xehetasunak aurkezten izan ziren ondorengoak: Hernaniko Udala, Bizipoza Elkartea, Dobera Euskera Elkartea, Super H Elkartea, Gaztelekua, Pausoka elkartea, eta Kanika Aisialdi taldea. Hizlariez gain, honakoak ere bertaratu ziren ekitaldiaren aurkezpenean parte hartzera: Totem eta Mitxelena babesleak; eta Hernaniko boleiboleko taldekoek. Giro ederra jartzeko ardura hartu zuten trikitilariek eta Ttarla dantza taldeko kideek. Aurkezle lanetan jardun zuten, berriz, Porrotxek eta Zapotxinek, modu umoretsuan.

Arratsaldeko 18:00etan eman zitzaion hasiera Bizipoza jaiaren aurkezpen ekitaldiari, Porrotxen eta Zapotxinen ongi etorriarekin, ‘Ikusi mendizaleak’ abestiak girotuta. Sudur gorriak Bizipoza elkartea zer zen azaldu zuten aurrena, eta argi utzi zuten, "denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea" dela Bizipozaren jomuga nagusia: "Bizipoza gaur egun, Euskal Herri osoko 38 elkartez osatutako elkartea da. Denak, izaera bereziko gaiak lantzen dituztenak, eta haur eta familiek osatutakoak, hain zuzen. Eta Bizipozaren helburua da denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea, euskaratik eta euskaraz. Horretarako Bizipozaren helburu bada elkarte guzti hauek egunerokoan egiten duten lan hori, eta euren errealitatea gizarteratzea eta eragitea".

Porrotxek eta Zapotxinek Hernani herri alaitzat, jatortzat eta eskuzabaltzat izendatu zuten, ondokoa azalduz: «Zorionak! Bizipozaren kurrikulumeko ezaugarriak bikain betetzen dituzue!». Eta jarraian, Bizipoza elkarteko koordinatzailea den Leire Elizegiri pasa zioten hitza, Bizipoza eskolaren berri emateko. "Bizipoza elkarte izateaz gain komunikatea ere, bada. Ibilbide luzea egin dugu dagoeneko eta bide luzea dugu aurretik. Garrantzitsua ikusten dugu bidelagun izan ditugun guztiei gure eskerrik beroena aitortzea. Bizipoza Eskola gure bideko pauso potoloa izan da, zenbait proiektu piloto eta gero indarra hartzen ari dena". Hori guztia modu bisualean ikusteko aukera izan zuten ‘Bizipoza eskola’ren bideo proiekzio batekin.

Bizipoza jaiaren kartela. N.G.

Elizegik amaitu ostean, ‘Ai, Zapotxin’ abestia kantatuta, Dobera Euskara Elkartea aurkeztu zuten, Bizipoza tonbola antolatu baitute, Bizipoza ekitaldiaren egunerako. Doberako kideek jakinarazi zuten sari mordoa eskuratzeko aukera egongo dela tonbolan: "opari sorta ederra bildu dugu handik eta hemendik, beraz, animatu!".

Super H Elkartek hartu zion lekukoa Dobera Euskara Elkarteari, elkartea aurkeztuz: "gaitz larria edo onkologikoa duten umeentzako eta ikerkuntzarako laguntza elkartea da". Opari bana eskaini zieten Porrotx eta Zapotxini, paperezko txoria. Kondaira japoniar batek omen dio, horrela mila eginda bihotzean daramagun desiorik sakonena beteko dela. Elkartearen helburuak azaldu ostean, Bizipoza elkarteak Super H elkartearekin elkarlanean sortutako ‘Parke bat’ bideoklipa proiektatu zuten.

Bideoklipa amaituta, Zapotxin eta Porrotxek musikarekin sekulako giroa jarriz. Erraldoi eta buruhandien bisita izan zuten, eta maskuri kolpe eta dantzen artean, aretoa aztoratu zuten. Pausoka elkarteak, ‘Elkarrekin jolasten’ bideoa proiektatu aurretik, elkartearen funtzioak elkarbanatu zituen eta adierazi zuten oso garrantzitsua zela horrelako festa batean errealitate ezberdinak plazaratzea: "Guztiok disfrutatzeko jaia izango da. Denona eta denontzat! Beraz, animatu eta etorri jaira!". Jarraian, publikoarekin interaktuatzeko asmotan, Kanika Aisialdi taldea gerturatu zen aurkezpenera eta asmakizun korapilatu bat bota zuten airera, erantzuna apirilaren 27an emango dutela aitortu zuten. Boleibol taldeako kideak ere igo ziren eszenatokira, eta baloien jokuaren artean pailazoek puxikak ere airean jarri zituzten.

Egitarau oparoa, Bizipoza jaian

Denek esperotako momentua heldu zen jolasean aritu ostean: Porrotxek eta Zapotxinek apirilaren 27an egingo den Bizipoza jaiaren egitaraua aurkeztu zuten.

Apirilak 26

Gudarien Plazan

15:15 BADATOR BIZIPOZA JAIA! Hernaniko ikastetxeen eskutik

Apirilak 27

BIZIPOZA JAIA- ATSEGINDEGIN

10:30-14:30 BIZIPOZAKO ELKARTEen gunea

10:30-14:30 BIZIPOZA jolasa

10:30-14:30 “Euskal tonbola” DOBERA EUSKARA ELKARTEAren eskutik

11:00 GO!AZEN-eko lagunen ikuskizuna

11:30 HERNANIKO ERRALDOI ETA BURUHANDIEN KONPARTSA herrian zehar

11:45 TTARLA DANTZA TALDEAren dantza emanaldia

12:30 HERNANIKO MUSIKA ESKOLAKO TRIKITILARIAK herrian zehar

12:45 BIZIPOZAKO ELKARTEEI eskertza eta aitortza ekitaldia

13:30-15:30 Paella jatea PAUSOKA ELKARTEAren eskutik

16:00 ZAPOTXIN, PORROTX ETA MARIMOTOTSekin irri, kantu eta dantza

17:30 MERIENDA

18:00 ITZAL TALDEARErekin erromeria

URBIETA KALEA - TAILERREN GUNEA

10:30-14:30 KANIKA AISIALDI TALDEAren, ARATZ IKASTOLAren eta GAZTELEKUAren haurrentzako tailerren gunea

12:00 HERNANIKO BOLEIBOL TALDEAren “Hartubol” erakustaldia

BITERIKO PLAZA

10:30-14:30 BIZIPOZAKO ELKARTEen tailerrak

12:15-14:30 HERNANI BURUJABEren Altxorraren bila

Ekitaldiko egitaraua aurkeztearekin batera, partehartzaileak, udaleko kideak, babesleak, elkarteak eta ikastetxeak oholtzara igo ziren eta udaleko ordezkarien hitzak jaso zituzten aretoan.

Aurkezpen ekitaldiari amaieran, trikitilari taldeko kide baten pandero soinuaz kalejiran jarri ziren, eta Ttarlako lagunek agurra dantzatu ostean, ekitaldiari amaiera eman zioten bertaratutako guztiek ‘Agur bat lagun maite’ dantzatuz, eskusoinuaren laguntzarekin.

Bizipoza Elkarteak azken informazioa gehitu nahi izan zuen: "Elkartetik jakinarazi nahi izan dugu jaialdi osoan zehar zeinu hizkuntza zerbitzua eskainiko dela, risgarritasunari garrantzia eman nahi diogu eta horrelatik, behar duen edonork, interprete zerbitzu integrala jaso dezake jaialdian zehar".