Donostia – Milaka lagun elkartu ziren atzo Donostian, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Hezkuntzari buruzko lege-proiektuaren aurka egindako manifestazio jendetsuan; nabarmentzekoa izan Elkarrekin Podemos-IUko ordezkaritza ugaria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidente Garbiñe Biurrun epailea bihurtu zen manifestarien ahots, “Euskal eskola publikoaren alde hezkuntza lege honi ez!” lelopean Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko hainbat kale zeharkatu zituen aldarrikapenean.
Pilar Garrido koordinatzaile nagusia buru zutela Elkarrekin-Podemoseko ordezkari nagusiez gain, hantxe izan ziren Iban Zaldua idazlea, Ramon Etxezarreta Donostiako PSEko zinegotzi ohia eta Manuel Huertas Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi ohia.
Manifestazioa jai-giroan egin zuten, Boulevardean hasi eta amaituz. Bertan, deialdia egin zuten erakundeetako bozeramaileek manifestu bat irakurri zuten, Iñigo Urkulluren Gobernuak bultzatutako legearen aurkako jarrera erakutsiz, besteak beste, euren iritziz ez duelako hezkuntza publikoa lehenesten eta ikastetxe pribatuak trukean ezer eskatu gabe finantzatzen dituelako.
Ordezkari horien aurretik, Garbiñe Biurrunek hitz egin zuen, eta bere esanetan “edozein motatako ikastetxe pribatuk eskaintzen dituzten hezkuntza- eta gizarte-prestazioak, sozialki modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan eskaintzen dituzte ikastetxe publikoek”.
“Askoz egokiagoa litzateke, funts horiek titulartasun eta kudeaketa publikoko zentroen sare bakar eta esklusibora bideratuko balira. Ikastetxe publikoek erabateko euskalduntzea eskaintzen dute, gizarte-aniztasuna islatzen dute eta ikasleen eta familia desberdinen elkarbizitza bultzatzen dute. Eskola publikoak ez du bereizketarik egiten ez arrazagatik, ez sexuagatik, ez erlijioagatik, ez hizkuntzagatik, ez estatusagatik, ezta bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik ere”, azpimarratu zuen.
Epaileak adierazi zuenez, “eredu zaharkitu horri eusteko eta finka-tzeko arrazoiak betikoak dira: interes partikularrak, interes ideologikoak, alderdikoiak eta elite sozial, ekonomiko eta politikoak manten-tzeko interesak asetzea; hain zuzen ere, hezkuntzaren aldeko itun sozial batek izan beharko lukeenaren erabat kontrakoa”.
“Argi dago interes ugarik eta oso ahaltsuk bat egiten dutela gauzak horrela izan daitezen, ez bakarrik sare pribatu eta itunduen interesak, baita irismen luzeagoko beste interes batzuk ere. Hain zuzen ere, interes horiek azaleratu eta salatu behar dira, gaur egun hemen egiten ari garen bezalaxe”, aldarrikatu zuen. Lege hori onartuz gero, “euskal eskola publikoa ez indartzeaz gain, ahuldu” egingo duela esan zuen, “gizarte-maila jasanezinak mantentzeaz gain”.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan, Hezkuntza Lege honekin “egundoko aukera alferrik galduko da euskal eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz bihurtzeko, eskola publiko sendoa eraikitzeko”.