Gauzak aldatzen ari direla nabarmena da, baina gainera “sustraiko eraldaketak dira, bizitzako arlo guztietan, eta mundu osoan ari dira ematen aldi berean”. Ez zen horrela gertatu, adibidez, iraultza industrialean. Ezta telebista gure etxeetan sartu zeneko “eraldaketa kulturalean”. Gaur egun gertatzen ari dena “berria da”.

Deustuko Unibertsitateko Ion Muñoa eta Andoni Eizagirre irakasle eta ikertzaileek argigaratu berri duten Sustraiko Eraldaketak Munduan liburua aitzaki, honen guztiaren inguruan jarduteko Herrigintza ariketa antolatu zuten Sabino Arana Fundazioak eta Oreki Fundazioak otsailaren 29an Miramongo Parke Teknologikoan.

“Hain txikiak izanik”, etorriko denari nola aurre egingo diogu euskaldunok? Jabetzen ote gara aldaketen dimentsioaz eta, ondorioz, horiek gure herrian duten eraginetaz?” Horixe izan zuten hizpide hizlariek: polarizazioa, desafekzioak, populismoak, geopolitika, Europaren tokia munduan… 

Ekonomiaz eta politikaz hitz egin zen. Baita euskaldunon hainbat balioetaz: auzolanaz eta komunitateaz gehienbat. Gure balioei uko egin behar ote diogu erronka berri horiei aurre egiteko? Edo agian balore horiek salbatuko gaituzte?

Zigor Ezpeleta hizlariak, Mondragon taldeko Gestio Sozialeko zuzendariak argi dauka: “Euskal Gizarteak aurrerapausoak eman behar ditu egungo ongizatea mantendu nahi badu”.

Gu norbanokoon jarrerez hitz egin zuen. Lehenik eta behin, gizarte “zaharkitua” garela azpimarratu zuen eta ez dugula beste herrialde handi batzuek duten “hazteko gosea”. Txina aipatu zuen adibide moduan, baita India ere.

“Indibidualismo asko dago; gurea orain nahi dugu eta horrek kezkatzen nau”

Zigor Ezpeleta - Mondragon taldea

 “Nik ez nituzte nahiko beste herrialdetako eredu sozialak niretzat, baina hango abiadura, energia, izugarria da. Hazteko gosea dago. Ikaragarrizko indarra ematen die horrek. Baina non dago gure indarra? Espabiltatu beharra daukagu, bestela gure bizi maila ezin izango dugu mantedu”, azaldu zuen Ezpeletak.

Momentuz, zereginik badugu: “Asko erreklamatzen eta exigitzen dugu. Nik, nirea nahi dut eta orain. Indibidualismo handia dago eta horrek kezkatzen nau”, esan zuen Ezpeletak.

Adimen Artifizial generatiboak ekarri duen iraultza argigarria izan da, baina aldaketak aurretik datoz. Irudika ditzakegun “transizio guztiak egiten ari gara eta denak batera: teknologiko-digitala; soziala, klimatiko-energetikoa…” 

Etorkizunera moldatzeko egin beharko dugun ariketaz mintzo zen Mondragon taldeko aditu hau. Bere ustez, datorrenari moldatzeko giltzarria, “pertsonak kulturalki eraldatzen asmatzean dago”, esan zuen. “Baina nola demontre egiten da hori?”

Pertsonon “kutxa beltza” ulertzeko eta beraien portaeran eragiteko ariketa horretan, Ezpeletak uste du gure enpresek eta haien antolaketek zer esan handia izan dezaketela. 

“Ez nituzke niretzat nahi beste herrialdeetako eredu sozialak, baina energia izugarria dute”

Zigor Ezpeleta - Mondragon taldea

Izan ere, gure lantokietako ingurugiroak gure portaeran eragiteko % 60ko ahalmena omen du eta gure konpromezua pizteko. Beste % 40 ez omen dago beste inorren eskuetan. “Norberak ez badu nahi, ez du nahi”, esan zuen Ezpeletak.

Ezpeletak dio horren ardura enpresen zuzendaritzek dutela. “Gestio dinamikak” aldatzea dagokie beraiei. Horretarako palankak: “konfidantza, autonomia, parte hartzea eta formazioa behar dute izan eta horiek guztien langileen konpromisuan eragingo dute eta kultura eraldatzen joango da”, adierazi zuen.

“Influentzia gaitasuna dugu, baina pertsonak ezin ditugu aldatu. Emozioa aktibatu behar dugu, beharrak edo ilusioak piztuz. Pertsonen gainetik pasa nahi badugu, toki berdinera bueltatuko gara”, esan zuen.

