Adin eta maila guztietara irekia, koloretako betaurrekoak jantzi eta norbera eta norbere ingurua zipriztintzeko gonbidapena egin dute Bizipoza elkartetik eta horregatik, denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean, behar bati erantzutera dator Bizipoza eskola: Hezkuntza inklusiboa.

Elgoibarko Danobatgroupek gizarte erantzukizunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko duen Elkarrekin Eragin programari esker finantzatu da proiektu guztia eta gaurkoan, proiektuan modu ezberdinetan parte hartu duten gonbidatuak izan dira euren esperientzia kontatzen. Bertan izan dira Bizipoza elkarteko kide den Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak eta proba pilotuetan parte hartu duten Bertsozale elkarteko, Aratz ikastolako eta Amassorrain ikastolako kideak. Ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Gartxot musikariak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak.

Zergatik sortzen da Bizipoza eskola? “Elkarteak sortzen diren arrazoi berdinagatik. Behar bat dago. Badaude haur eta familien eskubide batzuk bete gabe daudenak eta horren aurrean familiak edo norbanakoak elkartu egiten dira horri aurre egiteko. Guk gauza bera egin dugu. Gai ezberdinetan aritu eta adituak bildu ditugu eta gida hauek sortu ditugu elkarrekin, Bizipozaren baloreekin zipriztintzeko norbera eta bere ingurukoak”, azaldu dute Leire Elizegi Belokik eta Nerea Godoy Fuentesek, Bizipoza elkarteko kideek.

Webgunean hainbat material bildu dira: gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia. Horiei esker, gai ezberdinak landu ahal izango ditugu: Norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna; genero rolak, identitatea eta transexualitatea; familia aniztasuna eta sexu orientazioa; heriotza; kulturaniztasuna; aniztasun funtzionala; gaixotasunak; eta boluntariotza.

GIDA DIDAKTIKOAK

Gai horiek guztiek hezkuntza arautuko hainbat mailatara bideratu dira: HH, gela egonkorra, LH, DBH eta goi mailako hezkuntza. Hezkuntza ez-arautuan, berriz, hizkuntza-mailaren arabera sailkatu dira gida didaktikoak. Maila guztietarako gai berdinak proposatu dira baina hizkuntza-maila bakoitzera egokitzen da jarduera oro. “Gure proposamena irekia da norberak bere testuingurura egokitu dezan. Jarduerak egokitzen dira Nafarroako eskola txiki batera nahiz Bilbo erdiguneko ikastola handi batera”, azaldu dute. Izan ere, Euskal Herriko lurralde guztietan 8 ikastetxerekin eta Leioako EHUko magisteritza eskolarekin proba pilotoak burutu dira. Horretaz gain, herrietan, aisialdi talde, euskaltegi eta beste hainbat eremutan ere bai. Herrigintza atalari dagokionez, Euskal Herriko herri eta auzoetan Bizipoza dinamikak sortzeko baliabideak aurki daitezke. Adibide gisa, Lasarte-Oria herrian eta Bilboko Uribarri auzoan garatutako adibideak aurki ditzakegu webgunean.

MATERIAL OSAGARRIA

Hona hemen webgunean aurki daitekeen material osagarria:

  • Elkarteen komikiak.
  • Zenbait elkarteren marrazki bizidunak.
  • Elkarte bakoitzaren 3-4 minutuko mikrodokumentalak.
  • Bizipozaren 20 minutuko dokumentala.
  • Elkarte bakoitzaren abestia, bideoklipa eta bi karaoke (ahotsarekin eta ahotsik gabe).
  • Elkarte bakoitzaren kantuaren partitura.
  • Elkarte bakoitzaren ilustrazioa.
  • Elkarte bakoitzaren nazioarteko eguna eta elkartearen manifestua.
  • Elkarbanatzen atala: Bizipoza Eskolarekin bat egin duten ikastetxe, herri, aisialdi talde zein euskaltegiren esperientziak aurki daitezke, besteak beste, eta aurrerantzean garatuko diren esperientziak partekatzea helburu duen atala da.
  • Elkarteak atala: Elkarte bakoitzaren material osagarri guztia, elkarte horri lotutako jarduera guztiak eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak aurki daitezkeen atala. Gida didaktiko eta material sorta handi honen aurrean, Bizipoza Eskola webguneak filtro bidezko bilaketa egiteko aukera dakar, erabiltzaileari bere testuinguruarekin bat doan jarduera aurkitzea errazteko asmoz.
  • Egutegia: Egutegiak elkarteen nazioarteko egunak jasotzen ditu, Eñaut Aiartzaguena Bravoren ilustrazioak eta Amets Arzallus hausnarketarako esaldiak. Adibidez, abenduarekin batera honako esaldia aurkituko dugu: “Euskara da gure azalaren kolorea”.