Zenbat istorio gordetzen dituen itsasoak... Nork edo nork itsasontzi, bale ikaragarri edo piraten inguruko kontakizunak ezagutzen baditu ere, arrantzaren munduari buruz asko daukagu ikasteke oraindik. Gainera, gaztetxoen artean lehen sektoreko aktibitateekiko interesa sortzeak belaunaldi erreleboa sustatzeko bidea zabaldu dezake. Hori horrela, Kofradia Itsas Etxeak haurrentzako asteak antolatu ditu umeek arrantza egiten, arrain espezieak bereizten, korapiloak egiten edota amuak prestatzen ikas dezaten, primeran pasatzen duten bitartean.
Adinaren arabera, bi jarduera antolatu dira: Izan arrantzale, kaiatik jarduera sei urtetik hamabi urtera bitarteko haurrei zuzenduta dago. Bost egunetan zehar, 9.30etatik 13.45etara, itsasoarekin eta arrantzarekin loturiko ekintza ugari egiteko aukera izango dute: eskulanak, esperimentuak, jolasak, ipuinak, sukaldaritza eta arrantza-tailerrak, besteak beste.
Bi jarduera antolatu dira: 'Izan arrantzale, kaiatik', seitik hamabi urtera, eta 'Izan arrantzale, barkutik', hamabi urtetik aurrera
Kaiaren inguruan egingo dituzte aktibitate guztiak. Eguraldiak laguntzen badu, arrantzarekin zerikusia duten ekintzak kanpoaldean egingo dira; gainerakoak, berriz, Kofradia Itsas Etxean, Aquariumean edota Euskal Itsas Museoan.
Kaixo Musto, Euskal Itsas Museoa, Motoras de la Isla eta Aquariumarekin lankidetzan antolatutako ekintza da.
Nagusiak, itsasontziz
Izan arrantzale, barkutik jarduera, berriz, hamabi urtetik aurrerako gaztetxoei dago zuzenduta, eta bertan baxurako itsasontzi batean itsasoratzeko aukera izango dute. Hiru egunetan zehar (astelehenetik asteazkenera) arrantzaren sektorea barrutik ezagutzeko aukera paregabea izango dute, 9.00tik 13.00era, Iñaki Alberdi arrantzalearen eskutik, baxurako arrantzan eskarmentu handia duen profesionala.
Gaztetxoak benetako arrantzaleen gisara arituko dira, arrantza-tresnen funtzionamendua ikasiz, itsasontziaren atal desberdinak deskubrituz eta, noski, arrantzatuz. Hori bai, arrantzatzeko baimena eskuratzea gomendagarria da, harrapatutako arrainak etxera eraman nahi izanez gero.
Jarduerak uztaila eta abuztuan izango dira eta Kofradia Itsas Etxearen webgunearen bidez egin daiteke izen ematea.