Jende asko bildu da Arantzazura Nikolas Segurolari azken agurra ematera. Frantsiskotarren probintziala den Joxe Mari Arregik eman duen meza, hogeitik gorako apaiz taldearen laguntzarekin. Bere predikuan Matxinbentakoaren gizatasuna azpimarratu du batez ere Arregik, eta zenbait esparrutan egindako lan oparoa. Bertsolari talde handia ere hurbildu da santutegira. Xabier Euzkitze, Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertso bana eskaini diote Segurolari meza bukaeran, baina han izan dira, besteak beste, Millan Telleria, Mikel Mendizabal eta Jon Sarasua ere.

Artzain talde batek arran-hotsa haizeratu du aldare azpian omenaldi gisa, oso hunkigarria suertatu da une batean, bertaratuek Arantzazuko Amaren ereserkia abestu aurretik. Agintari eta agintari ohiak ere izan dira hileta-elizkizunean. Besteak Beste Arantza Tapia sailburua eta Bittor Oroz sailburuordea. Segurolarekin harreman estua izan dute Roman Sudupe Gipuzkoako diputatu nagusi ohia, Gonzalo Samaniego sailburu ohia eta Joxe Ramon Beloki diputatu ohia ere han izan dira. Lehen sektoreko ordezkaritza zabala ere izan da, besteak beste, Gomiztegi Artzain Eskolako Batis Otaegi eta ENBA sindikatuko Iñaki Goenaga eta Xabier Iraola.