Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 8.000 eurorainoko dirulaguntzak ematen ditu Euskadiko toki-erakundeen, tokiko erakunde autonomoen eta tokiko merkataritza-sozietateen proiektuetarako, baldin eta komunitate-ekintzaren bidez osasuna sustatzeko proiektuak garatzen badituzte.

Laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 75, ezta 15.000 euro ere erakunde onuradun bakoitzeko, proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero, Osasun Sailaren deialdiaren oinarrietan jasotakoaren arabera. Deialdi hori irailaren 15era arte egongo da zabalik.

Dirulaguntzen hartzaileak EAEko udalerriak, mankomunitateak eta gainerako toki-erakundeak dira, bai eta tokiko erakunde autonomoak eta Erkidegoko tokiko merkataritza-sozietateak ere.

Helburuak

Laguntza horien helburua da 2023ko urtarriletik abendura bitartean elkarbizitza-eremuan bizi direnen bizi-baldintzak hobetzera bideratutako proiektu parte-hartzaileak finantzatzea; osasuna eta ongizatea hobetzeko prozesuetan ekintza indibidual eta kolektiborako gaitasunak indartzea; eta loturak eta gizarte-kohesioa indartzea, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboak barne hartuta.

Programak 250.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du, eta honako hauetarako erabilitako gastuak diruz laguntzen ditu: komunitateko hainbat eragile erakartzeko eta osasuna sustatzeko proiektuak egitea ahalbidetuko duten aliantzak ezartzeko; herritarren osasunerako eta ongizaterako interesgarriak diren beharrak, nahiak, arazoak edo gaiak identifikatzeko; eta komunitatearen aktiboak identifikatzeko, pertsonek edo komunitateek beren osasuna eta ongizatea mantentzeko duten gaitasuna indartzen duten faktore edo baliabide gisa (aktiboen mapaketa).

Halaber, programak dirulaguntzak jasotzen ditu osasuna sustatzeko jarduera zehatzak diseinatu, garatu eta ebaluatzeko, herritarren intereseko arlo edo gaietara bideratuak, hala nola jarduera fisikora, elikadura osasungarrira, ongizate emozionalera, osasuna eta ongizatea sustatzen duten inguruneetara eta komunitatearen osasunerako eta ongizaterako garrantzitsuak diren beste gai batzuetara.