Europaren txikitasuna

Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Industria Jasangarri eta digitalerako sailburua ere hizlari moduan aritu zen. Irujo Europaren eta Euskal Herriaren kontestu ekonomikoaz aritu zen. Geopolitikaz ere bai.

Datu argigarriak eman zituen Nafarroako sailburuak: “Europearrok munduko populazio guztiaren % 6 besterik ez gara. Oso gutxi. Duela 15 urte, munduko ekonomiaren % 33 ginen; gaur, % 18”

“Duela 15 urte europearrok mundukoekonomiaren % 33 ginen;_gaur, % 18”

Mikel Irujo - Nafarroako Gobernuko sailburua

Horrez gain, aipatu zuen “demokraziek ere %16” egin dutela “behera azkeneko hamarkadan”.

Alemania, Europako lokomotora, errezesio teknikoan dago: %0,3ko hazkundea izan du soilik azken urtean. Irujok Nafarroaren kasua jarri zuen adibide moduan. “Nafarroako ekonomia germanizatua” dagoela esan zuen. Nordex, Siemens Gamesa eta Volkswagen bezalako enpresa alemaniarrek pisu handia dute Nafarroan, baina Alemania beheraka doa munduko mapa horretan. 

“2019tik 2023ra industria ekoizpena % 7 jaitsi du” eta Munduko hirugarren esportatzaile handiena zenak, orain toki hori galdu du. Arrazoia, Txinak “geroz eta gutxiago erosten diolako Alemaniari”. 

Arrazoiak arrazoi, Alemanian onartu dute jadanik, esan zuen Irujok, “digitalizaziora berandu sartu” zirela. Eta orain, “lan merkatua landu eta hondatzen ari den eredu ekonomikoa erregulatzen hasi beharrean daude”.

BASF multinazionalaren Alemaniako faktoria bakar batek, esan zuen Irujok, “2022an 700 milioi urteko galerak izan zituen energia kostuengatik”. 

Eta dugun arazoaz jabetuta, “industria bueltatu da lehentasun mailara Europara. Oso harroputzak izan gara. Produkzioa Asiara bidali dugu merkeagoa zelako eta uste genuelako balio erantsia geurea zela. Baina 15 urtetan ikusi dugu, prezioan galdu dugula eta kalidade mailan ere harrapatu gaituztela. Gauza askotan irabazten digute oraintxe bertan”, esan zuen Irujok.

“Uste genuen demokrazia eta gure balioak munduan zehar zabal genitzakeela; oso oputzak izan gara”

Mikel Irujo - Nafarroako Gobernuko sailburua

Txina da, oraintxe bertan, sortzen ari den mundu “zatitu” horretan etengabe gora egiten ari den herria, Estatu Batuak egoera berri honetan “bere tokia bilatzen” jarraitzen duen bitartean. 

Energiaren erronka

Bestalde, Irujoren ustez, Europak egin duen Itun Berdea, deskarbonizazioaren aldekoa, ez da soilik apustu politiko bat, baizik eta geroz eta konpetitiboagoa den mundu horretan bere tokia mantentzeko “estrategia komertzial bat”: “Berdeak izaten oso onak gara oraindik”, esan zuen. 

Gure alde, esan zuen Irujok, gizarte mailan eraldaketa “berde” hori egiteko “konsensua” dugula, “momentuz”, baina aipatu zuen ere Europan populismo eta autoritarismoak indarra hartzen ari direla eta azti egon beharko dugula.

Gure gabezien artean, Lanbide hezkuntzan eta ingeniaritzan dugun profesional eskasia aipatu zituen, eta baita ere energia arloa. Nahiz eta duela hamar urte baino % 16 energia gutxiago kontsumitzen dugun, efizienteagoak garelako, argi du oker gabiltzala: “Gure energia sortzen ez badugu, ez gara konpetitiboak izango eta krisira bueltatuko gara”.

“Eraldaketa unean gaude eta orain arte egindako guztiak hobetu behar ditugu”. Baita politikan ere: “Uste genuen demokrazia prozesu hori zabaldu eta gure balioak zabal genitzakeela, baina gertatzen da beste herrialde askok Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala bera ere ez dutela partekatzen”. 

Hala ere, Irujok esan zuen ezin diogula uko egin osasun sistema unibertsalari eta pentsioak izateari eta gure European Way of Life horrek ez duela atzera bueltarik.