Xabier Lizaso 30 urteko gazte donostiarra da. Lanbidez informatikaria izan arren, magia izan du pasio txiki txikitatik. Autodidakta bada ere, euskal magoen artean erreferente bihurtu da. Gipuzkoako Magoen Elkarteko lehendakaria da pare bat urtetatik hona, eta euskarazko lehen magia liburua idatzi du.
Noiz harrapatu zintuen magiak?
–Oso txikitatik gustatu izan zaizkit antzerkia, zirkoa, arte eszeniko gehienak… Gogoratzen dut lehenengo magia trikimailuak lau urterekin egin nituela, eta geroztik, beti eduki dut lotura estua mundu horrekin. Hamahiru edo hamalau urte nituenean, profesionalizaziora jauz egin nuen, haurrei egiten zaien magia atzean utzi eta liburuetara eta teknika berrietara jo nuen. Ikasle amorratua izan naiz urte hauetan, beti material berriak ezagutzen eta magia egiteko modu berriak neuereganatzen.
Trikuxabi duzu izen artistikoa. Trukoetatik triku?
–(Barrez) Ba ez, nahiz eta magiaren munduan murgiltzen joan nintzenean, izen horrek duen jokoaz jabetu. Txikia nintzenean, kaskamotza nintzen eta, pintxatu edo sastatzen nuelako, triku deitzen zidaten.
Informatikaria izan aurretik nahi al zenuen mago izan?
–Egia esan, ez. Ez nuen inoiz magia lanbidetzat hartu, ez nuen horrela planteatu. Nahiz eta magia denbora gehiago egon den nire alboan, lanbidea aukeratzeko orduan, argi eduki nuen informatikaria izan nahi nuela. Modu intuitibo batean esan nion neure buruari, magia hobbya zela eta informatika lanbidea. Momentu horretan ez nuen uste magiarekin bizibide bat eraiki ahal izango nuenik, naihz eta beti izan barrualdea gehien kitzikatu didan artea.
Zergatik? Zaila delako magiatik bizitzea?
–Besterik gabe, ez nuen planteatu. Niretzako hobby bat zen eta bide profesionala beste alde batetik bilatu nuen. Denborarekin jabetu naiz magia dela nire pasio handiena, eta horregatik saiatu naiz oreka bat sortzen. Gutxinaka, topatzen ditudan tarteetan, magia profesionalizatzen saiatu naiz, nire bizitza magiaren bidera eramateko.
Nola ikasten da magia edo mago izaten? Ez dago titulazio ofizialik...
–Egia da, ez dago horrelakorik, eta mago gehienok etxean, liburu eta bideoen bitartez ikasi dugu dakigun gehiena baina badaude ikastaroak antolatzen dituzten taldeak, Bilbon badago magia eskola bat… eta, Estatu mailan, Madrilen badira magia irakasten duten hainbat leku. Gaur egun, badira makina plataforma, Netflixen antzekoak, magia irakasten dutenak eta arrakasta handia dutenak. Ni magia ikasten hasi nintzenean ez ziren honelakoak existitzen, eta nire kabuz ikasi behar izan nuen (barrez).
Trikimailu-truko bat egiten duen edonor al da mago?
–Galdera zaila. Nire ustez, magia egiteko orduan magia zaintzen duen edonor bada magoa. Sareetan badira hainbat pertsona, inolako errespeturik gabe trukoak azaleratzen dituztenak, eta badira , baita ere, prozesuak azalduz eta arteari garrantzia emanez magia irakasten dutenak. Bigarren eredu hori izango litzateke zuzena, eta galderari erantzunez, bai: magia errespetatuz truko bat egiteko gauza dena, arazorik gabe kontsideratuko nuke mago. Maitasuna ikusi behar da egiten den horretan.
Madrilen eta Londresen bizitakoa zara. Magia ere lagun izango zenuen hiri horietan, ezta?
–Noski. Madrilen bizpahiru urte egon nintzen bizitzen eta hango magia komunitatea oso handia da. Mago asko ezagutzeko aukera izan nuen eta Euskal Herrian ez bezalako magia dendak badaude han, magiarekin erlazio estua edukitzea ahalbidetzen dutenak. Baina, magiarekin loturarik handiena Londresen bizi izan nuen. Bertan dago munduko magia elkarterik ezagunena, The Magic Circle izenekoa; bazkide egin nintzen, eta halaxe jarraitzen dut. Oso esperientzia polita izan zen, astelehenero bilerak egiten genituen eta shock handia zen niretzat mundu mailan oso ezagun diren magoekin hizketan aritzea eta haiek ezagutzea.
Badirudi magiak ez duela txokorik gure gizartean, bai ordea, monologoek edota kontzertuek. Hori zergatik gertatzen dela uste duzu?
–Magia, haurrentzat bideratutako zerbait bailitzan ikusten dugulako eta, bereziki euskaraz egindako magia, haurrei bideratutakoa izaten delako nagusiki. Eta hori ez dago gaizki, baina publiko guztietara ez bideratze horrek, bestelako espazioetan lekurik ez izatea ekartzen du. Pena da, baina bai, oraindik magia, haurrentzat egindako artetzat dugu. Hala ere, hau ez da kexatzeko garaia, autokritika egiteko ordua baizik. Mago guztion lana da muga horiek zabaltzea eta espazio berriak bilatzea.
Ematen du sare sozialak izan daitezkeela muga horiek zabaltzeko tresna…
–Hala da, bai. Esan duzun moduan, monologoek azken urteotan izandako hazkundean eredu bat ikus genezake. Magia komunitate indartsu bat sortu behar dugu, denok batera lan egin eta espazio berriak eraiki gure artea zabaltzeko. Eta noski, sareek garrantzia handia dute horretan. Eduki-sortzaile askok sare sozialetan aurkitu dute magia egiteko lekua, haurrei gidatutako magiatik urrun, eta bada euskaraz sortzen duten artistarik ere, influencerrak, eta abar. Profil desberdin bat jaio da TikTok eta Instagramen, magia tradizionaletik aldentzen dena. Gainera, geroz eta neska gehiago ikusten dira magia egiten sare sozialetan, eta hori oso berri ona da magiarentzat, dudarik gabe.
Euskarak ere hartu du lekurik pantailetan.
–Sortu berri da, bai. Euskal eduki sortzaileen tamaina oso handia ez izan arren, komunitatea oso azkar hazten ari da. Dena den, hastapenetan gaudela esango nuke. Aldaketa hori ikusi egin nahi dut, euskarak sareetan zer nolako lekua hartzen duen, eta nola kokatzen den. Euskal magoentzat eta artistentzat positiboa izango da, ehuneko ehunean.
Zure nortasuna euskararekin definitzen da, beraz?.
–Hala da, bai. Eduki ditudan erreferenteen ondorioa da. Nere adineko gazteek ondo gogoratuko dute Txan Magoa, oso euskal zalea eta magia erabiltzen zuena euskara zabaltzeko. Deskonexio-puntu bat eduki nuen euskararekin Madrilen eta Londresen bizi izan nintzenean, baina Ingalaterran nengoela, euskarazko eduki sortzaile talde bat ezagutu eta orduan hasi nintzen produktuak euskaraz sortzen. Hain urrun eta hain gertu. Oso sentsazio polita izan zenez, geroz eta garrantzia handiagoa eman diot hizkuntzari, euskara bera nire komunitate bihurtu arte. Nire jardunaren erdigune bihurtu da. Ez nuke planteatuko ikuskizun bat edo TikTok-eko bideo bat gazteleraz egitea, euskara delako nire komunitatea. Gustura sentitzen naizen txokoa da.
Euskarazko magia komunitatetik haratago doa orduan zure jarduna.
–Bai, euskal komunitate oso polita sortu da Euskal Herrian eta, egiten duguna arte kontsideratu nahi badugu, komunitatearentzat izan behar du. Arteak pertsonala izan behar du, barrutik atera nahi duzuna islatzeko erabil daiteke, eta nire kasuan, euskaratik pasatzen da hori halabeharrez.
Euskal magian erreferente bihurtzeraino. Euskarazko lehen magia liburua idatzi duzu.
–Bai, elemelons euskal magoarekin batera. Elkarrekin izan genuen ideia, eta ia urtebete ondoren, kaleratu genuen . Oso harrera ona izan zuen eta harrotasun puntu bat ematen digu horrek, ikusteak badaukagula zer eskaini. Dagoeneko mago direnentzako material profesionala da, magia egiteko proposamenak dituena. Mentalismoa ere ukitzen du. Trikuxabi.eus webgunean aurki daiteke.
Magiaren mundua txikia izanik, euskal magoena are txikiagoa izango da, ezta?
–Bai, ez dugu errepresentazio handirik. Gipuzkoako Magia Elkarteko lehendakaria naiz duela pare bat urtetik eta gure bazkide kopurua 30 ingurukoa da. Hala ere, horien artean badira euskaraz egiten ez dutenak edota ikuskizunak gazteleraz egiten dituztenak. Euskaraz magia egiten dugunak hamar bat izango gara..
Hazten ala gutxitzen ari den fenomenoa da?
–Handitzen, dudarik gabe. Azkenaldian gorakada nabaria egon da euskal magoen artean. Magia modan dagoelako. Telebistan ikusten ditugun Dynamo eta Mago Pop bezalako profilei esker, magiari buruzko pelikulak, sare sozialak… Badago azken urteotan magiara hurbiltzen ari den hainbat jende.
Magian sinistu behar da magiarekin disfrutatzeko?
–Subjektiboa da. Zineman gauza bera gertatzen da. Zinera joaten zarenean, badakizu ikusten duzun leherketa ez dela benetan gertatu. Hala ere, argiak itzali orduko, onartze prozesu bat pasatzen dugu gure baitan pantailatik iristen zaiguna sinesteko. Ba magiarekin beste hainbeste gertatzen da. Badakizu magia ikuskizun batean tranpak egongo direla, baina magoak egiten duen proposamen narratiboan sartuz gero, esperientzia oso polita bizitzen da. Magian sinisten ez dutenek magia ikuskizun bat ikusten badute, erronka bat izango dute haien barnean, eta sinisten dutenek, leunago hartuko dute esperientzia. Biak onar daitezke, alde bietatik disfrutatu daitekeelako.